Maider EIZMENDI

Endika Gutierrez

Taularen gainera igo eta arerioei hitz ukabilkadak ematen da maisu. Red Bull Nazioarteko Oilar Batailan guztien gainetik jarri eta titulua lortu du Endika Gutierrez «Invert» barakaldarrak. Ametsa, ia obsesio, izan du Endikak lehia honetako gailurrera iristea, eta, behin tontorra zapalduta, kaleratuko duen diskoan jarri nahi ditu indarra guztiak orain.

Hitzordua Bilboko Abandoko tren geltokiaren atean egin dugu, eta, jendearen joan-etorri horretan, musika entzunez, txaketaren txanoa jarrita... iritsi da, lasai-lasai. Oharkabean igaro da ordu horretan kalean dabiltzan herritarren artean, etxean baino askoz ezagunagoa delako etxetik kanpo. Rap munduan handienetakoa den saria irabazi berri du Endika Gutierrez, Invert barakaldarrak: Red Bull Nazioarteko Oilar Batailako finala. Horrela, azken zazpi urteetan buruan izan duen helburua lortu du, «ametsa».

Ahotsa ez zaio oraindik ere onera etorri eta lehiaketaren biharamunean sentitutako gorputz-giharretako mina oraindik ere sentitzen duela aitortu digu. «Presio handiko uneak dira lehiaketan bizitzen dituzunak eta horrek pasara handia ematen du», onartu du.

Txapelketa mota honetan bikoteka igotzen dira taularen gainera lehiakideak, eta, norbere burua goratzeaz gain, ondokoarena ahalik eta gehien makurrarazten saiatzen dira: «Gure artean oso giro ona egon da [Kolonbia, Mexiko, Txile, Peru eta Panamako pertsona bana eta Argentinako bi izan ditu arerio finalean], lagun ere egin gara, baina taularen gainera igotzerakoan lehiakideak gara», nabarmendu du. «Jendeari arerioaren hutsak nabarmentzea gustatzen zaio, baina ez da hori teknika bakarra; hori bai, haren gainetik geratu behar duzu», jarraitu du. Boxeo borrokaldi baten pareko da azken batean, ukabilkadak hitzez ematen badituzte ere. «Ni agertokira igotzean handitu egiten naiz, boxeolariek egiten duten moduan».

Inprobisazioan lehiakideak erakusten duen abiadura, baina, batez ere, irtenaldi edo puntu umoretsuak dira epaimahaiak gehien kontuan hartzen dituenak. Endika Gutierrez beraren esanetan, «ikuslea ezustean hartzen duen hitz-joko argia», alegia.

Zalantzarik gabe, horretarako baliabideak izan baditu barakaldarrak, «espontaneoa eta irekia» izateaz gain, «hiztuna eta mugitua» ere badelako. Agertokiaren gainean ez ezik, handik behera jaitsitakoan ere inprobisatzeko gaitasuna izatea garrantzitsua dela uste du. «Nire lanean bertan ere saiatzen naiz inprobisatzen egunerokoan [gimnasio batean egiten du lan]. Komenigarria dela uste dut», azaldu du.

Inprobisazioa, ordea, landu egin behar da, eta bide horretan lan handia egin du rap musikara bertaratu eta sekulako tiradizoa sentitu zuenetik. «Gaztetxoa zarenean normalean musika batekin identifikatzen duzu zure burua; nik ez nuen halakorik topatu. Onartu behar dut, estetikak erakarri ninduen lehenik rap mundura: galtza handiek, txapelek... Musikarena ondoren heldu zen. Doinu haiek, baina, harrapatu egin ninduten azkenerako eta nire burua definitzen lagundu zidaten», gogoratu du. «Egun ez nuke nire burua musika mota hau gabe azaltzen asmatuko», gaineratu du.

Egunerokoa baliatzen du entrenamendu gisa, begiztatzen duen horri punta ateratzen edo errima bat jartzen saiatzen da-eta. «Skater batek kalean doala erpin eta koskak ikusi eta haien gainean irrist egiten saiatzen da; gauza bera egiten dut nik ikusten ditudan errealitate desberdinekin». Azken batean, hitzak, hitz-jokoak... osatzen ditu buruan gordetzen joaten da. Erritmoaren gainean dantza egiten, «flow deitzen den hori» barneratzen ere ikasi behar izan du Endika Gutierrezek eta hori denborarekin eta aritzearekin lortu duela aipatu du.

Entsegu horietan afizio bera duen lagun taldeak asko laguntzen dio. «Asteburuetan maiz hori izaten da gure plana, elkartu, zerbeza batzuk erosi eta rapeatzen aritzea», kontatu du. Azken hilabeteotan ohi baino gehiago elkartu behar izan du haiekin, bete-betean aritu baita lehiaketa prestatzen. Sariketa bera, ordea, aspaldi irudikatutako ametsa du. «Orain zazpi urte hasi nintzen lehiaketotan parte hartzen eta orduz geroztik buruan izan dudan nahia da lehiaketa hau irabaztea», aitortu du. “Obsesio” hitza ere baliatu du sariketa honen bueltan sortu zitzaion sentimendua deskribatzeko. Kostatu zaio, eta, behin gailurrera iritsita, lasai dagoela aitortu du: «Ez dut gehiago lehiatuko, argi daukat; inprobisatzen jarraituko dut, noski, baina lehiaketak utzi egingo ditut. Lortu dut nahi nuena eta kito!». Faltan botako duela aitortu du, baina, «gustura nago nire buruari helburu hori jarri eta bete dudalako».

Horrek ez du musikatik aldenduko, egunotan bertan buru-belarri baitabil Endika Gutierrez osatu duen diskoa sareratzen. «Urtebete baino gehiago daramat diskoaren lanketan», argitu du. Idatzita zituen letra batzuk eta buruan beste batzuk. Uda honetan halabeharrez hartu behar izan zuen atsedena baliatu du diskoa borobiltzeko. «Etxean bertan estudio bat egina daukat eta bertan aritu naiz grabaketa lanetan», zehaztu du. Aurreko lanekin alderatuta aldaketak egin dituela onartu du: «Denetik sartu dut, lehiaketako rapa landu dut, baina bestelakoak ere bai». “Abran Paso” izenaz bataiatu du lana eta datorren astean igoko du bere jarraitzaile guztiek entzun dezaten. Argi zuen, gertatutako gertatuta ere, nazioarteko lehiaketa jokatutakoan argitaratu nahi zuen. «Ea bultzada emateko balio duen!», azaldu du irribarretsu.

Musikaz eta idazten duenaz bizitzea gustatuko litzaiokeela ez du ukatzen, baina hori, tamalez, ez dagoela bere esku azaldu du. Rapak Latinoamerikan duen indarrari inbidiaz begiratzen dio. «Hemen ere indarra izan badu, baina diru gutxi mugitzen da arlo honetan», zehaztu du. Txapelketako finalean lehiakide izan zituen pertsona guztiak musikaz bizi direla aipatu du, baina «hemen ezinezkoa da». Ez du etsitzen, ordea. Bere ustez rapak berriz ere indarra hartuko du, eta, «bide horretan nire eredua baliagarria bada, primeran!».

Aspertzeko betarik gabe, euskaraz hitz egiten ikastea da gaur egun duen beste erronketako bat. Hori lortzeko egunero joaten da euskaltegira. Noizko euskaraz rapeatzen? «Idatzi izan dut rap abesterik euskaraz, baina, egia esan, kosta egiten zait nire burua euskaraz rapeatzen ikustea. Euskaldun berria naiz ni eta rapean aritzeko hizkuntza izugarri menderatu behar da; hori bai, idatzi izan dut euskaraz eta euskaltegiko irakasleak ere zuzendu izan dit testuren bat!», kontatu du barrez.

Raparen bitartez gaztetxoei laguntzea ere buruan darabil. Abokatu talde batekin egiten du lan musika honen bitartez emakumeen aurkako indarkeria edota bulling-a bezalako gaiak lantzeko. «Eskoletara joaten gara eta rapa bide hartuta ikasleei gai horiek modu didaktikoan irisarazten dizkiegu. Rapa gazteengana iristeko bide erakargarria da, izan ere», aipatu du, musika honi dion miresmena nabarmenduta. •