Mikel Olasagasti

Bizitza errazteko lanetan

Urtero-urtero, 2002az geroztik, uztailean Deustuko Unibertsitatean fenomeno bitxi bat jasotzen da. Udako arratsalde eguzkitsuetan e-ghost taldeak antolatutako ikastaroetan dozenaka lagun biltzen dira ezagupen egarriz. Ezagupen egarriz edo hondartzara joatea ez den plan baten bila, batek daki.

Noski, e-ghost taldeak antolatutakoak ez dira ez udako ikastaro bakarrak, baina badute bai ezaugarri berezi bat: irakasleak inolako konpromisorik gabe animatzen dira den-dena antolatzera, eta, sarri, irakaslea ez da ezeren irakasle bere eguneroko bizitzan. Gaur egun informazioa lortzeko dauden erraztasunak direla-eta, ekitaldiak pixka bat behera egin du azken urte hauetan, baina, hala ere, horrek ez du ikastaroon kalitatea urritu.

Aurtengoan lankide bat eta ni bertan izan gara hiru egunez, «DevOps» terminoaren atzean ezkutatzen diren hainbat teknologia ezberdin ikusi eta aztertzeko, egunero erabiltzen ditugun irtenbideen alternatiba bila. “DevOps” terminoa development eta operations hitzetatik dator, garatzaileen eta sistemen arduradunen arteko elkarlana bilatuz. Aipatutako talde horien bizitza hobetzeko asmoz, hainbat tresna eta metodologia ezberdinei esker garapen baten bizitza zikloa aztertu, ebaluatu eta automatizatu egin daiteke. Baita behin eta berriro burutzen diren lanak gainetik kendu ere. Enpresa txikietan garatzaileen eta sistemen arteko erlazioa eramangarria izan daiteke, baina, lanak dimentsio handiago bat hartzen duenean eta norberak nahikoa lan duenean, gauzak erraztera joan behar da.

“DevOps” hitza bera 2009an sortu bazen ere, betidanik existitu den zerbait deskribatzen du. Kontua honakoa da: teknologiak aurrera egin duen heinean, aipatutako erlazioa sendotu eta nolabaiteko estandar bilakatzeko lanak hartu dira, eta, ondorioz, garai batean bakoitzak bere kabuz garatzen zituen metodoak komunak dira egun hainbat enpresen artean. Zoragarria dirudi, beraz, “DevOps” terminoak atzean ezkutatzen duena: deploy, quality testing, continuous deployment, continuous delivery, provision eta beste hainbat.

Ikastaroen ondorengo garagardoekin ortzadarrak ere agertzen ziren gure eztabaidetan, baina, azken errondako fakturak eragindako minarekin gertatzen den bezala, hurrengo goizean berriz ere errealitatearekin topo egitean bulegoko txoko batean negarrez jartzeko gogoak sartzen zaizkio bati. Zein erraza den guztia kurtso batean irakasleak produktu bakarra mantendu behar duenean eta zein zaila bihurtzen den eskuartean hamarnaka aplikazio dituzunean. Nola aldatu jada erraldoia den zerbait? Nola barneratu prozesu eta metodologia hauek bezero, lankide, enpresa edo eskuartean ditugun tresnetan? Gainera, honakoa ez da baten guda, denek ulertu eta onartu beharreko irizpideez ari gara.

Ez da ez batere lan samurra, batez ere aspaldiko produktuekin lan egiten denean edota zuzenean beste norbaiten aplikazioak erabiltzen direnean. Ezintasuna presente izaten da beti zure altzoan eserita. Baina honakoa egin beharreko zerbait da, ordea, bai behintzat etorkizunera begira jarri nahi baldin badugu. Garatzaileek egiten duten lan guztia neurtzeko eta baloratzeko aukera izateak, benetako probak egin ahal izateak, bertsio berriek arazorik izango ez dutela jakiteak, aldaketak ahal bezain azkar egiteak denei egiten die onura, enpresei zein langileei.

Beraz, oraindik ibilbidea hasi ez duenak pausatxo bat egin eta ingurura begira dezala. Gainera, norbaitek motibaziorik behar badu, jakin dezala Facebook sare sozialak egunean bi aldiz aldatzen duela produkzioko kodea eta Flickr berak garai batean hamar aldiz egiten zuela inolako arazorik eman gabe. Inor ikastaro bat antolatzera animatzen bada, ziur publikorik ez zaiola faltako. •