Segi zure erritmoan, eta, guk, gurean

Ez gara larritzen gure albotik pasatzen zarenean. Gu baino azkarragoa zara, baina baita builosoagoa ere. Gu garai batekoak gara, mantsoegiak nonbait gaurko egunetarako. Zu omen zara aurrerapena eta efikazia. Zu omen zara balioa duena, guk xarma baino ez omen daukagu. Eta xarmak ez duela etekinik ematen esaten dute mundua dirutan neurtzen dutenek.

Segi gure albotik pasatzen gu baino askoz azkarrago. Gu ez gara larritzen. Aldiz, iruditzen zaigu estututa doana zu zarela. Izan ere, zuretzat bezala guretzat ere egunak 24 ordu dauzka. Baina zuk ordu bakarrean guk hiruzpalau ordutan adina egiten omen duzu. Eta harro esan, gainera. Denbora tarte berdinean askoz gehiago egin eta, hala ere, beti presaka. Zuretzat denbora inoiz ez da nahikoa. Guk, berriz, gure denboraren gainean agintzen segitzen dugu.

Benetan zoriontsuagoa al da denbora berdinean gehiago egiten duena? amagoia.mujika@gaur8.info