Ander Gortazar Balerdi

Kursaal Martutene San Sebastián

Martxan da Txomin Enea auzoaren (ber)eraikuntza, eta honekin batera, uholdeak direnean soilik erreparatzen diogun meandro arteko eremu luze honen biziberritzea. Makina bat buruhauste emandakoa da Loiolatik Martuteneraino dioan Urumea ibaiaren segmentu hori, gizaki garaikideak natura ulertzeko duen zailtasunen ondorio. Ez natura ez eta hizkuntza ere, bistan denez: “Lohi”+“ola”, “Antzi”+“eta”, toponimia pistak eman zalea da jaso nahi dituenarentzat.

Zaila da Loiola eta Martuteneri buruz zerbait irakurtzea uholdeak, trenbidea, kuartelak ala kartzela hitzak tartean ez direla. Hiritarrok auzoaren inguruan dugun pertzepzio kolektiboa da; domaia, auzo honek Donostiako istorio txundigarrienetariko bat gordetzen baitu.

1903. Donostia eta Hernani lotu zituen tranbia martxan jarri zen urtea. Garai oparoa dugu hau Donostian: belle époque garaia da bete-betean, eta hiriko burgesia dirudunak Martutene ingurua aukeratu zuen udako hilabeteak pasatzeko. Ez da salbuespena, urrutira mugitzeak denbora-kostua handia zuen oraindik, eta antzeko prozesuak gertatu ziren burgesia esanguratsua zuten hirietan (Artxanda Bilbon, Tibidabo Bartzelonan). Hala, ingurune erabat nekazari batean oasi ludiko-erresidentzial bat jaio zen, egun Martuteneko tren geltokia dagoen inguruan. Horren erakusle dira zutik dirauten villa eta dorretxe gutxi batzuk.

Ez zen bakarra izan, ordea. Hor daude Igeldoko funikularra eta jolas parkea, eta hor zegoen Ulia mendiko aisialdi gunea eta aireko transbordadorea, Leonardo Torrés Quevedoren lan ezezaguna. Baina Igeldo eta Uliak memoria hori nolabait mantendu duten arren, erabat ahantzi du Martutenek hamarkada dirdiratsu hura. Hipika bideko aldapa hasierak ez gaitu jada “KURSAAL” argitsu batekin agurtzen, Las Vegas estiloan.

1908an zezen plaza inauguratu zen, plaza de festejos públicos izenez bataiatua. Zezenketez gain dantzaldiak, borroka greko-erromatarra, kontzertuak eta abar luze bat antolatzen ziren bertan. Urte bi geroago Kursaal jolas parkea zabaldu zen FP institutua izandako eraikina dagoen lurretan: «Kursaal Martutene San Sebastián. American Park, inmenso parque de atracciones. A 19 minutos de San Sebastián por el tranvía de Hernani».

Gaur egun 21 minutu dira 26 autobusean. Tren geltokia pasa eta eskuinetara dauden arkupeak dira Donostiako beste Kursaal horren lekuko: dantzaldiak egiten ziren kristalezko jauregia, errusiar mendi bat, kobazulo artifizialak eta harribitxia, Port Aventurako Tutuki Splash ezagunaren moduko ur-atrakzio bat.

Arrakastak ez zuen askorik iraun, ordea. Diru arazoak medio, 20ko hamarkadaren erdialdera zezen plaza zein jolas parkea itxi egin zituzten, Igeldoko ikuspegi berdingabeekin ezin lehiaturik. Dantzaldiek iraun zuten soilik, baina ez denbora luzez, Donostiako belle époque jada gainbeheratuaren erreferentea zein zen garbi uzten zuen deitura baten pean: Campos Elíseos. Haiek ere, egungo donostiarren moduan, Parisen bizi ziren eta. •