Mikel Zubimendi

Izan ez gara inor, izan bagara nor

Bai, latza izan behar da gau osoan, norbere burua salbatzeko ur-korrontearen kontra igeri egitea, eta, egun argiarekin, ibaiertzean hiltzea. Latza, latza denez, egin den, eraiki den bidea hain luzea denean helmugatik metro gutxi batzuetara gelditzea, ahalegina ahultzea, bertigoak eraginda paralisiak harrapatzea.

Horrelako susmo bat etorri da Kataluniatik. Govern-eko kide esanguratsuek hiru hilabete barru –tartean inoiz baino garrantzi handiagoa izango duen Onze de Setembre-ko Diada eta Eskoziako independentziaren gaineko erreferenduma daudela ahazteke– egin nahi den herri galdeketaren inguruan zabaldu dituzten zalantzek, mezu nahasgarriek indartu egin dutena. Ez da anbiguetate eta espekulaziorako unea, zehaztapenerako unea baizik. Ez da Kataluniako historia alda dezakeen egun handiaren eta Espainiak hartuko duen jarrera oldarkorraren aurrean nerbioak dantzan edukitzeko unea. Izan ere, Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkaren beste esparruetako bat honakoa da: zeinek zein aterako duen bere onetik. Eta gauza jakina da gerra psikologikoetan galtzailea senetik ateratzen dena, nerbioak galtzen dituena izan ohi dela.

Nahasmenaz ohartuta, azkar atera da Mas president-a bera ere «B planik ez dago» argi eta garbi esatera, azaroaren 9an, bai ala bai, katalanek hautestontzietan boto-papera sartuko dutela ziurtatzera. Apur bat lasaitu ditu bazterrak, eta, bide batez, politikoki bere buruaz beste egiterik nahi ez duela baieztatu du. Orain delako unea galdeketaren atzerapena ez dela onartuko argi uzteko, legalitate diskurtsoetan inor ez dela kateatuko nabarmentzeko, eta, bide batez, munduaren aurrean Espainia katalanek demokratikoki botatzea nola eragotzi nahi duen azaltzera behartzeko. Orduan, orduan bai izango dituztela espainiarrek motibo franko, mila arrazoi, beren onetik ateratzeko, nerbioak galtzeko.

Euskal Herritik begiratuta, Ibarretxe eta bere plana berragertu dira plaza publikoan. Gertatutakoa porrotarekin eta frustrazio kolektiboarekin alderatzen dutenak ez dira falta. Ezta egurra luzatzeko akuilu dutenak ere. Tira, iritziak libre, erraza da eroritako enborrari ezpalak ateratzea. Baina kostako da, kostako denez, EAJn hura bezalakorik berriz ere ateratzea. Gure historian boto kopuruetan errekorra berea dela –eta horren arrazoiak– gogoan, ez dut zalantzarik egun daukagun lehendakariarekin alderaketan Ibarretxe gol zaparradaz irabazle dugula. Izan ere, Urkulluren –eta gure politikari gehienen– diskurtso antzu eta negartia, asteko agendatik edo legegintzaldi batetik harago, urrutirago, ikusteko gaitasun eza, etorkizun-sen eza, penagarria ez ezik etsigarria ere bada. Irismen luzeko ikuspegi eta proposamen falta, politika serioaren falta, politikakeria merkeen inflazioa (Rajoyri igorritako eta erantzun ez duen gutun ziztrin bat, euskal presoek hartutako bideekin mokoka ibiltzea...), eta, bien bitartean, herritarrak espektakuluaz nekatuta, ika-mika horiekin behin eta berriro amorratzeaz gogaituta, eskuratu nahi dugun helburua ez lortzeaz guztiz nardatuta.

Espainia eta Frantziarekiko gure menpekotasuna jasanezina da, eta, estatuek guganako azaltzen duten jarrera, larderiatsua: hezkuntza inposatua, osasungintza endekatua, kultura baztertua eta gure hizkuntzaren egoera tamalgarria. Eta bien bitartean, herritarrak, ikusten dutena ikusita, triste eta kezkati. Hori bada dagoen maila, gure arazo politikoa, sentzilloki, mailarik, talenturik ez dagoela dela gero eta gehiago sinetsita.

Arrazoi du Karlos Gorrindo iritzigile finak: «Euskaldunok norbait garen plantak egiten dihardugu denbora gehiegiz. Eta izan ez gara inor. Eta izan bagara nor. Baina izate hori betiere inoren pentsura dago. Ez gaudelako bat eginda eta Europan erakutsi ezin dugulako gizarte masa trinkoa dagoela proiektu eskuragarri baten atzetik». •