Koldo Sagasti

Noa? Ni ez noa!

Uztailaren 16an, Gasteizko Jazzaldian, Noaren kontzertua dago. Azken urteotan abeslaria Israelen aurkako boikot kanpainaren jomugan kokatu da erregimen sionistarekin duen loturagatik. Bere ibilbidea ezagutzen ez duen askori zaila suerta dakioke bere aurkako deialdia ulertzea. Baina, pixka bat miatuz gero, ez da zaila Israelgo enbaxadorearen benetako asmoak agerian uztea. Gauza jakina da Israelek artistak baliatzen dituela nazioarte mailan bere apartheid politikak zuritzeko, are gehiago armadak Gazako zerrendan burututako sarraskien ostean Estatu sionistaren irudia kolokan gelditzen denean nazioartean.


Noak ederki jokatu du Israelgo itxura zuritzeko estrategia. Bakezale irudia arrakastaz antzeztu badu ere, behin baino gehiagotan katamaloa erantzi eta Israelgo armadaren ekintza bortitzenak babestu ditu. 2009an, “Berun Urtua” operazio militarraren harira, Noak gutun irekia helarazi zion Gazako herriari. Erasoa defendatu eta Hamasi leporatzen zion armadak burututako sarraskiaren erantzukizuna: «Opa dizuedan gauza bakarra da Israelek egin beharreko lana egin dezala eta minbizi, birus, fanatismo izeneko munstro horretatik libra zaitzatela, Hamasetik, alegia». Ahaztu zitzaion aipatzea Israelek ezarritako blokeoaren ondorioz Gazak pairatzen duen larrialdi humanitarioa.


Noaren kontzertuaren atzean Israelgo irudia normalizatzeko estrategia dago eta hori salatzeko zenbait ekimen jarri dira martxan Gasteizen. Kultura arloko eragileek gutun irekia helarazi diote Noari giza eskubideen aldeko jarrera argi bat har dezan eskatzeko; Jazzaharrean, Alde Zaharreko jazzaldi alternatiboko antolatzaileek ere bat egin dute boikot deialdiarekin. Noa, Israelgo apartheid erregimenaren aurpegi jatorra da, eta Gasteizen ez dugu apartheid-aren erritmoan dantzatu nahi. •