Amaia Agirre

Usaimena

Ezagutu nuen usaimenaren arabera ni han nengoen edo ez bazekien ikasle itsu bat. Ezagutu nuen usaintzeko gaitasunik ez zuen neska katalan bat, eta sinestezina iruditu zitzaidala gogoratzen dut. Ez dut, hala ere, neska haren usainik gorde. Ezta ikasle harenik ere. Gure amona zenarena bai. Edo agian ez. Ikusmena galdu ondoko sudur mugimendu bizkorren testigu izan nintzen umetan. Entzumenak eta ikusmenak laguntzen ez zionean, usaimena zen gure amonaren iparrorratza. Sukaldeko giroa usaintzen dut, baina pertsonen usainak bereizteko gai ba ote naiz? Usaimena omen da zentzumenetan zoliena. Zorrotzena. Lotsagarri geratuko ginateke zakurraren usaimen gaitasunarekin alderatuz gero, baina usaimena dastamena baino 10.000 aldiz biziagoa edo indartsuagoa omen da.

Chicagoko unibertsitatekoek egindako ikerketa batek usaimenaren galera eta herioren hurbiltasuna elkarrekin zerikusian jarri ditu. Eta nik usain txarra hartu diot kontuari. Hala ere, usaimenaren galerak ez du berehala hilko garenik esan nahi. Iragarpena baino ez da. Zerbait behar bezala ez doan zantzua baino ez da. Oraindik ez dakite usaimen ahularen eta heriotzaren arteko lotura zehatza zein den, baina ziur daude giza harremanek, jan ohiturek eta ingurugiroak eragina dutela. Eta usain ezberdinak antzemateko gaitasunaren galera parkinsonaren edo alzheimerraren aurrekari da, dirudienez.

Ni ez naiz usaimenaren garrantziaz ia inoiz jabetzen, baina ezinbesteko zentzumena da. Gaixorik gaudenean eta sudurra itxita dugunean apenas penatzen garen ezeri usainik ez hartzeaz. Nik uste amorrazio handiagoa sortzen digula jakiei zaporerik hartu ezinak.

Baina usaimenak arriskuaren berri ematen digu. Edo gure inguruko egoeraren berri. Sukaldean edo kanpoan zerbait erretzen ari denean nor dugu salbatzaile? Edo ibai bat zakarrez beteta dagoenean? Eta zakarretara jaki bat noiz bota behar dugun, zerk salatzen digu?

Usaimena heriotzarekin lotu du ikerketa batek, baina nik bizitzarekin lotzen dut. Bakoitzak gure usaina dugu, eta horrek ere egiten gaitu berezi. Horrek ere besteengandik bereizi egiten gaitu, eta begietatik bezainbat, edo gehiago, sartzen zaigu sudur zuloetatik. Inoiz gutxitan pentsatu nuen usaimenaren garrantziari buruz. Inoiz ez naiz usaimena zer moduz daukadan begiratzera joan. Zuek? Niri mediku azterketa guztietan galdetzen didate ikusmenaren eta entzumenaren inguruan. Ahoaren egoeraz ere bai. Baina ukimen eta usaimenari buruz? Pentsa egunerokotasuna zer litzatekeen usaimen eta ukimenik gabe. Maite dituzunak usaindu eta sentitu ezean akabo! Beraz, hartu arnasa sakon, eta usaindu. •