Isidro Esnaola

Itxura egitea

Adituek diote krisitik ateratzen ari garela. Hala ere, baieztapen hori frogatzeko ez dute datu askorik ematen. Eta erabiltzen dituzten datuak ez dira esanguratsuak. Horrela, burtsaren igoera aipatzen dute, arrisku primaren jaitsiera edota finantza eremuko zenbait adierazle ekartzen dituzte gogora. Langabeziaren gaineko datuez ere baliatzen dira, baina horiek ere ez dute ezer erakusten, migrazioaren gorabeherak eta sasoiko aldaketak albo batera uzten baditugu.

Beste adierazle batzuek, aldiz, kontrakoa erakusten dute, hau da, egoera ekonomikoak ez duela hobera egiten. Prezio igoerarik ez dago, eta dagoenean, oso apala da. Prezio hazkunderik gabe, zorraren zama ez da arintzen; zorraren tamaina oso handia denez, kontsumo eta inbertsio berriak ez dira askorik mugitu. Zor horren parte handi bat bueltatzen ez den bitartean, ekonomiaren bilakaerak baldintzatuta jarraituko du. Horrela, aurtengo lehenengo hilabeteetan hazkunde ekonomiko txiki bat egon den arren, familien errentek ez dute gora egin.

Egoera ekonomiko kaxkarraren eta etorkizun eskasaren adierazle dira azken astean ezagututako bi enpresa esanguratsuren krisiak: alde batetik, Portugaleko Espirito Santo taldea, eta, bestetik, Estatu espainoleko Gowex enpresa. Biak ala biak beraien benetako egoera ekonomikoa ezkutatzen saiatu dira. Horretarako ez dira oso originalak izan eta kontuak faltsutzen jardun dute. Horrekin batera, salmenta falta eta diru mugimendu eza finantza operazioekin estaltzen saiatu dira. Alor horretan, behintzat, gauza berririk ez. Bai, ordea, testuinguru ekonomikoari buruz uzten duten sentsazioan: oraindik, gauzak ez daude batere ondo.

Dena den, horrelako huts egiteek gogoeta batzuk bultzatzen dituzte. Burbuila finantzarioa lehertu zenean, konturatu ginen sistemaren funtzionamendua gainbegiratzeko ardura duten instituzioek ez zutela beraien zeregina ondo bete. Are gehiago, enpresa eta finantza aktiboen balorazio independenteak egiteko espresuki sortutako agentziak ez ziren “independenteak”, harreman estuak zituzten beraien bezeroekin; gainera, enpresa horiek praktikan balorazioen merkatua kontrolatzen zuten. Ondoren, antzeko praktika kaxkarrak agertu dira kontu-ikuskaritzak egiten dituzten enpresen aldetik ere, hau da, kontuak ondo eginak daudela ziurtatzen duten enpresen aldetik. Badirudi edozein kontabilitate ontzat ematen dutela. Bi enpresa horien kasuan ere, kontu-ikuskaritzako enpresek egindako lana zein izan den ikusteke dago. Argi dago ikuskapen, balorazio eta ikuskaritza sistemak ez duela funtzionatzen, diruak agintzen baitu.

Edozein kasutan, egoera horiekin lotuta badago beste gogoeta bat ere. Enpresa horien ibilbidean, momentu batean, zuzendaritza organoetan sumatzen da negozioa ez doala joan beharko lukeen moduan. Horretaz jabeturik, arduradunek bi aukera dituzte: alde batetik, gelditzea eta hausnartzea zer ari diren gaizki egiten, zer ari den huts egiten, eta, bestetik, aurrera egitea ezer gertatuko ez balitz bezala. Argi dago lehen aukerak indarra eskatzen duela. Zerbait ondo ez doala onartzeak tentsioa eta kritikak ekar ditzake eta horiei guztiei aurre egiteko argitasuna eta energia behar da zuzendaritzaren aldetik. Lidergoa ezinbestekoa da zulotik ateratzeko.

Bigarren aukerak errazagoa dela ematen du. Itxura egin eta aurrera jarraitu besterik ez du eskatzen. Etorkizunak konponbidea ekarriko duela da jarrera horren esperantza bakarra. Jarrera horrek kanpoko tentsioak eta kritikak ekidin egiten ditu, baina horien ordez barneko tentsioak eta larritasun egoerak ekartzen ditu. Esaera zaharrak dioen moduan, gezurrak hanka motza du. Zuzendariek erne ibili behar dute hanka ez sartzeko eta pastela agerian ez uzteko. Epe luzera begira arazoak saihestea arazoei aurre egitea baino zailagoa izan arren, askok nahiago izaten dute itxura egitea ezagunak diren ondorioekin. Ez dakit hori alferkeriaren emaitza ote den edo gure gizartean epe motza neurriz kanpo baloratuta egotearen ondorioa. •