Llorente, Oihana

Dolua egiten hasi dira Ayacuchon

«Desagertuak ez dira deus, ez daude ez hilik, ezta bizirik ere», esan ohi zuen Jorge Rafael Videla diktadore argentinarrak. Saminari, erantzunik gabeko hamaika galderei, beldurrari eta, askotan, ingurukoen ulertezintasunari aurre egin behar diete desagertuen senideek. Nola? Noiz? Zergatik? Hilik egongo ote da? Nola hilko zuten? Sufrituko zuen? Astelehenean, Perun, gatazka armatuaren testuinguruan, 1984 eta 1991 bitartean desagertutako 65 nekazarien gorpuak beraien familiei entregatu zizkieten Huamanga herrian, Ayacucho departamenduan. Sendero Luminoso eta MRTA gerrilen eta Armadaren arteko gatazkak gogor jo zuen Ayacucho, Sendero Luminosok sostengu zabala zuenez bertan, eta, ondorioz, operazio militarren gune garrantzitsu bihurtu zen. Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordearen arabera, Peruk pairatu zuen gatazkak 70.000 hildako eragin zituen; horietatik 15.000 desagertuta daude. Urte askoren bueltan, Huamangako herritarrek beraien senideei merezi zuten agurra eman ahal izan zieten. Ainara LERTXUNDI