Llorente, Oihana

Mundua izarren pare

Ez da samurra talaia txiki honetatik mundua bistaratzea. Maite dituzun, eta, ez dituzun horien ipurmasailak ezagutzeko, puntako orduetan garraio publikoan ibiltzea bezalakorik ez dago. Geldi eta lasai egoteko esaten diguzue, gainera! Borborka doan trenean trankil egoterik balego bezala. Kontrakoa uste duzuen arren, igaro berri diren udako jaiak ez ditugu apenas maite. Eskumuturretik tiraka heliozko puxikak jartzen dizkiguzue maiz, Doraemon edo Hello Kittyk goratuko gaituztelako itxaropenez. Eta ezin ahaztu siestaren goxoa izorratzen diguten buruhandiak. Sustoa hartu dugula diozue gero. Eta noski hartzen dugula! Zuei bihotzekoa ere emango lizueke hala esnatzeak. Egunotan Barakaldora ekarri naute eta lepoko minez bukatu ditut egunak izarren pare dauden erraldoi horiek ikusten. Meritua, baina, nik saskiratzeak edukiko luke eta ez saskia behatz puntekin laztantzen duten horiek. oihana.llorente@gaur8.info