Joxean Agirre

Itxaroten

Udazken sarrerako ilunabarretan bada ordu bat, kostaldeko herrietan bederen, bikoteak, zahar eta gazte, kale buelta bat ematera ateratzen direna. Itsasoari begira egiten dute tarte bat, ikusgarria egoten delako, eta bakoitzak bere itzulia egiten du gero eguneko gorabeheren kontaduria eginez.

Ilunabarreko ordu hori iristean neu ere, galtza motzak jantzita, etxe atarira ateratzen naiz eta espaloian atzera eta aurrera ibili ohi naiz itxaroten, andrea edo dena delakoa lentillak kendu edo jarri, aurpegitik nekearen arrastoak ezabatu edo soineko eta galtzen artean erabaki transzendentalak hartzen ari den bitartean.

Ez naiz bakarra. Inguruko blokeetatik itxarotera atera diren gizonezkoak sumatzen ditut espaloian atzera eta aurrera, ni bezalaxe beren pentsamenduetan murgilduta eta munduan barrena, herri eta arraza ezberdinetako gizonezkoak irudika ditzaket, haiek ere itxaroten, yurta baten ondoan bata, ingluaren atean bestea, haima baten inguruan hurrengoa, eta pentsatzen dut genero femeninoa ez ote den bizi ordu erdi baten atzerapenarekin, ez ote diren beste meridiano baten arabera mugitzen.

Itxaroten jarraitzen duten auzoko gizonezkoei begira iruditzen zait badutela halako destino beckettiar bat, Godot-i itxaroten egongo balira bezala.

Askotan aipatu da Jainkoa edo zer arraio irudikatzen ote zuen Godot-ek. Ez dakigu. Izena, ordea, txirrindulari batena du. Luxenburgokoa zen eta azkena iristen zen lasterketa guztietan. Frantziako Tourrean, esaterako, tropela igaro eta jendeak errepide ertzean jarraitzen omen zuen eta zertan zeuden galdetuz gero, «Godot-i itxaroten», erantzuten omen zuten. Niri ere norbaitek halakorik galdetzen badit, badakit zer erantzun: Godot-i itxaroten. •