Unai Fernandez de Betoño

Egoitza kuantifikazio urgenteaz

Ilustrazioa: UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO
Ilustrazioa: UNAI FERNANDEZ DE BETOÑO

Arauren bat urgentziaz tramitatu behar dela entzuten dugun bakoitzean eskuak poltsikora eramaten ditugu, diru zorroa lapurtu behar digutelakoan. Bizirik irauteko sena da. Uda honetan arinki izapidetzen ari den azken hirigintza araua EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroen (LAG) egoitza kuantifikazioarena dugu. 2014ko ekainaren 4an hasierako onespena eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta, orain, alegazioak aurkezteko epea dago irailaren 30 arte.

Egoitza kuantifikazioarena ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. EAEko udalerriek datozen zortzi bat urteetan edukiko duten etxebizitza hazkundea zehaztuko da ditxosozko kuantifikazioaren bidez. Zenbat etxe berri eraikiko diren, alegia. Bada kontu “hutsal” hori azkarrago arautu ahal izateko, «aldaketa ez-funtsezkotzat» jo du EAJk, auskalo zergatik. Gainera, LAG osoak aldatu ordez, kuantifikazioa soilik erauzi eta arautu du.

LAGetako gainerako kontu kontzeptualagoak «polikiago eta partaidetza prozesu zabala irekiz» arautuko omen dira, aurrerago. Hau da: filosofia ez loteslea, patxadaz eta denon partaidetzarekin; diru etekina ematen duena eta sekulako eragin sozioekonomikoa duena, premiaz eta parte hartzerik gabe. Oso logikoa. Eta argigarria: azpimarratuta gelditu baita LAGetatik axola zuen gauza bakarra egoitza kuantifikazioa zela.

PSEk aurreko legegintzaldian burututako LAGen aldaketaren hasierako onespena (ia 300 alegazio jaso zituena) alde batera uzten duen aldaketa berri honek familia tamainaren murrizketa jotzen du argudio nagusi etxe gehiago eraikitzen jarraitzeko (1981ean etxe bakoitzeko 3,73 pertsona zeuden, eta, 2011n, 2,53), azken 30 urteetan EAEko biztanleria nahiko egonkor mantendu dela onartu arren. Gainera, familia murrizketaren joera hori 2006-2011 tartean frenatu dela aitortzen du, baina azken hiru urteak (zeinetan krisiaren gorrienak familia ugari batarazi dituen) ez ditu kontuan hartu. Oraingo aldaketaren ikuspegia 1997ko LAGena baino moderatuagoa izanagatik, ez da serioa krisialdi latzaren eragin soziofamiliarrak aintzat ez hartzea, azken urteotako eraikuntza alorreko balaztada izugarriak datorren hamarkadarako etxebizitza kopuruaren eskariarekin zerikusi zuzena duelako.

 

Bitxia da etxe hutsen gizarte dramaren aurrean hartutako jarrera kontraesankorra, halaber. Gertakaria kontuan hartzen da, baina gehiegi txikiagotuz: EAEko etxe hutsen batez bestekoa guztien %8 izan arren (INE), %2ra jaits daiteke proposatutako kuantifikazio formula berria aplikatzeko orduan. Eta, jakina, ez da definitzen zertan datzan etxebizitza hutsa, ezta dakarren arazoari nola egin behar zaion aurre. Prozesu espekulatiboak ere aipatzen ez diren bezala.

Egiazki, ez gaude LAGen aldaketa baten aurrean. Etxebizitzaren alor hutseko Lurralde Plan Sektorial baten aurrean baizik, harrigarriki Etxebizitza Sailburuordetzatik egin ez dena (azpisail hori ez baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean, baizik eta Enplegu eta Gizarte Politiketakoan). Arraroa. Hori ere. •