Beñat ZARRABEITIA

Jorge Bilbao

Indautxukoa da, 19 urte ditu eta bere amets amerikar propioa bizitzen ari da. Jorge Bilbaok unibertsitateko ikasketak eta saskibaloia uztartzen ditu UTA Arlingtongo Texasko Unibertsitatean. NCAA txapelketan jokatzen du –AEBetako txapelketa unibertsitarioa eta NBAren atarikoa– eta Texasen haurren posterretako izarretako bat da.

Wim Wenders zinegile alemaniarrak “Paris, Texas” film arrakastatsua zuzendu zuen 1984an, Euskal Herrian Kortaturen “Oker nago” kantuko zati bat inspiratu zuen pelikula. Beste garai bateko kontuak dira horiek 1995ean Indautxun jaiotako Jorge Bilbao Torrontegi saskibaloi jokalari gaztearentzat, baina Wendersen filmaren estrainalditik hiru hamarkadara bilbotarra bere istorio propioa bizitzen ari da Texasen bertan, Arlingtong hirian. Filmeko protagonistekin alderatuta, hori bai, galduta baino ibilbide propioa egiten ari da bera, unibertsitate ikasketak eta goi mailako saskibaloia uztartzen dituen bidea.

Jesuitek Indautxun bertan duten ikastetxean Batxilergoko bigarren maila abiatu aurretik hasi zuen bidea Bilbaok, «Loiola Indautxu taldean nire entrenatzailea zen Txutxo Sanzek AEBetako unibertsitate batean beka bat eskuratzen saiatzea gomendatu zidanean». Helburua, karrera bat egin eta bitartean saskibaloi jokalari bezala hazten jarraitzea zen, baina ez zen apustu erraza suertatu. «Behin erabakia hartu ondoren prozesu luze bat hasi behar izan nuen, azterketa batzuk egin, paper ugari bete... Pentsa, nire jokaldi eta partidarik onenetako irudiak ere sarera igo behar izan nituen bertako teknikariek nire dohainak ikus zitzaten», gogoratu du bilbotarrak.

Lanak fruituak eman zituen eta denbora batera unibertsitate ezberdinek NCAA txapelketa unibertsitario prestigiotsuan jokatzeko aukera eskaini zioten, «nire ikasketak eta gastuak euren gain hartuz beken bitartez». Behin Batxilergoko bigarren maila amaituta, unibertsitateak ezagutzera gonbidatu zuten Bilbao, eta, azkenean, UTA Airlingtongo Texasko Unibertsitatea hautatu zuen berak.

Aldaketa handia suposatu zuen erabakiak, 18 urte bete berri herrialde eta kultura ezberdin batera jauzi egin behar izan zuelako. «Bilatzen ari nintzena zen. Ez nuen saskibaloiaren eta ikasketen artean hautatu nahi, eta AEBetara etortzeak biak uztartzeko modu egokia eskaintzen zidan. Bizitza osoa ikastetxe, talde eta inguru berdinean eman ostean, familia eta lagunak atzean uztea erabaki zaila izan zen, baina ziur nengoen nire etorkizunarentzat onena zela», gogoratu du.

Esperientzia berria bizitzen ari da Bilbao, liburu eta saski artean ematen ditu orduak, eta ez du aspertzeko betarik: «Exijentzia maila oso altua da. Eguna goizean goiz hasten da, 07.00etan, klasera joateko. Ikasgai baten eta bestearen artean, entrenatzaile batekin norbanako lan saio bat daukat eta 12.00ak aldera bazkaltzera joaten naiz etxera. Ostean, ‘Study hall’ izeneko gunera joaten naiz beste taldekide guztiekin batera; bertan mugikorrak kentzen dizkigute eta entrenatzaileek eurek irakasleek klaseetan agindu dizkiguten lanak egiten ditugula kontrolatzen dute. Ondoren, bideoak ikusi, pisu ariketak egin eta entrenamendu berri bat daukagu. 20.00ak aldera amaitu eta apartamentura itzultzen naiz, afaldu eta zintzilik utzitako unibertsitateko gauzak amaitzeko. Azkenik, berriro ere, bakarrik edo taldekideren batekin pabiloira itzultzen naiz jaurtiketak edo ariketa ezberdinak egitera ohera sartu baino lehen. Ez dut aspertzeko betarik!».

7.500 pertsonako pabiloia

Ahaleginak, baina, saria handia du: AEBetako NCAA txapelketa unibertsitarioan jokatzea, NBAren atarikoan. Bertan, dibisio ezberdinetan antolatuta, herrialde osoko unibertsitateetako saskibaloi taldeek elkarren artean jokatzen dute, eta, txapelketak, jarraipen sozial eta mediatiko izugarria du. «NCAAko taldeen inguruan sortzen den giroa itzela da. Milaka zale hartzen dituzten pabiloiak daude eta jarraitzaileek pasio handiarekin bizi dute saskibaloia. Gure kantxa duela urte pare bat eraiki zuten eta 75 milioi dolarreko gastua izan zuten lanek. Pentsa, bertan 7.500 lagun sartzen dira! Kirol maila altuko txapelketa da, etorkizunean NBAn edo Europan profesionalki arituko diren jokalariz beteta baitago», azaldu du Bilbaok.

Eragin ekonomiko handia duen txapelketa da, bizkaitarrak azpimarratzen duenaren arabera, «urtero milaka eta milaka dolar gastatzen dituzte unibertsitateek euren saskibaloi taldeetan, baina partidekin zein txapelketa nazionalarekin bilioiak mugitzen dira, ikaragarria da».

UTAko jokalariek eurek ere sumatzen dute taldearen oihartzuna, Europako goi mailako edozein klubek izango lukeen arreta bera pizten du-eta. Jorge Bilbaok harriduraz azaltzen duenez, «lan saio guztietara kazetariak datoz, jarraitzaileekin asteroko ekimenak ditugu, hiri osoan zehar gure taldeko kartelak edo posterrak ikus daitezke... Hedabideekin harremanak mantentzeko Media Day edo “Komunikabideen Eguna” ere egin genuen eta komunitatearen aldeko lanak ere egiten ditugu, laguntza guneetara, erietxeetara edo ikastetxeetara joanez, bereziki han dauden umeekin denbora pasatu eta jolasteko».

Aldaketa erraldoia

Bestalde, Dallas Mavericks NBAko talde ezaguneko pabiloia etxetik 20 minutura izanik, iragan den denboraldian partida pare bat ikusteko aukera izan zuen Bilbaok. Jose Manuel Calderon Baskoniako antolatzaile ohia pertsonalki ezagutzeko aukera izateaz gain, beste zerbaitez ere konturatu zen: «Zuzenean ikusita, Dirk Nowitzkik gauza zailak modu oso errazean egiten dituela eta jauzian egiten duen jaurtiketa ospetsu hori geldiezina dela baieztatzen duzu».

Pertsona irekitzat du bere burua Bilbaok eta egokitzapen zailik pairatu ez zuela dio, argi badu ere «hasieran aldaketa erraldoia izan zela. Bilboko bizitzatik Texasko errealitatera salto ikaragarria dago. AEBak eta Euskal Herriak ez dute elkarren antzik, baina heldu nintzenetik mundu guztiaren laguntza izan dut». Bere hitzetan, «Texasen baliabide ugari dituzte, gehien gustatzen zaidana hori da. ‘Ekintzaileen herri’ gisa aurkezten dute euren burua eta nik ere hala dela esango nuke, hainbat esparrutan aurrera egiteko aukerak daude eta bertako jendeak ere hainbat proiektu abiarazten ditu. Oso gustura nago bertan, agian kexa bakarra distantziak dira, autoa gauza ia guztietarako behar da-eta!».

Hala ere, argi du, gogorrena familia eta lagunengatik aldentzea izan zela, «Bilbon egotea asko botatzen dut faltan, familia eta lagunekin izatea. Esan liteke, esperientzia bikain hau bizitzeagatik ordaintzen duzun prezioa eurekin gutxiago egotea dela. Harremanak mantentzen saiatzen naiz, eta bereziki pozten nau etxera itzultzen naizen bakoitzean inoiz joan ez banintz bezala sentitzea naizela ikusteak».

AEBetan lehen urratsak emateko gertukoen laguntza izan zuen Bilbaok: «Ama behin baino gehiagotan egon da hemen, hasieran bizitza berriari aurre egiten eta etxe aldaketarekin lagundu ninduen. Joan den urtean, ezustean, Willy anaiarekin batera bertaratu zen nire partida bat ikustera!». Ez zen bisita bakarra izan, «2013aren amaieran osaba eta izeko ere AEBak ezagutzera etorri baitziren eta norgehiagoka batean izan baitziren. Ama laster itzuliko da berriz, denboraldiko lehen lehiak ikustera, eta kasu honetan Edurekin batera, nire beste anai bat». Lagunekin ere kontaktua mantentzen saiatzen da: «Batzuk urtarrila eta gero etortzea planeatzen ari dira eta kuadrillako lagunek unibertsitateko zikloa amaitu baino lehen bidaia bat antolatu nahi dute. Egunero familia eta lagun askorekin hitz egiten dut, bereziki Whatsapp bidez, eta, asteburuetan, tarte libre bat izanez gero, bideokonferentziak egiten ditugu. Ez da erraza, egunero gauza piloa egin behar ditudalako eta bi herriek ordutegi desberdinak dituztelako, baina ondo moldatzen gara».

Distantziak lagatzen dion heinean, Bilbao Basket eta Athleticen partidak jarraitzen ere saiatzen da. Beltzezko gizonei dagokionez, «jardunaldi guztietako emaitzen berri izaten dut, partidak ahal dudan heinean jarraitzen ditut eta jakin badakit oso denboraldi hasiera ona egiten ari direla».

«Intentsitatea eta izaera»

Athleticen lehen txanpa ez da hain egokia izaten ari, baina Jorgek pasioarekin bizitzen du eta daturen bat faltan izanez gero lagunek azkar argitzen diote: «Napoliren kontrako norgehiagoka aldagelan bertan nire ordenagailu eramangarriarekin jarraitu nuen, ondoren Europako zein Ligako beste partida batzuk ere ikusi ditut. Gainera, kuadrillako Whatsapp taldearen bidez informazio ugari jasotzen dut taldearen egunerokoaren inguruan, bertan partidak eta guzti komentatzen dituztelako! Maiatza heltzeko irrikatan nago, San Mames Barrira joateko aukera izango dudalako». Momentuz, Jorge Bilbao berak denboraldiari ondo ekin dio, aurreneko partidetan hasierako bostekoan izan baita. UTAren albisteak jarraitzen dituzten hedabideen arabera, bilbotarrak «intentsitatea eta izaera» ematen dizkio taldearen jokoari.

Aurten, sei dira NCAAn ariko diren euskal herritarrak. Iaz, Jorge Bilbaoz gain, honako beste hiru gaztea hauek ere aritu ziren: Aitor Zubizarreta azpeitiarra, Portlanden; Javier Lacunza nafarra, Florida Atlantic unibertsitatean; eta Alex Ramon gasteiztarra, Colgaten. Euren ekinbideak, baina, beste batzuk ere animatu ditu, Aitor Lopez eta Ander Perez bilbotarrak kasu. Biak ala biak, Jorge Bilbao bera bezala, Indautxukoak dira. Aitor Floridako TCC unibertsitateko taldean ari da. Hegaleko postuan aritzen da eta Loiola Indautxuko jokalari ohia da. Ander Perez, berriz, Unamuno Institutuko pibota zein Espainiako selekzioko gazte mailetako jokalaria izana da. Egun, AEBetako esperientzia Southeastern Oklahoma State University taldean bizitzen ari da, Texas estatuan bertan.

Euskal herritarren artean, Jorge Bilbaok eta Aitor Zubizarretak harreman berezia dute elkarren artean. «Oso lagun onak gara, sarri jokatu dugu-eta elkarren aurka Euskal Ligan, berak Iraurgirekin eta nik Loiola Indautxurekin. Horrekin batera, euskal selekzioko azpiko mailetan taldekideak izan gara eta udan lehen taldean ere elkartu ginen», nabarmendu du Bilbaok. «AEBetara joan aurretik ere paper guztien prozesua elkarrekin osatu genuen eta sarri Skype bidez hitz egiten dugu; gauzak nola dihoazkigun eta gure abentura propioak kontatzen dizkiogu elkarri», gaineratu du.

Bigarren kurtsoa hasi berri du Texasen Bilbaok eta ez du hurrenera begiratu nahi, ikasketak amaitu eta saskibaloian aurrera egitea helburu izanagatik: «Ez dakit zer gertatuko den unibertsitateko zikloa amaitzean. Izan ere, Espainiar Estatuan dagoen egoeraren jabe naiz». Hala ere, jakitun da ACB ligako denboraldi hasieran Bilbon Borja Mendiari debutatzeko aukera eskaini diotela eta Gipuzkoa Basketen Mikel Motosek eta Julen Olaizolak minutuak izan dituztela. «Gazteei jokatzeko aukera eman izanak pozten nau. Beti pentsatu izan dut hori dela bidea. Hemen egunero nire maila hobetzeko lan egiten dut, itzultzean profesionala izateko ametsa bete ahal izateko», esan du.

Bitartean, Jorge Bilbaok amets amerikarra bizitzen jarraituko du, itzuleran titulu akademikoa eta saskibaloian jokatzeko aukera izatea amets. Izan ere, “Paris, Texas” filmeko esaldi ezagunak dioen bezala, «altuerak ez dit beldurrik ematen, lurzoruak baizik». •