Ramon Sola

Udazkenean begi bat jarrita

Ekaina badoa, oporraldiak berehala jaitsiko dio pertsiana ikasturte politikoari. Gero eta luzeagoa izaten den udako motelaldiak den-dena estali baino lehenago, udazkenaren itxurari begiradatxoa botatzea komeni da. Are gehiago udaberriko azkeneko asteek aldaketa ugari ekarri dituztenean. Izan da berririk Euskal Herrian:erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate ikusgarria, indar harreman berria egonkortu duten Europako hauteskundeetako emaitzak, 40 euskal gazteen absoluzioa (eta Auzitegi Nazionalaren epai aski adierazgarria), Sare mugimenduaren sorrera, Baionako manifestazioan konponbidearen alde islaturiko indar metaketa ikaragarria, Estatuak eragindako biktimek Estatuaren oztopoen aurka egindako salaketa ozena...

Eta oraindik berri gehiago –edo ustekabeagoak– Estatu espainolean: PP zein PSOEren gainbeheraren lehendabiziko zantzuak, benetako ezker eraldatzaile baten bistaratzea, erregearen abdikazioa 39 urteren ondoren, honen alabaren auziperatzea, Konstituzioa berritzearen aldeko iritziak, estreinakoz makroprozesu politikoen aurka azaldutako ahotsak...

Izua beste aldera pasako zela iragartzen zuen hainbatek duela urtebete inguru. Urduritasuna behintzat, espaloiz aldatu da. Motel-motel aurrera egiten ari dira euskal aldarrikapenak, itxuraz lasaitasunez eta konfiantzaz, oinarri sendoak bilatuz, bai burujabetzaren arloan bai eta bake prozesuari dagokionean ere. Azkarrago mugitzen ari da lurra Espainia aldean, astindu bortitzez, ezkutukeriaz eta aginkeriaz, kontrol handirik gabeko egoera islatuz. Baina horrek ez du esan nahi aldaketok ez hankarik ez bururik ez dutenik, presaka dabiltzala baizik.

Abdikazioa ez da neurri bakartua, ez luke zentzu handirik. Bistan da ustezko «erreforma agenda» baten barruan kokatzen ari direla erreleboa, aspaldiko esaera ezagunari kasu eginez:zerbait (edo dena, bertsioen arabera, ikusiko noraino!) aldatu behar da, den-denak berdin jarrai dezan. Hainbat datu eta indizio daude. Hasteko, PSOEren buruzagitza itxura aldatuta agertuko zaigu aste gutxiren bueltan. Bitartean, berpiztu dira Estatuko hauteskundeak urtebete aurreratu eta hurrengo udazken-neguan egingo direla dioten zurrumurruak, PP zein PSOEren desgaste handiagoa ekiditeko asmoz. Bide batez, Kataluniarako amua ere bihur daiteke, azaroaren 9an iragarritako galdeketa izozkailuan sar dadin:«Itxoin ezazue, ateren bat ireki daiteke». Amua irenstea askoz errazago litzateke aurrera egiteko presa handirik agertzen ez duen Lakuako Gobernuarentzat zein Sabin Etxearentzat. Eta gero? Felipe Gonzalezek dagoeneko mahai gainean jarri du «koalizio handia» egitearen aukera. Bigarren trantsizioa garatzeko bermea izan liteke, nolabait lehenengoan asmatu zuten «kontsentsua» (maila murritzagoan) berrituz. Oztopoak oztopo eta arriskuak arrisku, Konstituzioari aurpegia garbitu eta sistema osoaren reset handi bat abiatzeko zutabea izango litzateke, bipartidismoak sendotasuna berreskuratuko balu.

Politika-fikzio hutsa izan daiteke hau... edo ez. Astiro-astiro eta norabide egokian aurrera doan herri hau ez luke inolaz ere bidetik aterako, baina Estatuak lema berrartu eta iniziatiba berreskura lezake. Are gehiago Euskal Herriko «koalizio handia» oraindik sumatzen ez denean. Duela juxtu urtebete jendaurrean antzeztu ziren EAJ eta Sorturen arteko elkarrizketek ez dute ez jarraipenik izan ez akordiorik ekarri, eta, metaketa, izatekotan, azpitik gertatu da, kalean; goitik, 2015eko hauteskunde talkaren lehen orroak nagusitzen zaizkigu. Xibertarik ere ez da antzematen, Espainia aldean trantsizio berria iragartzen den honetan. Gauza seguru bakarra, hauxe:udaren ondoren udazkena datorrela. •