Iñaki Soto

«Black is beltza», argia iluntasunean

Gure artean Fermin Muguruza maite ez duen jendea badagoela jakin badakit. Koldarkeria eta edukazio txarra hainbeste hauspotu dituen 2.0 mundu honetan, ez dakit dozena bat edo hamaika ote diren, baina horietatik batzuk ezagutzen ditut, topatu ditut hortik zehar, etorri zaizkit esatera. Maitasuna eta gorrotoa auzi pribatuak dira eta, ondorioz, jendeak nahi duena maite edo gorrota dezake, libreki, laster gure gorroto eta maitasunen menpeko bihurtzen garen arren. Pertsonaia publikoen kasuan, gainera, «harreman» horiek normalak dira, pertsona baino gehiago pertsonaia ezagutzen dugulako.

Hein batean, gorroto edo dena delako hori, arrakastari euskaldunok diogun alergiaren ispilu dela uste dut. Katalanek, ordea, orokorrean, izugarri maite dute Muguruza, eta ziur naiz beraientzat arrakasta ez dela gorrotorako faktore, baizik eta miresmenerako arrazoi bat gehiago. Beste zenbaitek kultur kritikaz janzten du sentipen hutsa dena. Musikaren ikuspegitik noizbait berea ez dela nire estilorik kuttunena esan dut («mi rollo es el rock»), baina hortik egiten duenaren kalitatea ez aitortzera alde izugarria dago. Beste zenbaitek alor politikotik jotzen dio Fermini. Onartu behar dut nik ere ez ditudala bere zenbait adierazpen ondo hartu, ideologo baino gehiago kulturaren fronte politikotik aritzen denean gogoko dudala, baina hortik politikoki deskalifikatzera edo arerio gisa planteatzera… Ditxosozko fronte zabala eraikitzeko aldez aurretik jende gehiegi bazterrean uzten ari garela iruditzen zait. Baina, agian, hauek nire paranoiak besterik ez dira.

Nolanahi ere, artikulu honen zentzua ez da Muguruzaren defentsa egitea, era batean edo bestean laguna baita. Ez dut bera errebindikatu nahi, ez soilik, baizik eta berak gauzak egiteko erakusten duen profesionaltasuna eta ikuspegia. Mediokritatearen ozeano honetan, Muguruzak profesionaltasunaren, elkarlanaren, kalitatearen eta, besteak beste, kulturaren garrantzia erakusten digu. Euskaldunoi harro egoteko arrazoiak ematen dizkigu, bere obsesioak lan bihurtzen dituelako, goi mailako lan eta eragin handiko kanpaina.

50 urte bete dituenean, urtetako agenda atera eta batetik eta bestetik lagunak bildu ditu, baita bidelagun berriak bilatu ere. Ostegunean “Black is Beltza” proiektua aurkeztu zuen Bilboko Alhondigan eta, ni behintzat, txunditu egin nau ekimen honen dimentsioak eta kalitateak. Alor bakoitzean bikaintasuna bermatuko duten pertsonak hautatu ditu: lehenik eta behin, Harkaitz Cano literatur arloan eta Jorge Alderete marrazkigintzan. “Black is Beltza”, beste ezer baino lehen, nobela grafikoa edo komikia baita. Hortik abiatuta, erakusketa egiteko Satcha Jauregi gaztearekin aritu da elkarlanean eta proiektuaren bilakabide honetan Alhondigako arduradunak irabazi ditu, aurkezpenean onartu zutenez. Hortik aurrerako programazioa ikaragarria da, musikaren alorrean belaunaldi oso desberdinak biltzen baititu (Ruper Ordorikatik hasi eta Belakoraino, Manu Chao ahaztu gabe, jakina), baina baita gastronomiatik hasi eta zinemagintzan amaitzen den programa paraleloa osatu duelako.

“Trans” aurrizkia jarri dio proiektuari. Etiketa ez dut gogoko, postmodernoegia da niretzat. Baina, tira, berak honela izendatzen badu egongo da horretarako arrazoirik. Izan ere, Muguruzak nazioarteko joerak usaintzen maisua dela erakutsi baitu bere karreraren hasieratik. Besteak beste, usaimen hori errebindikatu nahi dut, kanpora begiratzeko joera hori, han ikusitakoa hona ekarri, eraldatu eta, «gure» ukitu eta nortasunak emanda, mundura gure ikonografia berritu eta egokituarekin jaurtitzeko gaitasun hori aldarrikatu nahi dut. Lana, zorroztasuna… beste baloreetako batzuk dira, estajanovismoarekin batera.

Esan bezala, ez dakit Fermin maite ez dutenak zenbat diren. Bera bezalako dozena batekin, ordea, gaudena baino hobe geundekeela argi dut. Musika ez gustatu arren, komikiak umeen kontuak direla sinetsi arren, ingelesa moda edo inperioaren hizkuntza dela pentsatu arren, elitearen jauregiak erautsi behar direla uste izan arren… “Black is Beltza” proiektuak aitaren etxea amaren suarekin berotzeko moduko energia duela onartu beharko dute, profesionaltasuna soilik gorrotatzeko gordetzen duten horiek. •