Oihane Larretxea

Kontraesanak

Bizitzak berak baditu kontraesanak, berezkoak direnak eta, gehiago ala gutxiago kosta, onartu egiten direnak. Aitzitik, benetan aldrebesak direnak guk geuk sortzen ditugun kontraesanak dira.

Orain egun batzuk lagun bati hots egin nion, lanpostu berria lortzeko –lanpostu ona, oso tentagarria eta egun dituenak baino baldintza hobeak– curriculuma aurkeztu behar zuen egunaz galdetzeko. Hiru ama hizkuntza, lizentziaduna, master bat, ikastaroak, arlo zehatz horretan lan esperientzia hainbat urtez eta batez ere egiten duenagatik grina. «Sentitzen dugu, baina curriculum onegia duzu. Formatuegia zaude». Sinesgaitza, baina huraxe izan zen bulego hartan jaso zuen erantzuna.

Lagunari zer esan ez nekiela gelditu nintzen. Aspaldian entzun nuen kontraesanen kontraesanaren aurrean nengoen. Alde batetik, ikasteko, ezin dugula lorik hartu, gurean onenak izaten saiatu behar dugula atzetik daudenak harrapatu egingo gaituztelako bestela… Hala eskatzen digute, eta hala egiten dugu.

Baldintza aproposak betetzen ditugunean, ordea, aukeren faltan, atzerrira joan beharrean daude talentu ugari. Orduan, eta ez lehenago, negar egiten dute enpresariek eta arduradun politikoek, baita gurasoek ere –hauenak bai malko zintzoak–.

Garai batean profil profesionala puztu egiten zen: han eta hemen aritu zinela, hura eta bestea egin zenuela… Hori bai, nork esan behar zuen lanpostu bat eskuratzeko bikaina den curriculum batetik gauzak ezabatu beharko genituela, inbertitutako denbora eta trukean lortutako jakinduria guztia lausotu beharko genituela «onegiak» ez izateko! Atera dirua koltxoi azpitik, curriculumek tokia behar dute-eta. •