Iñaki Soto
Datorrena

«Hizketaberria» jomuga… edo Chomskyren gramatika

Mundua ulertzeko eta ondorioz, nahi izanez gero, aldatzeko, hizkuntza baliabide determinantea da. Adibidez, “mundu ordenu berria” deitzen zen horren ezarpenean, hizkuntzak paper garrantzitsua jokatu zuen. Alor honetan, XX. mendearen amaieran eta honen hasieran ezkertiarron kezka nagusietako bat “hizketaberria” deiturikoa zen, “1984” eleberri distopikoan George Orwellek salatutako hitzen esanahiaren aldaketa maltzurra, hain zuzen ere. Boteredunek hitzen esanahia aldatzen dute euren mesedetan, hitzen eta beraien erreferente errealen arteko zubiak hautsiz, jendearen baloreetan eraldaketa bat eraginez. Orwellen liburuan sistemaren leloa den “GERRA DA BAKEA, ASKATASUNA DA ESKLABOTZA, EZJAKINTASUNA DA INDARRA” honen adibide garbiena da. Beste artikulu ezagun batean idazle ingelesak honelaxe azaltzen zuen: «Azken batean, hizkuntzaren gainbeherak kausa politiko eta ekonomikoak ditu atzean», alegia, ez da idazle indibidualen ardura hutsa. Hitzen «erabilera maltzur eta kontzienteak» bereziki kezkatzen zuen Orwell. Eufemismoek, gaiari ez heltzeko joerak eta zehaztasunik ezak haserretzen zuten, idazlan politikoetan molde horiek «nahita iruzur egiteko» erabiltzen direla uste baitu.

Gertuko adibide bat jartzeko, Alderdi Popularra espainiar Gobernura heldu eta hilabete gutxira, Alberto Pradillak “Diccionario de neolengua para seguir los recortes de los viernes del PP” artikulua idatzi zuen GARAn (http://goo.gl/oeTh8y). Bertan Rajoyren Gobernuak murrizketak estaltzeko erabiltzen zituen ihesbide linguistikoak azaltzen zituen. Politikagintza modernoan “hizketaberria”-ren adibiderik larrienak gerra garaian sortu dira. “Esku-hartze humanitarioa” da, agian, estrategia horrek eman duen “sinonimorik” ankerrena. Hizkuntzaren erabilera ankerraren hurrengo urratsa baloreen manipulazioa izaten da. Ikuspuntu eta baliabide desberdinez bada ere, George Lakoff eta Susan George bezalako autoreek sakon aztertu dute auzia iparramerikar kultura politikoaren barruan, noizbait hemen aipatu dugunez.

Nolanahi ere, azkenaldian nire kezka beste bat da. Ez da boteredunen hizkuntzaren erabilera maltzurra, baizik eta hainbat ezkertiar kritikok hizkuntzari egiten dioten eraso bortitza. Ez naiz hizkuntza honetaz edo hartaz ari, baizik eta lengoaiaz, hitzen eta zeinuen bitartez pertsonen artean ulertzeko gaitasunaz edo, lausoki erabilita, Chomskyren gramatika sortzaileaz, nolabait esateko. Hitzei beste esanahi bat, are eta kontrako esanahia emateaz harago, jende batek gramatikari eraso egiten dio –“humanitarioki” bada ere, ergelkeria oso gizatiarra baita–, elkarrizketa ezinezko bihurtuz. Eskuindarren arrazoibideen kopia txarrak egiten ari garela iruditzen zait. Ez naiz hiperboleez ari, ezta kritika zorrotzaz ere, ezta diskrepantziaz ere, noski, baizik eta hizkuntzaren birrinketaz, kausa-efektuaren ezgaitzeaz, espazio eta denbora parametroak mehatxatzen dituzten baieztapenez. Balizko koherentzia baten izenean hizkuntza koherentzia, bat etortzea, galtzen ari da. Honi guztiari koldarkeria puntu tamalgarri bat gehitu behar zaio.

Ikastolako lezioak eta gramatika pixka bat

Infantilismoa mundu mailako joera dela esango nuke. Ezkertiarron kasuan, Leninek gogor salatu zuen joera hau, maila ideologikoan ordea, ez espezie mailan. Arazoa larria dela uste dut, eta, jakina, euskal herritarrok ez gaude honetatik salbu. Ikastolan irakatsitako oinarrizko lau gauzak ahazteko bidean gaudela sumatzen dut: urrezko araua deiturikoa («ez egin hurkoari zuri egitea nahi ez duzuna»), ez izan salatia, batzen eta kentzen ikasi, eta gramatika pixka bat. Hobeto edo okerrago, edozeinek bizitzan aurrera egin dezake lau parametro horietan oinarrituz. Ahalkegabekeria baztertzea (gaztelerazko “impertinencia” indartsuagoa eta doiagoa iruditzen zait, baina tira) ederra litzateke ere, baina akaso gehiegi eskatzea da.

Posdata.- Ez bilatu mezu zifratu edo pribaturik hemen. Ingurura begiratu eta zuk zeuk baloratu hau hala den. •