Iker Barandiaran

Hurbileko erbestea

Ez dakit erabat argi laburbildu dudan izenburuan azken urteotan bizi dudan sentsazio edo egoera. Erbeste hitzak bi adiera ditu: bata atzerria, eta bestea gogoz kontra sorterritik alde egin behar izatea. Ez nuke biribil esango gogoz kontra jokatu dudanik, baina bai kontrolatu ezin daitezkeen eragileek baldintzatu egin nautela. Eta kontziente naiz erbestea eta hurbiltasuna, biak batera, kontrajarrian daudela pentsa genezakeela. Niretzat, baina, bat etor daitezke.

Gaur egun bizi naizen herria jaio, hazi eta bizipen garrantzitsuenetako asko bizi izan ditudan herritik laupabost kilometrora dago. Badakit oso distantzia laburra dela, oinez ere erraz egin daitekeena eta, gainera, askoren ustetan orain egunero zapaltzen dudan herria aurrekoaren luzapen bat izan daitekeela. Edo, are gehiago, garai batetik hona, gure zonalde honetan herrien izaera baino gehiago eskualde sena indartzeko ahaleginetan dabiltzala. Hala ere, niretzat distantzia egon badago eta ez edonolakoa, urruntasuna ez baita beti halabeharrez kilometrotan zenbatzen; badaude beste gauza asko, urratsez urrats ez bada ere, norberak egunerokoan nabari ditzakeenak.

Esan ohi da zerbait faltan sentitzen dela ez daukazunean, baina ez utzi edo galdu aurretik. Nik, hala ere, agian zerbaiten susmoa izango nuelako justu jaioterritik irten aurretik atera nuen ditxosozko gidabaimena. Ditxosozkoa diot antza denez urruntze horrek bultzatu baininduen ordura arte burutu ez nuena egitera. Akabo lagun, bikotekide eta auto-stoparen bitartez mugitzeko ohitura zabala. Hortik aurrera, iragarkietako ‘askatasun’ horren preso, autoaren menpeko bihurtu nintzen denborari dagokionez gazteek egin ohi duten kontrara. Behin probatuz gero, badakizue…

Hala ere, sorterritik urruntzearen prozesua mailakakoa izan zen. Aurreneko urteetan lanari bertan eutsi nionez, loturari ere tinkoago eutsi nion. Gerora, ostera, lana ere egungo herrira aldatu behar izateak errutina hori hautsi zuen, zilbor hestea. Horrelakoa da bizitza. Asko, ugari gara, lanagatik, bikotekideagatik edo etxebizitzen errenta zein salneurriak baldintzatuta bizilekuz –eta testuinguruz– aldatu behar izaten dugunak. Badira horiek baino arrazoi gordinagoak eta horiei errespetu handiena zor diet, jakina! Baina zerrendatu ez ditudan egoera larri horiek alde batera utzita, eta halako estatistikarik egin denik jakin ez badut ere, erabat ziur nago bikote heterosexualen arteko portzentaje handi batean gizonezkoak joan direla emakumeen herrietara. Bai, neu barne. Begiratu, une batez, zuen ingurura!

Bestalde, mugikortasun horrekin jarraituta, gaur egun jende askok eta askok bere sorterritik kanpo egiten du lan, urrun batzuetan, eta kilometro mordoxka egin behar izaten dute etxetik lanera eta lanetik etxera joateko. Horretan malgua da jende asko, arriskua, denbora eta gastua gainean hartu arren, bizilekuz ez aldatzea hobesten duena. Eta, aldiz, gure gurasoen garaian sorterritik bospasei kilometrotara bietako batek lana bilatuz gero nahikoa zen familia guztia bizilekuz aldatzeko.

Baina itzul gaitezen berriro hasierako egoerara. Jaioterrira bisitan joaten naizenean sentsazioa dut han egon ez naizenean zerbait galdu dudala, bisitaria, esperientziadun bisitaria, baina bisitaria naizela. Eta, bestalde, azken urteotan bizileku dudan herrian beti izango naiz kanpotik etorritakoa. Ez dit inork inoiz halakorik esan –edo agian inoiz baten batek bai–, baina bai ‘haiek’ eta neuk, biok, dakigu horrela dela.

Hortaz, ni moduan dauden tonaka pertsona orain dela urte batzutatik sonan dagoen ‘ezlekuetan’ kokatuta gaude; ez batean eta ez bestean. Are gehiago, erabaki irmo bat hartu artean, edota zirt edo zart egin artean, ‘ezleku’ horretan jarraituko dugu halabeharrez. Bi lekuetan egon nahi honekin ez dugu nahikoa kunplitzen ez batekin ez bestearekin, ezta erabat aseta sentitzen ere. •