2014/05/23

Unai Belaustegi
Anisakisa

Egunotan anisakis parasitoak hartu duen protagonismoa dela eta, arrantzale ohi bati zuzenean galdetu eta zutabea bere hitzekin betetzea erabaki dut:

«Intentzio txarrez zabaldutako mezua izan daitekeela uste dugu arrantzale askok. Eta hala ez bada, gaizki bideratu dute auzia. Euskal arrantzaleoi kalte ikaragarria eragin digu eta kaltea nahita arrain kontsumoaren ohiturak aldatzen saiatzen ari direnek eragin dutela esatea ez legoke sobera. Poliki-poliki, prestatu eta izoztua dagoen arraina sartzen ari gara etxeetara. Anisakisaren albisteak zentzu horretan oztopo bat gehiago jarri dio arrain freskoari. Arrainaren prezioa jaisten hasi da, eta, zeukan prezio baxua ikusita, arrantza munduarentzat kolpe latza izan da.

Euskal kostaldean oso jende gutxi gaixotu da arraina janda, baina, diotenez, gaixotzeko gero eta arrisku handiagoa dago. Dirudienez, itsas ekosistemaren parte den zomorro honi, itsasontziek egiten dituzten deskarte kopuru handiek mesede egiten diote. Portuan salduko ez dela aurreikusten den arrainaren zati handi bat uretara botatzen dute. Deskartatutako kopurua harrapatutakoaren %50era iristen da. Uretara botatzen den arraina, itsasoan usteltzen geratzen da eta horrek anisakisaren ugalketari mesede egiten dio.

Europar Batasunak arrantza politika berria aplikatuko du 2015etik aurrera, eta, ondorioz, itsasora botatzen den arrainaren kopurua legez gutxituko du, harrapatutakoaren %7ra mugatu arte. Itsasoari lotuta hartu behar diren erabaki askoren artean, hau bat baino ez da, baina agian anisakisaren auzia konpontzen lagun dezake. Hala ere, arraina ongi egiten bada, ez dago inolako arazorik».

Oraindik euskal kostaldean harrapatutako arrain freskoa jan dezakegula ospatzeko, soziedadean antxoa-jan eder bat egitea erabaki dugu arrantzaleak eta biok. Gonbidatuak zaudete! •