Josu Imanol Unanue

EAJren oreka

Badaude beti erdian agertu nahi dutenak, euren burua “zentroan” kokatzen dutenak nahiz eta eskuinekoak izan. Beti herriaren alde daudela diotenak, definitu gabe zein herri den hori edo zelako herria gura duten, zer den Euzkadi, Euskal Herria, Bizkaia. Badaude abertzaleak izan eta Estatutua soilik defendatzen dutenak ia beti, independentzia egun konkretuetan, hauteskundeetan, baina bizitza osoa erkidegoak, autogobernua definitzen pasatuko dutenak. Badaude euren burua gestore on gisa aurkeztu eta proiektu bideraezinetara diru mordo bat bideratzen dutenak. Badaude, azken finean, betidanik ondo definituta izanagatik herriaren aurrean beste oreka bat mantendu nahi dutenak, definitu barik euren helburuak zeintzuk diren, hemen batzuk, Madrilen beste batzuk.

Giza eskubideen alde daudela esan baina sakabanaketa bultzatu zuten, euskararen alde baina UEMAren aurka, frankismoaren aurka agertu eta gure herrian aurkeztutako mozioren aurka bozkatu... Orain, bakegintzari egindako azken “ekarpena”: preso daudenei euren egoerak hobera ez egitearen ardura egotzi. Hau da, erruduna kaltetuen artean bilatu. Eta pozik, PPren mesedetan.

Zentrokoak baina UPyD eta Ciudadans alderdiekin Europan, erabakitzeko eskubidearen alde baina aurka daudenekin eskuz esku, zentroan baina eskuinekoekin, birziklatzearen edo sastar batze arduratsuaren alde baina zabor poltsak jarrita balkoietan. Behartsuenen alde baina denontzako pareko zergak defendatzen, euskararen alde baina komunikabide erdal elebakarrei laguntzen. Zaila benetan oreka mantentzea, beltza dena zuria dela esatea. Mezuak nonahi aldatzen doaz, modulatzen; itsasontziak brankaz ondo joateko ez du dunbadarik behar. Liluratzeko behar den doinua asmatzeko, denbora gutxi. •