Amagoia Mujika
infraganti

Markos Gimeno

Palindromoa edo kapikua jolasa da, alde batera eta bestera berdin irakurtzen dena. Simetriaren estetika, ixten den zirkuluaren biribiltasuna, bidea bi aldeetara ibiltzearen dibertsioa... gauza oso bitxiak biltzen ditu gutxi batzuen zaletasuna pizten duen figurak. Markos Gimeno ermuarrak palindromo ariketen bere lehen liburua argitaratu berri du.

Markos Gimeno
Markos Gimeno

Palindromoa hitz edo espresio kapikua da, alde batera eta bestera berdin irakurtzen dena. Letrak edota zenbakiak, biak izan daitezke palindromo edo kapikua. Simetriaren estetika horrek muturreko erreakzioak sortzen ditu normalean: lilura edo asperdura.

Markos Gimeno ermuarra liluraren ertzean paratu zen duela ja urte zenbait; «1998. urtea zen. Ikasten ari nintzen arratsalde batean irratian entzun nuen palindromoen berri eta berehala hasi zitzaidan burua martxan». Hasieran gazteleraz abiatu zen, euskaraz jolas hori ezinezkoa edo, behintzat, oso zaila izango zelakoan. Gerora konturatu zen euskarak ere eskaintzen zizkiela letrei joateko eta etortzeko bidexkak. Eta harrapatuta geratu zen, alde batera eta bestera irakurtzen hasi zen eta bere buruan libre zeuden pentsamendu momentu askoren jabe egin ziren palindromoak.

Izan ere, zenbat kostatzen da palindromo bat egitea? «Batzuk berehala ateratzen dira, motzagoak edo xumeagoak direnak. Beste batzuk gehiago kostatzen dira. Palindromoak idaztea baino ‘konposatzea’ esaten diot nik horri». Batzuetan jarduna hasi eta bukatu erakoa izaten da. Beste askotan, berriz, prozesua zintzilik geratzen da, hasita baina bukatu gabe. «Zoragarria da bat-batean zirkulua ixten dela konturatzen zarenean, palindromoa osatzeko bidea ikusten duzunean», esan du Gimenok.

Ermuko palindromogileak Zerorajasoa.com bloga dauka martxan, eta hori da bere lanaren erakusleiho nagusia. Astelehenero ariketak proposatzen ditu bertan, bere baitan palindromoak ezkutatzen dituzten ariketak, eta blogera gerturatzen direnei proposatzen dizkie jolas modura. Horiei tiraka, oraintxe argitaratu du bere lehen palindromo ariketen liburua, “131” edo “Aza” izenekoa, izenburua bi modutara irakur baitaiteke.

«Hasieran 69 palindromo biltzea pentsatu nuen, zenbaki oso grafikoa eta palindromikoa delako. Gero eta gehiago nituenez, 96ra pasatzea erabaki nuen. Baina hori ere gutxitxo. Hurrengoa, 101. Eta hori ere motza geratu zitzaidan. Azkenean, serio samar maketatzen hasi zirenean, 131 izango zirela erabaki nuen», kontatu du izenburuari buruz.

Blogekoa paperera ekarria

«Blogetik paperera jauzia izan da. Lana blogean egiten dut. Astelehenero ariketa berri bat jartzen dut eta liburuan bilduma bat egin dut. 131 palindromo ariketa bildu ditut. Blogean gehiago daude eta astelehenero sartzen dut ariketa berri bat. Beraz, palindromo gehiago pilatzen segitzen dut», agertu du Markos Gimenok.

Eta, galdera, zergatik ez ditu palindromoak zuzenean ematen? Zergatik pistak jasotzen dituzten jolas eran? «Jendea harrapatzeko. Blogean ere gauza bera egiten dut, jendeari erronka bat jartzen diot, jolas horretan parte har dezan».

Gimenoren ustez, palindromo zerrenda luze batek, bere horretan, «ez dauka xarma handirik». «Ez nion graziarik ikusten palindromoak zerrenda batean emateari. Askoz nahiago nuen pista moduan ematea, jolas moduan. Izan ere, palindromoak neurrian kontsumitu behar dira, bestela aspertzeko arriskua baitago. Dosi txikietan eman behar dira. Horregatik, ariketek aukera ematen dute dosia kontrolatzeko eta jendeari parte hartzeko modua eskaintzeko».

Palindromoaren jatorrian, hasieran, beti dago hitz bat. «Hitz bat irakurtzen dudanean automatikoki buelta ematen diot, eta eskaintzen dituen aukerak ikusten ditut. Eta hitz horretatik abiatzen naiz. Nire palindromoen zerrenda propioa daukat. Batzuk bukatuta daude, besteak bukatu gabe, tartean badira hitz solteak... Gertatzen da, askotan, bat-batean aspaldian zintzilik zenuen palindromo batekin akordatu eta di-da bukatzen duzula. Baina egia da zaletasun bitxi horrek harrapatu egiten zaituela eta bat bukatu orduko hurrengoan jartzen duzula burua». Palindromo ariketak egiten dituztenek ere aitortzen dute harrapatzen duen zaletasuna dela.

Simetrikoak dira, perfektuak, zirkulu itxi bat, «eta eternoak». «Palindromoak denboran irauten du. Bat konposatzen duzuenean badakizu hor geratuko dela, betiko, beti izango delako simetrikoa», esan du Gimenok. Palindromogileak ez ezik, irakurleak ixten du zirkulua, «akaso niretzat edo zuretzat ezer esan nahi ez duen palindromoak esanahi zehatza hartzen du beste irakurle baten begietan. Magia hori badauka».

Bitxiak dira palindromoak edo kapikuak, eta ez dira jende askorengana iristen. Hartara, pentsatzekoa da ez dela lan samurra palindromo ariketen liburu bat argitaratzea. «Erabat nire gustura egin dut liburua. Diseinatzaile grafikoa naiz eta neronek egin ditut maketazioa eta diseinua. Gero, noski, arazoa zen dirua lortzea liburua inprimatzeko. Crowfounding kanpaina bat egin nuen eta oso ondo joan zen. Lagunen eta senideen sarea zabaldu eta berehala lortu nuen helburua. Nik egin dut dena eta orain liburua esku artean dudala arazoa da nola iritsi liburu dendetara. Lan horretan ari naiz orain».

Hasiera batean liburua eskuratzeko interesa duenak Markos Gimenorengana jo dezake zuzenean. Hauxe, bere helbidea: markus@zerorajasoa.com.

Aipatutako argitalpena Markos Gimenoren lehen liburua da, baina, aldi berean, euskarazko palindromo ariketen lehen liburua ere bada, gure hizkuntzan ez baitago palindromoen tradizio handiegirik. «Kristo aurreko hirugarren mendetik ezagutzen dira palindromoak, baita grekoz eta latinez ere. Eta hizkuntza guztietan daude. Egia da euskarazko tradizioa akaso isilenetakoa edo umilenetakoa dela. Gazteleraz, esaterako, tradizio handiagoa dago. Latinoamerikan argitaratzen dira palindromo liburuak eta Mexikon, esaterako, bada palindromoentzako sail berezi bat daukan argitalpena. Katalanez ere dezenteko tradizioa dago. Izatez, Palindromisten Nazioarteko Kluba ere badago; Katalunian sortu zen eta bazkide gehienak kataluniarrak dira». Klub horretan Euskal Herriko hiru bazkide daude, tartean Gimeno bera.

Euskarazko palindromoen lehen erreferentzia 1923. urtekoa da. «Kirikiño idazleak ‘Euskadi’ egunkarian lehiaketa bat egin zuen euskarazko palindromorik luzeena topatzeko. Artean ez zegoen euskara baturik, gramatika ez zegoen arautua eta bakoitzak nahi zuen moduan idazten zuen. Horregatik orduko palindromoak nahiko nahasiak dira eta asko ez dira ulertu ere egiten. Pentsa, Kirikiñok berak gaztelerara itzuli zituen palindromo horietako batzuk ulertzeko modukoak izan zitezen».

Izan ere, zer baldintza bete behar ditu palindromo on batek? «Lehenik eta behin, noski, egitura simetrikoa izatea. Hortik aurrera, gramatikalki zuzena izatea eta esanahia edo mezua jasotzea. Grazia izatea, hitzen aberastasuna eta halakoak asko handitzen dute palindromoaren balioa», esan du Gimenok. Azken urteotan Arrasateko AED elkarteak antolatzen duen euskarazko palindromo lehiaketako epaile lanetan jarduten du.

«Nire ustez simetria betetzeaz gain, mezu ahalik eta naturalena eman behar du, ulergarria eta ahalik zuzenena. Gero, bakoitzak bere estiloa dauka. Ni, adibidez, umoretik joaten saiatzen naiz». Hortik aurrera, primerakoa litzateke palindromo bakoitzak bere egilearen nortasuna jasoko balu. «Palindromisten Nazioarteko Klubean asko defendatzen da autore lana. Behin ariketa bat egin zuten klubaren bazkideen artean: palindromo sorta bat jarri zuten eta ale bakoitza zein autorerena zen asmatu beharra zegoen. Batzuk erraz sumatzen ziren, bakoitzak badaukalako bere estiloa».

Dario Lancini palindromogilea

Gutxi batzuen zaletasun bitxia da palindromoena. Horregatik ez da erraza erreferentziak eta ereduak aipatzea. «Palindromoen munduan askok nabarmentzen dute Dario Lancini argentinarra. Palindromo liburu oso on bat daukala nabarmentzen da beti, ‘Oir a Dario’ izenekoa. Poema palindromikoen liburu bat da. Oso onak dira, oso naturalak. Baina oso zaila da liburua eskuratzea. Ni liburuaren atzetik nabil baina ezin lortu, nonbait biderik errazena Venezuelara joan eta bertan erostea da, pentsa!», kontatu du Gimenok.

Naturaltasuna aipatzen du behin eta berriz, palindromo ona ez baita lehen begiratuan agertzen. «Oso ona bada, lehendabizi mezua ikusten du irakurleak, esanahia. Eta palindromoa dela konturatzean liluratu egiten da, harritu, magia sortzen da». Markos Gimenok badu palindromo bat oso maitea, hasiera samarrean eta erraz sortu zitzaiolako akaso: «Esanik erruz egi bat eta bi gezurrekin ase». Gauza guztiek daukatelako beste buelta bat. •