Isidro Esnaola

Ur tanta bat

Pasa den astean aurrezkiaren nazioarteko eguna ospatu zen. Data hori aitzakia hartuta, pobreziaren aurka aritzen diren zenbait elkartek beraien urteko txostenak aurkeztu zituzten. Horrela ezagutu genuen Oxfamen azken txostena, are Caritasena ere. Ondorio nagusiak aski ezagunak dira: krisiaren ondoren, aberatsak gero eta aberatsago dira eta pobreak gero eta txiroago. Horrelako txostenek uzten duten zapore mikatza leuntzeko asmoz, edo arreta desbideratzeko, edo glamour pixka bat jartzeko, “Forbes” aldizkari famatuak atera berri ditu aberatsenen zerrenda ezagunak: orokorra eta estatuz estatukoak.

Argi uzten dute hiru txosten horiek aberatsek gero eta gehiago irabazten dutela, eta pobreek, aldiz, gero eta gutxiago. Munduko biztanleak puxika bat bagina, globo hori ez litzateke borobila, ur tanta baten itxurakoa baizik. Erortzeko zorian dagoen ur tanta bat, hain juxtu: goiko partea gero eta finagoa, eta behekoa, aldiz, gero eta puztuagoa eta pisutsuagoa. Aberatsak zerrendatzea ez da zaila: gutxi dira eta bakoitzak pilatutako aberastasuna erraz neurtzen dute. Txiroak bestalde, ezin dira zerrendatu: bi txiroren artean beti topatu daiteke erdian kokatu daitekeen hirugarren bat, eta, horrela, infinitura arte jarraitu ahal da zerrenda bat osatu nahian. Txosten horiek guztiek irudi berdina ematen dute: mundua erortzeko zorian dagoen ur tanta bat da.

Datuen artean interesgarrienak abiadurarenak dira, hau da, urtetik urtera zenbat hazten den pilatutako ondarea. Hori aberatsen kasuan gertatzen da soilik. Gainontzekoen aberastasuna beste abiadura batean hazten da, hazten bada. Aberatsen kasuan, Oxfamen kalkuluen arabera, urteko %5,3 handitzen da aberastasuna. “Forbes” aldizkariak argitaratutako zerrenda hartzen badugu, %9,2koa da hazkunde-abiadura. Horrek esan nahi du, ezer gertatu ezean, abiadura horretan hazten den ondarea 8 eta 13 urte artean bikoizten dela, ezer egin gabe. Thomas Piketty ekonomialari frantziarrak kapital pilaketa aztertu du. Berak abiaduraren inguruan atera dituen zifrak bi horien tartean daude: bere kalkuluen arabera %6 eta %8 artean handitzen dira aberastasun handiak. Kalkulu ezberdinek antzeko emaitza ematen dutenean, eztabaida gutxi. Argi gelditzen dena zera da: ezin zaio luzaz eutsi sistema horri.

Dinamika eutsiezin honi muga bat ezartzeko, bai Oxfamek, bai Pikettyk, aberastasun handien gaineko zerga jartzea proposatzen dute. Oxfamek esaten duenez, %1,5ekoa izan daiteke zerga hori. Pikettyk, aldiz, orain dela gutxi egindako elkarrizketa batean, esan du, kontuan izanda aberastasun handien hazkundearen abiadura zenbatekoa den, %1eko zerga jasangarria dela horrelako aberaskoteentzat. Arrazoia du: ondarearen hazkundea baino askoz txikiagoa da zerga. Adibideekin jarraituz, hainbeste esames eragin dituen Gipuzkoako Aberats Handien zergaren kasuan, ordaindu beharreko zerga ez da %1era iristen.

Ezbairik gabe, aberastasunaren banaketan zergek eragin handia dute. Hala ere, zerga sistema ez da nahikoa. Esate baterako, gure lurraldeetako presio fiskala Europako batezbestekoa baino 7 edo 8 puntu txikiagoa da. Horrek esan nahi du hemengo administrazioak gutxiago biltzen duela sortzen den aberastasunetik Europako administrazioek baino, eta, horren ondorioz, birbanatzeko gutxiago duela. Desberdintasunak gutxitzeko ahalmen mugatuagoa duela. Bestalde, gizarte batean aberastasunaren banaketa desberdintasunak neurtzen dituzten adierazleak begiratzen baditugu, Europako batezbestekoaren azpitik gaude, hau da, nahiz eta gutxiago bildu, desberdintasunak txikiagoak dira hemen. Horren gakoa langileriaren borrokan datza: aberastasunaren oinarrizko banaketa lanaren eta kapitalaren artean dago eta. Euskal Herrian, langileek gogor egin dute borroka eta borroka horren emaitza oraindik nabaritzen da. Arazoa da adierazle horietan gero eta gutxiago nabaritzen dela. •