ENEEK

Zer berri ortu ekologikoetan?

Baratzezaintzaren munduan barneratu den pertsona orok noizbait galdetu izan dio bere buruari, «zer landatu dezaket hilabete honetan?, noiz erein ditzaket berakatzak?». Galdera hauentzako erantzun zehatzik ez dago, lur bakoitzak, toki bakoitzak dauzkalako bere berezitasunak. Udalerri berdinean ere, baldintzak eta lurrak aldatzen dira, eta ortugile bakoitzak bere lan egiteko era moldatu behar du bere errealitatera.

Egoera horren jakitun, hurrengo lerrootan informazio orokorra emateko saiakera egingo dugu, datozen hilabeteetan euskal baratzeetan topatuko dugunaren eta egin daitezkeen laboreen berri eman asmoz. Azalpen hauek pertsona adituek eman dizkigute: esperientzia luzeko ortugile ekologikoek, alegia.

Zer dago baratzeetan sasoi honetan?

Udazkenaren azken hilabetean sartzear gaudelarik, eguzkiak bere izpirik onenak bota ditu jada. Hortaz, fruitu-laboreak (tomatea, piperra, kuiatxoa, leka, berenjena... heldutasunera iristeko eguzkia behar duten jakiak, alegia) bukatuta edo, negutegia daukaten baratzeetan, bukatzear daude. Hala ere, aire libreko ortuak oraindik ekoizpen betean egoteko moduan badaude: uztaila-abuztuan negurako landaketa egokiro egin bada, momentu honetan mota guztietako azak, azalorea, brokolia, porrua, eskarola, espinaka, zerba, azenarioa, erremolatxa, errefautxoa, borraja, errukula, apioa, kardua eta bestelako sustrai zein hosto-laboreak topatuko ditugu.

Udara bukaeran jaso eta gordetako laboreak ere eskura dauzkagu: indaba, kalabaza, patata, kipula, sagarra, kiwia... Hauentzat, biltegiratzea baldintza egokietan egitean dago gakoa: oro har, gordetzeko diren elikagai freskoak eguzkitik apartera dagoen leku lehor eta aireztatuan jarri behar dira. Kalabazak 15-17 graduren bueltan ederto daude, baita hezetasun apur batekin ere. Beste aldetik, hotzari eutsiko ez dioten ortuariak eta fruta batzea komeni da, lehengo izozteak iritsi aurretik.

Azaro-abenduko laboreak baratzean

Aire libreko baratze batez ari bagara, urtearen sasoi honetan ez dago gauza handirik egiterik, landaketei dagokionez behintzat. Baldintza klimatikoek markatzen dute muga: irailaren lehenengo hamabostalditik aurrera, aire librean egindako landaketak garapen optimora ez iristeko aukerak handiak dira: azarotik aurrera, landareen hazkundea asko geldotuko da. Edonola ere, badira beste lan batzuk ahaztu ezin daitezkeenak: ortuaren bazterrak garbitu, aurreko landaketatik geratu diren landare zaharrak batu, egurra estalpean sartu... Landaketak egiteaz, estalpean ez bada bederen, ahaztu.

Udaberriari begira, baserritar batzuek labore arin bat egiten dute, lurra zati handitan apurtuz, neguko hotzak mokilak birrindu ditzan. Beste baserritar batzuek, aldiz, hurrengo udaberrira arte itxarotea nahiago dute.

Fruta arbolei dagokionez, hosto guztiak jausi direnean, kimaketa egiteko moduan gaude. Zuhaitzak berreskuratu du ahal zuen guztia hostoetatik; gainera, adarren egitura garbi ikusten da eta horrek kimaketa lana errazten du. Garrantzitsua da lan hau ilbeheran egitea, zuhaitzari egiten zaion kaltea ahalik eta txikiena izan dadin. Ez dezagun ahaztu zuhaitzari zauriak egiten ari garela. Gainera, erretiratzen zaizkion adarrak, azken finean, zuhaitzak galtzen dituen erreserbak dira, horregatik, ez da komeni urtero egurraren heren bat baino gehiago kimatzea. Gaixotasunen zabaltzea ekiditeko, zuhaitzetik zuhaitzera guraizeak alkoholarekin garbitzea aukera ona da.

Ereintzak eta landaketak aire librean

Porru berria (apirila inguruan landatzeko eta ekainean batzeko); ilarra, baba beltza, tipulina, baratxuri freskoa. Araban, lehorrerako baratxuria eta baratxuri freskoa, baba beltza, ilarra, neguko letxugak eta espinaka. Landaketei dagokionez, kantauriar isurialdean tipulina da (abenduaren bukaera aldean) aldatzea merezi duen labore bakarra. Araban, aldiz, bat ere ez.

Abenduan ere, hazia ateratzeko gorde diren kipulak landatzen dira bazterren batean (aire librean landatu daitezke, edota negutegian, babestuago egoteko). Kipula hauek udaberrian loratuko dira, eta hazia prest izango dute udararen hasieran.

Ereintzak eta landaketak negutegian

Negutegia izanda, letxuga eta kukulu tanda txikiak erein eta landatu daitezke hilean behin. Berdin espinakarekin. Errukula eta errefautxoak zuzenean erein daitezke lurrean, baratxuri freskoa eta lehortzeko baratxuria bezala (kantauriar isurialdean, lehorrerako baratxuriak arazoak dauzka aire librean, baina ondo garatzen da babespean). Aire librean gertatzen den eran, posible da negutegian baba beltza edota ilarrak ereitea. Abenduaren bigarren hamabostalditik aurrera, tipulinak landatu daitezke. Informazioa zabaltzeko, ENEEK eta Biolur Gipuzkoak prestatutako “Ortu ekologikoaren plangintza koadroa” eska dezakezu bi erakunde hauetan.