Joxean Agirre

Xake partida

Houdini magoak bazuen numero bat generoen arteko harreman mota bat irudikatzeko balio zuena eta gizonezkoen artean arrakasta handia izan zuena: Houdiniren emazteak bere senarra soka batekin lotzen zuen lehenik eta zaku batean sartzen, ondoren zakua kutxa baten barrura bota eta giltzatu egiten zuen eta, kutxak gurpilak zituenez, bultzaka armairu batera eraman eta han itxita uzten zuen.

Emazteak hiru txalo jotzen zituen ondoren eta gortina bat zabaldu-biltzeko behar den segundo erdia aski izaten zen lekuak eta egoerak aldatzeko: Huidini bera agertzen zen emaztearen lekuan eta emaztea berriz armairuan: armairutik kutxa, kutxatik zakua eta zakutik soka batekin lotuta ateratzen zuen emaztea, publikoa, bereziki gizonezkoak txaloka zoratzen ari ziren bitartean.

Zergatik jotzen zuten gizonezkoek horrenbeste txalo? Dirudienez, emazteak magoa lotzen zuen bitartean ezkondu ziren egunaz gogoratzen zirelako eta sokak, zakuak, kutxak ikusten zituzten bitartean hipotekak, umeak, amaginarrebak ikusten zituztelako.

Genero harremanekin gertatzen den antzeko zerbait gertatzen da nazioen arteko harremanarekin ere. Artur Mas Rajoirekin jokatzen ari den xake partidan katalan buruzagiaren mugimendu batzuk distiratsuak iruditu zaizkit eta kasu honetan hiru txalo baino gehiago beharko diren arren, lekuak eta egoerak aldatzen hasi direla iruditu zait. Ez dakit Katalunia sokaz nola lotu zuten, uste dut dinastien arteko ezkontzaren baten bidez izango zela, Nafarroako erresumaren kasuan konkistaren bidez izan zen bezala. Hori gauza urruna da. Kontua da egoera aldatzen hasi dela, eta, publikotik begira egotea egokitzen bazaigu ere, horrek poza ematen du.

Nazioen arteko harremanari buruz irakurri dudan gauzarik politena Claudio Magrisek kontatzen du, nola ez. 1929an Letoniako ikasle talde bat Estonian sartu zen eta Suur-Munamaki izeneko gailurrera igo ziren eta, aitzurrean eginez, lau metro kendu zizkioten mendiari, Baltikoko garaiena zelako bere 317 metroekin. Estoniarrek gauzak bere onera ekarri zituzten eta, gainera, dorre bat ere eraiki zuten Baltikoko gailurrik garaienari buruz zalantzarik egon ez zedin. •