Isidro Esnaola

Herri aferetan esku-hartze etengabea

Pixka bat atzera begiratzea nahikoa da konturatzeko iraila gertakariz beteriko hilabetea izan ohi dela. Aurten ere, horrela dator. Dena den, aurtengo udak ere bere momentuak izan ditu. Horrela, Palestinaren aurkako Israelgo operazioaren bueltan, zenbait hedabidek zabaldu dute bere garaian Israelek begi onez ikusi zuela Hamas-en sorrera. Indar horrek palestinar herria zatitzeaz gain, aitzakia ezin hobea ematen ziolako segurtasunaren izenean Israelen ikuspegi eta jarduera militarra indartzeko. Abiapuntu horretatik batzuk ondorioztatu dute Hamas Israelen kimua dela. Gehiegikeria dirudi baieztapen horrek, baina era berean horrek erakusten du beste herri baten kontuez nolabaiteko esku-hartze bat egon daitekeela indar batzuk baztertuz eta beste batzuk aintzat hartuz.

Udako berriak ez dira horretan gelditu. Jarraian jakin dugu Estatu frantseseko presidente Hollandek Siriako oposizioa lagundu zuela. Berak onartu du laguntza hori, baina azpimarratu du berak “moderatuei” lagundu diela, hau da, oposizio “zintzoari”. Zoritxarrez, azkenean, laguntza hori okerreko eskuetan erori dela eta orain Estatu Islamikoaren eskuetan dagoela, hau da, “gaizkileen” eskuetan. Eta hor dabiltza orain, mundu guztia kateatu nahian arazo horren konponketan, beraiek arazo horren sorreran izan duten papera bigarren maila batean utziz.

Modu berean ikusi dugu Ukrainan mundu guztia eskua sartzen ari dela. Hala ere, deigarriena dena da, hain zuzen ere, tentsioa jaisteko ematen den urrats bakoitzaren bueltan, NATOk eta Europar Batasunak zehazpen berriak proposatuz eta adierazpenen tonua eta mehatxuak handituz erantzuten dutela. Nonbait interesatzen zaie gatazka bizirik mantentzea, bestela zaila da ulertzea zertara datozen horrelako adierazpenak. Beharbada, Israelek bezala, NATOk bere existentzia justifikatzen duen etsai bat behar du. Nonbait munduan etsai nahikorik ez, eta Europan beste bat behar du.

Munduko potentziek ez diote inoiz beste herrien kontuetan esku hartzeari utzi, baina azken bolada honetan kontrako norabidean goazela ematen du. Indartu dira beste herrien gaineko kontrol saioak. Beharbada, gu ez gara oraindik konturatu, baina munduko potentziek sumatu dute egoeraren kontrola beraien eskuetatik alde egiten ari dela eta urduri jarri dira.

Aurreko adibideen parean beste adibide batzuk baditugu, non herriek protagonismoa hartu duten eta bide propio bat jorratzen ari diren, Katalunia eta Eskozia kasu. Horietan ere, potentzia zapaltzaileen jarrera erabat ezberdina da. Estatu espainolean ukazioan enrokatuta jarraitzen duen bitartean, Erresuma Batuan bide eman diote Eskoziako indar politikoek eskatzen zuten erreferendumari. Baliteke, Erresuma Batua bere definizioaz preso egotea. Estatua borondatezko batasuna bezala definitzen duten neurrian, norbaitek eskatzen badu horren inguruan bozkatzea egitea, eskaera horri bidea emateko behartuta ikustea euren burua; bestela, borondatezko zati hori ez litzateke definizioaren barnean sostengatuko.

Eskozian astebete falta da bozketa egiteko, eta inkestak independentziaren aldera erortzen hasi dira. Horrek unionismoa astindu du eta Erresuma Batuko alderdi nagusien liderrak Eskoziara joan dira batasunaren onurak goraipatzeko jendea konbentzitu nahian. Bertakoak nonbait ez dira gai. Orain, argudioak baino gehiago unionismoaren liderrek mezu nahiko abstraktuak helarazten dituzte beldurra astintzeko. Baina orain arte eztabaida sakonak egon dira, batez ere, gai ekonomikoen inguruan. Eztabaida horretan independentziaren aldeko kanpainak nahiko ondo islatu du independentziak duen abantaila ekonomiko nagusia: bertan erabakitzea. Horretarako politika neoliberalak utzitako ondorioez ondo baliatu dira. Adam Smith ekonomia politikoaren aitatzat jotzen dena eskoziarra izan zen. Beharbada, horrek zerikusia du eztabaida ekonomikoa hain ondo erabiltzearekin. •