Amagoia Mujika Telleria

Leherketa baten ondorengo isiltasuna

«Zer da leherketa baten eztanda baino okerragoa? Leherketa baten ondorengo isiltasuna. Lehen beldurra zena orain hilotzak dira, eta gorriak grisa hausten du». Mahmoud Ismail palestinarrak bizirik ateratzea lortu du Khuzaako erasotik, eta sare sozialetan kontatu du bizitakoa.

Israelgo armadak Khuzaa herrixkari eraso egin zion uztaileko laugarren astean, Gaza hegoaldean. Herria erabat okupatu zuten soldadu israeldarrek eta artean ezin da jakin zehatz zenbat palestinar hil zituzten eta zenbat zauritu, egun askotan ez baitzieten utzi anbulantziei bertan sartzen, eta, ondorioz, hilotz asko kalean botata edo hondakin artean geratu baitziren.

Mahmoud Ismail ikasleak eraso bortitzetik bizirik ateratzea lortu zuen eta Twitter bidez kontatu zuen, txioz txio, bere azalean bizitakoa. Egun batzuk geroago bere kontaketa osatu zuen Facebook sare sozialean. Kontaketa horretako pasarte zenbait bildu ditugu jarraian.

1.865 lagunetik gora hil dira Gazan eta beste 9.400 zauritu Israelek uztailaren 8an hasitako erasoaren ondorioz. Hildakoen eta zaurituen zerrenda ikaragarri horren aurrean Israelgo armadak esaten du erasoen aurretik abisua ematen diela bertako herritarrei alde egin dezaten, eta palestinarrek ez dutela ihes egin nahi. Uztailaren 20an Israelgo armadak Khuzaako biztanleei deitu zien eta testu mezuak bidali zizkien herrixkatik ateratzeko agindua emanez. Al Aqsa telebista katearen emisioa moztu eta bertatik ere zabaldu zuten abisua. Khuzaako 10.000 biztanletatik 7.000 inguruk alde egin zuten. Gainontzekoak etxean geratu ziren, Ismail barne.

Heroitasunetik batere ez duen erabakia

«3.000 inguru ginen eta bakoitzak bere kasa mehatxuei eta ebakuazio aginduei entzungor egin eta etxean geratzea erabaki genuen. Ez zegoen batere heroitasunik horretan; batzuek nerbio-kolapso bat izango zuten etxetik ateraraziz gero eta beste batzuek ez zeukaten behar adina indarrik etxetik ateratzeko. Ni bezalako beste batzuek gure ametsik gaiztoenetan ere ezin genuen irudikatu handik ordu batzuetara begien aurrean izango genuen errealitatea».

Khuzaa Israelgo mugatik gertu dago. 2009ko “Berun Urtua” operazioan eraso bortitza jaso zuen. Gerora txosten batek bistaratu eta salatu zuenez, frankotiratzaile israeldarrek zibilak tirokatu zituzten eta anbulantziei ez zieten utzi zaurituak eramaten. Azken erasoan antzera gertatu da, berriz ere Israelgo armadak bidea eragotzi die Khuzaara sartu nahi zuten anbulantziei eta zibilen kontra egin du tiro. Zenbait lekukok salatu dutenez, soldadu sionistek palestinarrak giza ezkutu modura erabili dituzte.

Burua ez galtzeko borrokan

«Lehen erasoa Khan Younis bidean gertatu zen, eta, ondorioz, Khuzaa bakartuta geratu zen. Bigarrenak energia transformadoreak harrapatu zituen. Hirugarrenak, telefonia mugikorreko dorreak. Laugarrenak, linea telefonikoak. Bakarrik geunden, eta Khuzaan gaua oso iluna zen. Bonbardaketak ez ziren geratzen. Hegazkinek guztiaren kontra egiten zuten. Kristalak leihoetatik erortzen ziren, metrailak etxeak airean botatzen zituen. Arrisku gutxien zegoela uste genuen tokian hartu genuen babesa. Erasoak kontatzen genituen eta aukerak kalkulatu: Gugana datorren misil baten zarata al da? Bonba bat erori al da etxean? Zergatik ez da lehertu? Honen edo haren etxeari egin diote eraso? Meskita hau edo bestea? Hau F-16 baten erasoa da, hau artilleria bonbardaketa bat... Gau osoa eman genuen burua ez galtzeko borrokan, urduritasuna kontrolatu nahian.

Goizean kanpora ateratzeko agindu ziguten, Gurutze Gorriak lagunduko zigula herrixkatik ateratzen. ‘Atera zaitezte, armadak ez dizue minik egin nahi; operazioak zuen kaleak, etxeak, lurrak, zuen bizitzako arlo guztiak kolpatu baditu ere, zuen bizitzak ez dira jomuga’. 300 lagun atera ginen. Taldean abiatu ginen, gure arbasoak duela 66 urte bezala. Oinez gindoazela harrituta ikusi genuen sarraskiak gau bakarrean egindakoa. Geratzen zenari ‘gabon’ esango bagenio bezala gindoazen. Baina hori ez zen garrantzitsua; zure sentimenduak izoztu eta zure hanketan jarri behar zenuen arreta.

Agindu ziguten tokira iritsi ginen eta han tanke ilara bat topatu genuen, ez zegoen besterik. Une horretantxe konturatu ginen tranpa bat zela, juxtu toki guztietatik zetozen tiroak entzuten hasi ginen une berean. Eta, gero, zer? Gero jendearen kontrako tiroak, garrasiak, nahasmena, kaosa».

Ismail, bere ama eta anaia inguruko etxe batean babestu ziren.

«Lehen 300 ginen. Orain, 50. Etxe batean bildu ginen. Gutako erdia inguru ez ginen etxe horretakoen senitartekoak, baina berdin zen. Hiru logeletan banatu gintuzten, ordua iritsiz gero denak batera ez hiltzeko (bai, horrelako uneetan jendeak burua galtzen du, eta bi logela banatzen dituen pareta zahar batek misil ahaltsu baten aurrean babes gisa joka dezakeela ere sinesten du!).

Gure logelan are urduriago sentiarazten ninduten adineko bi gizon zeuden. Batek etengabe parekatzen zuen egoera aurretik bizi izan zituen beste guda batzuekin; eta, besteak, etengabe ura edan eta errezatu egiten zuen, etxean urik apenas geratzen zela kontuan izan gabe. Izan ere, soldadu israeldarrek ur tankeak zulatu zituzten.

Haurrek berean segitzen zuten, negarrez. Batzuek beldurra zutelako egiten zuten negar; beste batzuek aspertuta zeudelako; beste batzuek egarriak zeudelako. Baina denak zeuden negarrez.

Beste batzuek, nik bezala, zaharren elkarrizketako pasarteak entzuten genituen isilik eta aspertuta, eta leihotik begiratzen genuen, goiza noiz iritsiko (badago mito bat, jatorria non duen ez dakidana, esaten duena hiltzeko aukera gutxitu egiten dela eguneko lehen orduetan. Baina mito guztiak bezala, zure itxaropenetik oso urrun dago)».

Ismailek kontatu zuen nola ikusi zuen 20 urteko gazte bat orduetan eta orduetan hilzorian, azkenean hil zen arte, inor ez zelako hurbildu bera laguntzera. Bere bi lehengusu ere hil ziren, elkar lagundu nahian zebiltzan bitartean.

Leherketa baten isiltasuna

«Argiak agertu ziren eta lehen misila etxeko eskaileretaraino iritsi zen. Zer da leherketa baten eztanda baino okerragoa? Leherketa baten ondorengo isiltasuna. Edo zure belarriak engainatzen dituen hori, isiltasuna dela sinistaraziz. Dena birrindu egiten da. Grisa bakarrik ikus dezakezu. Tartetxo bat hartzen duzu, zure entzumena errealitatera buelta dadin eta hautsa asenta dadin. Lehen beldurra zena orain hilotzak dira, eta gorriak grisa hausten du. Zure ama eta anaia? Bizirik daude. Hamasei orduz mugitu gabe egon diren zure hanken gainean jartzen zara, eta zure lehen eginbeharra korrika egitea da. Bigarren misila iritsi baino lehen dagoeneko erasoaren tokitik urruntzen ari zara. Metrailak txistu egiten du zure belarrien ondo-ondotik pasatzerakoan eta ondo eta osorik ote zauden egiaztatzen duzu. Zure etxera alde egiten duzu, eta, minutu gutxi batzuetara, zure etxeari ere eraso egiten diote. Berriro alde egiten duzu. Jende asko dago norabide askotan korrika. Harantz egiten duzu korrika. Korrika eta korrika egiten duzu, zure bizitza horren mende balego bezala. Eta halaxe da. Erori direnen gainetik egiten duzu korrika, hilotzen albotik egiten duzu korrika, begi bat hondamendian eta bonbardatutako eta zuloz betetako bide horretan jarrita, eta, beste begia, jendearen artean galtzen den zure familiaren gainean jarrita».

Ismailek ez zekien zehazki zer pasatu zen berekin zeuden gainontzekoekin. Zekien bakarra zen bere zapatak bere odolarekin blaituta zeudela. Babesa hartutako etxe horretatik ihesi bere etxeraino iritsi ziren bera eta familia. Minutu gutxiren buruan hiru misil erori ziren beren etxearen gainera. Zauritu egin zen.

Bera, ama eta anaia herrixkatik alde egiten saiatu ziren ondoren. Helikopteroek tiro egiten zioten korrika zihoan jendeari, eta bidean botata ikusi zituen bere osabaren eta lehengusuaren hilotzak. Frankotiratzaile israeldarrek jendearen hanketara zuzentzen zituzten tiroak, korrika egin ez zezaten.

Noiz berreskuratuko du lasaitasuna?

«Nire familiak eta nik Khuzaatik ateratzea lortu genuen. Nola? Zortea izan genuen. Zergatik? Ez daukat ideiarik. Gurekin geratu ziren haietako askoren gorpuek kalean botata eta hondakinen artean segitzen dute. Zenbat dauden? Auskalo! 20? 50? 100? Inork ez daki seguru. Oraingoz Khuzaatik atera diren irudi gutxiak Israelgo armadak zabaldutakoak dira eta horietan hondamendiaren irudi lazgarriak baino ez dira ikusten, barrena gorrotoz betetzen dizutenak eta gure herrixkak bere lasaitasuna urteetan ez duela berreskuratuko pentsarazten dizutenak. Edo, akaso, inoiz».

Eskoletan elikatzen den arrazismoa

Mattityahu Peled, Matti, soldadu sionista ezagunaren alaba da Nurit Peled-Elhanan. 1948tik 1967ra bitartean armada sionistan soldadu oso nabarmena izan zen bere aita, eta gerora bakezalea eta palestinarren eskubideen aldeko borrokalaria bilakatu zen. Miko Peled aktibista antisionistaren arreba ere bada Nurit, eta, batez ere, Smadarren ama. Smadarrek 13 urte zituen 1997an Jerusalemen izandako atentatu suizida palestinar batean hil zenean. Geroztik, Nurit eta bere senarra okupazioaren kontrako militante sutsuak dira, apartheid-aren eta arrazismoaren kontra ari dira borrokan eta israeldarrak eta palestinarrak bakean, elkarrekin, berdintasunez eta duintasunez biziko diren etorkizun baten alde. Nuritek Europar Batasunak ematen duen giza eskubideen eta pentsamendu askatasunaren aldeko Sakharov saria jaso zuen 2001ean.

Duela urte batzuk Nuritek zorroztasunez aztertu zituen Israelgo eskola liburuak, horietan Palestina nola islatzen den ikusteko. Jaso zuen informaziotik errazago uler daiteke «nola bihurtzen diren eskoletako haur ilustratu eta humanistak armadako munstro armatu».

«Eskolatik atera orduko armadara deituak izaten dira neska-mutikoak. Armada da bere bide akademikoaren gailurra. Hartara, hezkuntza oso militarizatua jasotzen dute. Ikasturtean barna ohikoa da Israelgo armadako agintariak eskolara bertaratzea hitzaldiak ematera eta erakustaldiak egitera», esan du Nuritek.

Horri batu behar zaio Palestina eta palestinarrak nola irudikatzen diren liburu horietan. «Palestinarrak 50 metrora bizi badira ere, sekula ez dituzte pare-parean ikusten. Eskolako liburuetan agertzen diren palestinarrak aurpegia estalita duten terroristak dira. Liburu horien arabera, mediku edo irakasle palestinarrak ez dira existitzen, ezta haur palestinarrak ere. Diskurtso arrazista oso presente dago liburu horietan. Palestinarrak terroristak edo nekazari primitiboak dira, aurrerapenari inolako ekarpenik egiteko gaitasunik ez daukatenak», jarraitu du.

Eskola liburu horiek Israelgo Gobernuak lupaz aztertzen ditu. Hartara, liburu bat baino gehiago erretzeko eta desagerrarazteko agindua eman du gustatu ez zaion zerbait ikusi duelako.Zer? «Esaterako, ‘palestinarra’ hitza erabiltzea ‘arabiarra’ hitza erabili beharrean. Hori nahikoa arrazoi bada liburu bat deuseztatzeko».

Heriotza nola tratatzen den ere nabarmentzekoa da. «Heriotzari gorazarre egiten zaio. Borrokaren parte da, kalte handiagoak ekiditeko modua. Izan ere, eskola liburu horien arabera gerra beharrezkoa eta justua da, Estatu judu indartsu eta seguru bat izateko ordaindu beharreko bidesaria. Eta sarraskiak oso modu sinplistan kontatzen dira. ‘Bai, tamalez jende asko hil zen, baina beharrezkoa da Estatu judua ziurtatzeko’».

Palestinarrekiko diskurtsoa ere oso bideratua da liburuotan, arrazismo handia sumatzen da eta beren «gutxiagotasuna eta desabantaila» beren erruagatik eta beren izateko moduagatik dela esaten da. Nuritek kezkaz nabarmendu duenez, «israeldarren diskurtso arrazista oso zabala da, ez bakarrik palestinarren kontrakoa –nahiz eta nagusia hori izan–, judua ez den guztiaren kontra baizik».

«Haurren kontrako gerra» dirudienaren istorio latzak

Gazako erasoak haurren kontrako gerra bat dirudi. Asteotan iritsi diren argazkietan eta datuetan haurrak izan dira tamalez protagonista; izan ere, 2012ko datuen arabera, Gazako biztanleriaren %44 inguru 14 urtetik beherakoa da.

Haurrak dira gerraren biktima hauskorrenak, eta gatazkak txikienengan uzten dituen zauri fisiko eta psikologikoak sendatzea oso zaila da, batzuetan ezinezkoa. Gazan bizi diren haurren gehiengoa ez da sekula bertatik atera eta 10 urte baino gutxiago dituztenek dagoeneko hiru gerra sufritu dituzten beren azalean. Hartara, ez da harritzekoa Yasmine al-Attar 10 urteko neskato palestinarraren erantzuna handitzean zer izan nahi duen galdetzerakoan: «Ez dakit bizirik egongo naizen». Eta bigarrenez galdetzean, neskatoak, hunkituta, hala esan du: «Medikua izan nahi dut, edo kazetaria. Jendeari laguntzeko lan bat egin nahi dut, edota, bestela, nire herrian gertatzen dena munduari jakinaraziko dion lan bat».

Shayma Sheikk al-Eiden istorioa ere gogorra da, motza bezain gogorra. “Mirari haurtxoa” goitizena jarri diote. Bere amaren sabeletik atera zuten medikuek, ama israeldarren eraso batean hil eta minutu gutxira. Bizirik atera zuten eta segidan eraman zuten erietxera, eta inkubagailu batean sartu. Handik bost egunetara zendu zen, eraso baten ondorioz erietxea argirik gabe geratu zelako eta inkubagailua itzali egin zelako.

Mohammed Jaber (9 urte) eta bere arreba Ghina (5 urte) diru pixka bat hartu eta etxetik atera ziren litxarkeria batzuk erostera. Gurasoek ez zuten nahi etxetik ateratzea, baina «oso aspertuta» zeuden. Al Bureij errefuxiatuen kanpamentu jendetsuko kaleetan barna zihoazela, Mohammedek norbaiti entzun zion airezko erasoen abisua jaso zutela. Korrika bueltatu ziren gurasoengana, badakitelako Gazan ez dagoela airezko erasoetatik babesteko gordelekurik. Gurasoak eta bost seme-alabak logela batean babestu ziren. Mariamek –amak– kontatu duenez, «Mohammedek oso gogoan du aurreko gerra eta bazekien zer gertatuko zen. Beldurrez zuri-zuri zegoela, buruko bat hartu eta aurpegia eta belarriak tapatu zituen. Itoko zela zirudien. Erasoaz geroztik, nire seme-alabak mutu daude».