Ander Gortazar Balerdi

«Inglorious Basterds»

Eraikin sasikumeak, bastartak. Filip Springer kazetari eta argazkilariak Poloniako arkitektura estigmatizatua dokumentatu zuen «Źle urodzone» (Gaizki jaioak) liburuan. Borroka ideologikoak beti izan du eragina arkitekturan, eta eraikin baten testuinguruak (historikoak, politikoak, sozialak) erabat baldintza dezake gizarteak hura ulertu eta baloratzeko duen modua.

60ko eta 70eko hamarkadetako arkitektura moderno sozialista deiturikoaren garapena azaltzen du Springerrek: bloke sobietarra erortzearekin batera, komunismoaren baitan sorturiko arkitektura nola egin den gutxietsi, desitxuratu eta are ezabatu Polonia garaikidean. Bikaintasunaren distira ez baita nahikoa estigmatizazioa arrunt bilakatua denean.

Egin genezake ariketa antzekoa gurean: zeintzuk dira gure eraikin gaizki-jaioak, eraikin sasikumeak, bastartak? ETB2ko “Tu edificio favorito” saioak argi utzi zuen estilo klasikoei eta star-system garaikideenari diogun miresmen orokortua –Iruñeko Erroz dorrea aipatu zuen arren Mikel Urmenetak; gizona bere bakardadean–. Bitartean, kontraprogramazioan, “Gure eraikin zatarrenak” zerrenda egin zuen ZuZeu agerkari digitalak, garbi utziz zeintzuk diren gure eraikin sasikumeen ezaugarriak: mugimendu modernoa, bertikaltasuna eta 60ko eta 70eko hamarkadetako etxebizitza-sustapenak. Ez da harritzekoa, beraz, Luis Peña Gantxegiren lan bat txapeldun izatea.

Esan liteke, beraz, Gantxegik Mutrikun eraiki zituen 32 lanek “Euskal Herriko Arkitektura Sasikumearen epizentro” bihurtzen dutela Gipuzkoako herria. Denise Scott Brown eta Robert Venturik “Learning from Las Vegas” idatzi zuten modu berean, “Learning from Mutriku” batek balio liezaguke begirada apur bat askatzeko. Arkitekto berarekin jarraituz, aipa genitzake Zarauzko web orrian monumentu gisa azaltzen ez den Vista Alegre dorrea, Donostiako Mirakontxako 30 etxebizitza polemikoak eta, nola ez, hainbat bider bortxatutako Trinitate plaza.

Hala ere, eraikin sasikumerik bada, hori Luis Vallet, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxeak Irunen eraikitako lantegi-etxea da seguruenik. Ahaztua, bortizki itxuraldatua eta hilzorian, Gillermo Zuaznabarrek ongi dokumentatua utzi zuen behintzat Jorge Oteiza. “Animal fronterizo” liburuan.

Arkitektura industrialak historikoki jasan duen estigma desagertzen ari denean (Berreibar, Tabakalera eta Luzuriaga Martxan bezalako ekimenak testigu), industrializazioaren ondoriozko migrazioa jaso zuten etxebizitzak dira, seguruenik, estigma moduko hori mantentzen duten tipologia nagusia. Izan ere, zaila da arkitektura bere testuinguru historiko, politiko edo sozialetik bereiztea: inkontzienteki bada ere, nekazaritza tradizio idealizatua, Erdi Aroko epika eta belle époque distira nahiago ditugu historia hurbileneko garai gatazkatsuak irudikatzen dituzten arkitekturak baino. Baina hor daude, besteak beste, Iruñeko Txantrea auzoa, neo-erregionalismoak adiera soziala zuenekoa; Donostiako Bidebietako “12 apostoluak”, Le Corbusierren Ville Radieuse-n kutsua zerion proiektua; Bilboko San Ignazio auzoko “Amerikarren etxeak”, L’Unité d’Habitation-etik gertuen dagoen Euskal Herriko eraikina; Baionako ZUP, Marcel Breuer arkitektoaren ikur modernoa... Hauek guztiak eta beste hainbat, begirada apur bat askatuz gero hainbat tokitan topa daitezkeenak. •