Unai Belaustegi

Erreferenduma?

Oraintsu Juan Carlos Borboikoak abdikatu egin du, eta Estatuan monarkiaren aurkako oihuak hasi eta hazi egin dira. Erregeak bere semearen mesedetan tronuari uko egin eta berehala, errepublikaren aldeko aldarriak ugaritu dira leku askotan. Errepublika eskaerekin batera, aldarrikapen demokratikoak azaleratu dira. Jendea kalera atera da, estatu egitura bezala monarkia edo errepublika nahi dugun erabaki behar dugula eskatzeko. Halako aldarriak ongi iruditzen zaizkit, finean, jendeak dituen kezkak adierazteko balio dutelako. Baina ikuspuntu politiko-filosofikotik begiratuta, errepublika edo monarkia erreferendumak zentzurik ez duela esatera ausartzen naiz.

Ez dakit munduaren historia luze-zabalean sekula errege bat erreferendum bidez aukeratua izan den. Ezetzean nago. Erregea bada, menpekoak daude, eta beraz, demokraziak eskatzen duen herriaren edota guztiak berdinak izatearen ideia jokoz kanpo geratzen da, erregea ez baita herritar bat gehiago. Beste eskubide batzuk ditu, immunitate osoa du, armadaren buruzagi nagusia da (errege izendatu aurretik armadaren buru izendatu dute Felipe VI.a), eta, hori gutxi balitz, bere lekua bere semeak (edo alabak) jasotzen du, oinordekotza sistemaren bidez. Erregeei koroa gerrek eta Jainkoak jarri izan dizkiote beti, sekula ez hiritarrek.

Beraz, galdera erraza da: monarkia bera sistema demokratikoa ez bada, nola da posible demokraziaren adierarik nagusiena den erreferendumak demokratikoa ez den eredu bat bermatzea? Azalpen logikorik ba al da hori azaltzeko?

Suposatzen dut Estatuko selekzioak Brasilen irabaziko balu, agian zentzu gehiago izango lukeela guztiak eta Rajoy lasaiago egongo litzatekeela, baina, oraingoan, zirkuak ez du herriaren gosea aseko. Eta erreferendumik ez da egongo, «eskerrik asko» dioen errege berria baitugu. •