Xole Aramendi
infraganti

Jokin Lizeaga

Azken egunak bereziak izan dira Jokin Lizeagarentzat. Aurtengo Zegama-Aizkorri lasterketa errusiar mendi baten parekoa izan da beretzat. Oraintxe goian, oraintxe behean. Euskal lasterkarien artean marka onena egitearen poza gailentzen zaio orain. Baina ordu batzuk lehenago bere etorkizunaren gainean laino beltzak besterik ez zituen ikusi.

Jokin Lizeaga
Jokin Lizeaga

Egunak eta orduak pasa ahala lasaitasuna berreskuratzen joan da Jokin Lizeaga (Urnieta, 1979). Irribarrea ere berreskuratu du, baina aurtengo Zegama-Aizkorri lasterketa ez du berehalakoan ahaztuko. «Ondo entrenatuta nengoen, banekien sasoian nengoela. Bezperan, arratsaldeko zortzietan, koskor bat aurkitu nuen izter txokoan, ganglioan. Urduritasun puntua sortu zitzaidan. ‘Infekzioren bat’, pentsatu nuen. Gurasoen etxera joan nintzen. Aitari izter ondoko herniako ebakuntza egin zioten duela urte batzuk. Zalantza horrekin joan nintzen. Aitari erakutsi eta berak esan zidan barrabiletan beste koskor bat neukala. Hiru nituen. Orduan bai, hitzik gabe geratu nintzen... Tumoreren bat izan zitekeela pentsatu nuen. Urgentziatara abiatu nintzen berehala. Antolatzaileei abisatu nien seguruena hurrengo egunean ez nintzela azalduko», gogoratu du.

Erietxean zain egin zituen hiruzpalau ordu haietan denetarik pasa zitzaion burutik. Medikuak berehala lasaitu zuen: izter ondoko hernia zen.  Sendagileak kontrakoa gomendatu arren, garbi zuen: Zegaman izango zen. «Ez nekien Ortzauten bertan geratuko ote nintzen berriz ere hestea atera zitzaidalako baina... Ordubete bada, horixe gozatuko dut, pentsatu nuen. Hasieran eskua izter txokora eramaten nuen baina gero ahaztu eta karrera normal egin nuen. Ondo korritu nuen, ez nuen azkarrago hori egingo gertatu izan ez balitzait», kontatu du Lizeagak. Datorren astean egingo diote ebakuntza.

Mendi lasterketaren lehen kilometroetan sortzen den giroa ez zuen galdu nahi. «Berezia da, polita. Milaka kirolzale, mendizale, euskaltzale joaten dira. Horrek egiten du berezia. Ibilbidea oso polita da, aurkariak munduko onenak dira, Munduko Txapelketa da, baina jendearen animoak egiten du berezi. Pasaera batzuk daude oso hunkigarriak direnak. Pertsona normal izatetik hainbeste jendek animatzera pasatzen zara. Eta zu protagonista sentitzeak bizipen berezia sortzen du. Gu kalean ez gaitu inork gelditzen eta han ehunka pertsonak zure izena oihukatzen dute. Ni ez naiz ezer, azkar korritzen dudala, besterik ez», argitu du.

Irteera eta iritsiera izan ziren okerrenak. Emozioei ezin eutsi. «Irteeran negarrez aritu nintzen. Polita izan beharrean gogorra egin zitzaidan. Bukaeran ere kazetariek gertatutakoa gogoratu zidatenean berriz ere hondoratu egin nintzen... Ez nuen gozatu».

Hasi eta buka, 3 ordu, 59 minutu eta 21 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko. Inoizko markarik onena egin izanagatik helmuga zeharkatu ondorengo orduak ez ziren samurrak izan. «Gizakiak zer gutxi garen pentsatu nuen», dio.

Zerua eta amildegia. Biak oso distantzia gutxira bizi izan zituen. «Hamar ordu lehenago negarrez ari nintzen pentsatuz desastre batean murgiltzen ari nintzela. Bi emozioen nahasketak dezente sufriarazi zidan».

Ondorengo egunetan bai, egindakoari bere balioa eman dio. «Egindakoarekin pozik nago, lortu dudana ez delako erraza. Euskaldunen artean orain artean inork ez zuen lortua lau orduen azpitik egitea», nabarmendu du.

Ezin ahaztu euskal emakumeek aurten lortutako emaitzak. «Euskal Herriko emakume lasterkarien kopurua igotzen ari da eta haien errendimendua oso goian dago mundu mailan».

Aurten bosgarren aldiz zeharkatu du Zegama-Aizkorriko helmuga. «Lau karrera oso ondo egin ditut. Guztietan disfrutatu dut antzera, nahiz bosgarrenean bero izugarria egin zuen eta ez nuen denbora ona egin».

Azken hiru urteetan bosgarren, seigarren eta zortzigarren egin du. Urtetik urtera denbora hobetzen joan arren emaitzak txarragoak izan dira, dagoen lehia estuaren seinale.

Beste txapelketa batzuetan ez bezala, Zegama-Aizkorrikoa bere buruaren aurkako lehia da. «Argi dut irabaztea ezinezkoa zaidala. Irabaztera joateak suposatuko lidake emaitza okerragoa izatea eta nire markaren bila joaten naiz. Urtero hobetzeak nahiko poztasun ematen dit».

Korrika egitea gozamenari lotuta dago urnietarrarentzat. «Une txarrak oso gutxi bizi izan ditut. Saiatzen naiz ahalik eta hobekien prestatzen baina bi ateak  ditut irekita: ondo edo gaizki egitea».

Aizkorrin hodeietan dabilen “jainko txikia’’ sentitu ondoren ez du arazorik izaten lurrera jaisteko. «Badakit hurrengo egunean lanera joan behar dudala», esan du.

Gorpuzkera pribilegiatua du Lizeagak. «Genetika kontua da. Ni baino gehiago prestatzen direnak milaka izango dira eta ez dute Zegaman lehen euskaldunak izatea lortzen», dio.

Txikitatik gustatu zaio kirola egitea. «Agian ondo moldatzen nintzelako. Aldiz, dantza edo musika ez ditut landu dohainik ez dudalako [barreak]».

Bizikleta gainean eman zituen gaztaroko urteak, 20 urte bete arte. Ondoren  6-7 urtez batere kirol jarduerarik egin gabe egon zen.

Lanbidez Gorputz Hezkuntzako irakaslea da Nafarroan. Bigarren Hezkuntzan aritzen da. Lanetik itzultzean –«egunero bi ordu egiten ditut autoan», dio–   herri inguruan, Onddi eta Adarra mendietara jotzen du entrenamenduak egitera. Ez da saio gogorrak egitearen zale. Tamaina hartua dio. Bere burua gehiegi estutu gabe, gorputz pribilegiatuari esker bere markak hobetzea lortzen du. «Prestatzaile fisikoa naiz; ez naiz batere metodikoa, eredu baten barruan nahiko anarkikoa naiz. Urteko asterik kargatuena 10-12 ordukoa izaten dut. Ez dut gustukoa gehiegi entrenatzea. Esfortzu handia suposatzen dit, batez ere buruari dagokionean, astean hiru egunetik gora entrenatzea», argitu du.

Tarteka kale egiten uzten dio bere buruari. «Gero emaitza nahiko onak ematen dizkit. Bizimodu normala egiten dut. Haurrekin ez egotea –3 urteko Lide alaba eta 3 hilabeteko Negu semea–, lagunekin ez egotea edo baserriko lanak uztea nahiko gogorra egiten zait», dio.

Lizartzan dauka baserri-borda. Txirrindularitza utzi ondorengo urte haietan hantxe eman zituen, hura konpontzen, ordurik gehienak. «Zaldia eta astoa dauzkat eta gustatzen zait han egotea, nahiz aurten apenas izan dudan astirik».

Lasterkaria baino, mendizalea

Korrikalari baino gehiago mendizaletzat du bere burua. Ez du ez entrenatzailerik, ez psikologorik, ez dieta berezirik. Ezta beharrik ere. «Txirrindularitzan bai, izan nuen entrenatzailea eta horrek lagundu dit ikusten obsesio bihur daitezkeela dieta, psikologoa... Kirola gorrotatzera eraman zaitzake. Lehen bizi izan dut hori txirrindularitzan eta orain gozatu egin nahi dut».  

Nekeari edo sufritzeari ez dio beldurrik. «Duela hamabost urte erotzat hartuko zen mendian korrika egitea. Zer esanik ez Euskal Herrian, beti zahatoa hartuta igo izan garelako. Mendira igoz baino bertan egonez gozatu izan dugu. Eta orain korrika egiteak ematen duen gozamenera pasa gara. Lehian ari garenean ez hainbeste, baina momentu askotan disfruta dezakegu basoaz edo bakardadeaz mendian».

Korrikak badu beste zerbait. «Aizkorritik Zegamara ordu erdian jaisteko ahalmena dugu. Adarrako puntan egon eta ‘hogeita hamar minututan etxean nago’ esatea. Oinez joateak ez dizu gaitasun edo baliabide hori ematen», esan du.

Kirola aparretan

Mendi lasterketek boom handia bizi izan dute urte gutxian. Aparretan dago. Hedabideak, babesleak, markak... ari dira sartzen. Kirolaren eta kirolarien onerako izango den galdetuta, Lizeagak garbi dio: «Kalterako izango da. Diruak eragozpen gehiago sortzen ditu mesedeak baino. Denek heldu nahiko diote gazta zati berari eta agian obsesio bihur daiteke diru etekin bihurtzeko bide ikusten dugun heinean. Gehiegi entrenatuko gara, gehiegi zainduko gara eta horrek dopinera eramango du. Dezepzioak ere handiak izan daitezke. Adibidez, nire bizimodu bihurtu eta denboraldi erdian lesionatuko banintz etekin ekonomikoak ere erdira murriztuz, estutasun ekonomiko handia jasango nuke honetaz bizi beharko banu», adierazi du.

Hainbeste lasterkari zapatilak oinetan jantzi eta aldapan gora abiatzearen atzean dauden arrazoiez aritu gara. «Zergatik ateratzen da hainbeste jende Behobia edo Quebrantahuesos bezalako probetan? Bakarkako kirolak eta esfortzuarekin harremana dutenak izugarri ari dira igotzen. Ekonomia gaizki doa, denbora asko dugu libre –lanorduak gutxitu direlako, langabezia... – eta zerbaitetan gustura sentitzeko beharra dugu, zeozer garela sentitu. Lehen diru asko irabazteak eta kontsumoak betetzen gintuen, boteretsu sentiarazten gintuen; orain, berriz, arlo horretan gabeziak ditugunez, agian kirol indibidualean bilatu dugu azkarragoak izatea», nabarmendu du korrikalariak.

Lizeagarentzat ezinbestekoa da galtzen jakitea. «Hori ikasten ez duzun bitartean arerioak etsai bihur daitezke», dio. Berak aspaldi ikasi zuen. «Txirrindularitzan ia beti galtzaile zara. Izan ere, bakarrak irabazten du eta bigarrena galtzaile kontsidera daiteke. Horrek narama, agian, Zegaman zortzigarren eginda galtzaile ez sentitzera. Oso gutxitan haserretzen naiz nire buruarekin edo arerioarekin konpetizioagatik», kontatu du.

Bizikleta gainean bai, baina lasterka ez du profesionaltasunaren bidea bilatu. «Ez dut inoiz planteatu korrikalari profesional izatea, baina ez dut uste izango nintzatekeenik. Diru eskaintza oso handia izan arren, ez dela izango, orain oso ondo bizi naiz. Gustuko lana dut, familia dut, zorionez zaletasunak betetzeko adina diru badaukat, ia ez dut ezer gehiago behar. Profesionaltasunak dituen eragozpenak ez bizitzeak lasaitasuna ematen dit. Ez dakit ezagutuko dudan, eta, aukera izanda ere, nik uste ez nukeela bizitza aldaketa bat egingo», aitortu du.

Bitartean bere buruari erronkak jarri eta haiek betetzen jarraituko du. Aita Martinek ere gauza bera egiten zuen, eta, agian oharkabean izan bada ere,  berarengandik jaso du zaletasuna. «Aita mendizalea da. Korrika ibiltzen zen mendian eta bere buruari erronkak jartzen zizkion», esan du. Aitak semea zirikatu nahi izaten du garai bateko markekin erronka joz. «Nik erraz hausten dizkiot». Semeak hala dio. Aitari galdetu behar. •