Naiara Garzia

Hezkuntzaz II

Pio Barojaren (1872-1956) eleberri bateko protagonista, Andres Hurtado, bizitzako arazoen funtsera irits daitekeen jakinduria horren bila ibili zen, berarentzat jakinduria ezin baitzen bizitza den horretatik bereizi. Horregatik ikasi zuen unibertsitatean.

1911. urtean Barojak “El árbol de la ciencia” liburua argitaratu zuen. Bertan, garai hartako gizarteari buruzko gogoeta asko eta asko biltzen ditu, unibertsitatearen ingurukoak, esate baterako. Mende bat geroago unibertsitatera joatea egokitu zitzaidan, master bat egitera, hain zuzen ere. Zazpigarren urtea zen niretzat bertan, oraingoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Urte horretan, Barojaren liburua berrirakurtzen ari nintzen bitartean, Andres Hurtadoren esperientziak nirearekin bat egiten zuela ikusi nuen, eta, beraz, unibertsitatearen egoera ez zela hainbeste denboran gehiegi ere aldatu.

Unibertsitatea (letretako “graduetan”, behintzat) begiak irekiarazteko gaitasun txikia duten irakaslez beteta dago, jakinduriak ez baina beste inertzia batzuk bultzatuta bertan lan egiten duten pertsonaz josita, burua ladreiluz tapiatuta daukagula uste duten irakaslez gainezka.

Salbuespenak, ordea, egon badaude, eta irakasle onak ere topatu ditzakegu (“El árbol de la ciencia” laneko Letamendi irakaslearen modukoak), ahaztezinak diren horietakoak. Minoria horri esker eutsi diogu fedeari. Horiengatik izango ez balitz eta, paradoxikoa dirudien arren, unibertsitatea ikasteko lekurik okerrena dela pentsatuko genuke, bizitzarekin inolako zerikusirik ez duena, leihorik gabeko ladreiluzko kubo ilun bat. •