Joxean Agirre

Nestorren omenez

Patxi Iturzaetak bertso-sorta autobiografikoa prestaturik zuen bere azken ordurako eta, umeak ginela aitak kontatzen zigunez, hitzak jaulkiz errezitatu zituen (kantatzeko ez zen gai izan, noski). «Elizaldetar Frantzisko Mari, Iturzaeta deritza/ ofiziorik printzipalena izan dut nekazaritza», hasten diren bertso horiek Interneten aurki daitezke. Gerora jakin nuen antzeko zerbait egin zutela Udarregi eta Sokin bertsolariek ere (azken honek umorezko ale bat kantatu zuen).

Auntxa trikitilaria 2001eko Santa Luzia egunean hil zen eta bere seme-alabek Joxe Mari Iriondori kontatu ziotenez (“Urrestillako trikitixa” liburua), burua galdurik bazuen ere, azken unera arte atzamarrak mugitzen zituen, Zumarragako plazan jotzen ari balitz bezala. Plazan urte askoan jotakoa zen Elgetarekin eta Sakabirekin.

Heriotza bitxia izan zuen Pedro Arruabarrenak ere, 1960an hil baitzen panderoa eskuetan zuela Tolosako Zeru Txiki tabernan, ondoan Elgeta handia soinua jotzen zuela. Ikusgarria omen zen jotzen. Landakandak ere hari begira ikasi zuen.

Nestor Basterretxea ere, Zorroagako ekitaldian esan zutenez, ia heriotza egunera arte aritu zen bere marrazki eta zirriborroekin lanean.

Artista hauen azken orduak ikusita, arruntak iruditzen zaizkit Goetheren eta Kanten heriotzak, lehenaren azken hitzak «argi gehiago» izan baitziren, eta, bigarrenarenak, «ondo dago». Balzac-ek gutxienez bere eleberri bateko sendagileari (Brianchon-i) deitzeko eskatzen zuen.

Gipuzkoako EHNEko buruzagi bati entzun nion behin kontatzen bere aitonak bizitza osoan nekazaritzan lan egin eta, hiltzeko ordua iritsi zitzaionean, baserrian hainbeste lan egon eta joan beharrak pena ematen ziola esaten omen zuela. Uda zen nonbait.•