Ramon Sola

Eskoziar eratik euskal erara

Europa mendebaldeko burujabetza prozesu guztiak anaikideak direla ontzat jotzen dugu errazegi, baina elkarri egin diezaioketen eragina da lotura bakarra, elkarrekin lor dezaketen bultzada, Europaren muinean altxa dezaketen uholdea. Ondorioak lotzen ditu, beraz, ez jatorriak, ez eta bakoitzaren ezaugarriek ere. Lau egun Edinburgon ematea nahikoa izaten da Eskoziako zein Euskal Herriko joko-arauak, tonuak, joerak, eragiteko moduak... zein ezberdinak diren ondorioztatzeko. Hango bozketarako 40 egun eskas falta direlarik inor gutxi ausartzen da pronostikoa ematen, baina jada hainbat irakaspen uzten ditu independentziarako eskoziar bideak. Aztertzeak behintzat merezi du.

-Pragmatismoa: Ezaugarri begi bistakoena da edonorentzat, askotan nabarmendu dena. Jende praktikoa da irletakoa, alde batekoak zein kontrakoak, herritar arruntak zein politikariak edota poliziakideak. Arazo baten aurrean konpontzeko helburua nagusitzen da, ez arazoa tenkatu eta areagotzearena. Honela, bi muturretan kokatu da Londresek eta Madrilek auzi beraren aurrean eman duten erantzuna. Baina zertxobait pragmatikoagoak ere izan dira eskoziar independentistak Euskal Herrikoak baino.

-Mobilizazioa: Iazko irailean, baietzaren alde egin zen Edinburgon ezagutu den aspaldiko mobilizazio handiena. Harrigarria da datua; 10.000 lagun baino ez zituen elkartu. Honetan Euskal Herriaz zer ikasi badutela esan genezake, baina hala ere gertuago ikusten dugu beren independentzia eguna. Badira mobilizazio handiak eta txikiak, baina badira ere norberaren posizioa indartzea beste helbururik ez dutenak eta bestearen posizioa aldarazteko egiten direnak; lehenengoek erritual hutsa bilakatzeko arriskua dakarte, bigarrenak dira benetan potenteak, eraginkorrak. Eskoziarrek argi dutela ematen du.

-Sosegua: Edonork egiaztatu du, hegazkinetik jaitsi bezain laster, beste edozein herri dela gurea baino isilagoa (zeresanik ez Espainia baino isilagoa!). Hiri lasaia da Edinburgo, pub-etako ateetatik kanpo, eta honelakoxea da politika egiteko modua. Logikoa da arrazonamendua: Norberaren taldekideak konbentzitzeko ez da oihu askorik behar, eta arerioak konbentzitzea nekez egin daiteke garrasika eta irainka. Soseguz hartzen dute politika Eskozia aldean, bai eta bozak zenbatzeko ordua heltzen denean ere; egun batzuk behar izan zituzten europar hauteskundeetakoak neurtzeko, hemen presa osoz hil ala biziko eginbehartzat hartzen genuen bitartean.

-Pertsonak eta ikurrak: Ez da bandera gehiegi ageri Eskoziako hiriburuaren karriketan, ez lehen eta ez orain, independentzia ekar lezakeen hauteskunde historikoaren bezperatan. Ekonomia nagusitzen da eztabaidetan. Ongizatea. Pertsonak. Etorkizuna. Gero eta nabariagoa da, esaterako, arlo horretatik eraginez gero errazagoa izango dela Nafarroan kudeaketa penagarria egin duen UPNren erregimena garaitzea (ez al du horregatik ikurren borroka lehenesteko hainbeste interesik UPNk?).

-Braveheart: Eskoziar askearen aldekoek diotenez, independentzia lortzen bada, Mel Gibson/William Wallaceri esker izango da neurri handi batean. Ez da braveheart-en faltarik Euskal Herrian, bai ordea Hollywood-eko pelikularik, best-seller-ik, futbol selekzio ofizialik, mugimendu kultural indartsurik (mende erdia joan da Ez Dok Amairutik eta laurdena Rock Radical Vasco-tik)... ez da herriaren autoestimua goratu eta nazioartean proiekzioa emateko gai den ekimenik.

-P.D: Duela bost mende hauxe idatzi zuen idazle batek eskoziarrei buruz: «Denbora gehiena gerratan ematen dute, eta ez dagoenean elkarren artean egiten dute borroka». Gaur ezin liteke haietaz berdina idatzi. Gutaz? •