Nagore Belastegi Martin
infraganti

Iñaki uribesalgo

Puntako teknologiak eta materialak eskuragai ditugun une honetan, atzera begiratzeko joera dago, vintage delakoa modan baitago. Egurra vintage materiala dela esan dezakegu, are gehiago eskuz eta mimoz lantzen bada. Material natural honekin ondo ikusteko eta dotore janzteko betaurrekoak sortzen hasi zen Uribesalgo, ia kasualitatez.

Arotza da Iñaki Uribesalgo. Orain, Urnietako etxeko garajean muntatu duen tailer txikian egiten du lan, baina 14 urte zituela hasi zen lanbide hau ikasten, bere maisuarekin. Hark erakutsi zizkion egurraren sekretuak eta teknikak. «16 urtera arte maisu on batekin izan nintzen. Garai haietan ohikoa ez zen maitasunez eta errespetuz tratatu ninduen. Gero beste aroztegi batzuetan izan nintzen, baina jada ez nuen ezer ikasi, sukaldeak eta tarimak muntatzen ibili nintzen. Ni beti bizi izan naiz krisian eta zegoenari heltzen nion, baina tailerra itxi zuten eta betaurrekoen kontua kasualitatez agertu zen», dio artisauak.

Elena Ibañez bere bikotekide-arekin batera, Errioxako Canales de la Sierra herrian etxe oso zahar bat erosi zuen, jakinda egitura bota beharko zutela eta berriro eraiki. Ondo zeuden egurrak mantendu eta gainera-koak aldatu behar zituzten, baina, nondik atera kalitatezko egurra? Bada, ba al da basoa baino iturri hobeagorik? Basozainei bertan zegoen egurra jasotzeko baimena eskatu eta etxea berreraikitzeko erabili zuten. «Astebete eman genuen bertan eta oso eguraldi txarra egiten zuen. Maisuarekin ikasitako egurra tolesteko teknikekin eta teknika berriekin saltsan ibiltzen hasi nintzen eta bat-batean betaurrekoen itxura zuen pieza bat lortu nuen. Orduan marraztu nuen lehenengo betaurrekoa eta egurrera eraman nuen eta, hara, diseinuko betaurrekoak nituen! Izugarri gustatu zitzaidan». Lehenengo betaurreko haien diseinua guztiz eskuz egin zuen. Paper bat tolestu eta betaurreko erdia marraztu zuen. Ondoren, moztu egin zuen eta papera berriro destolestean bazuen betaurrekoa. Logikoki, neurriak ez ziren zehatzak eta kristalak jartzera joan zenean optikariarentzat arazo bat izan zen.

Pixkanaka, ekoizpena hobetzen joan zen eta orain ordenagailu bidez diseinatzen ditu betaurrekoak. Hori da eskuz egiten ez duen gauza bakarra. «Makina asko ditut, baina azkenean dena asko sinplifikatzen da. Hasi nintzenean makinak erosten joan nintzen, probatzen joateko eta azkenean konturatu naiz erdia soberan dudala», kontatu digu bere tailerreko makinak erakutsiz. Lixatzeko edo mozteko erabiltzen ditu, besterik gabe.

Uribesalgorenak ez dira merkatuan dauden egurrezko betaurreko bakarrak, baina bai guztiz artisau erara egindako bakarrenetarikoak. Gainerakoek laserra edota kontrol numerikoko fresatzaile makina (CNC) erabiliz egiten dituzte. Artisau itxura galdu egiten da honela, nahiz eta eskuz lixatu eta bernizatu.

«Errioxan, betaurrekoekin lanean jarraitu nuen eta etxera itzultzean Interneten bilatu nuen ea egurrezko betaurrekoak ba ote zeuden. Ikusi nuen Alemanian eta Italian bazeudela egileak eta etxea eraikitzen jarraitzea erabaki genuen. Geroxeago, Interneten berriro begiratu nuen, ikusi nuen Katalunian eta Galizian sortzaile berriak zeudela, eta pentsatu nuen: ‘Egurrezko betaurrekoen hodei toxiko bat pasatu ote da?’ Desanimatu egin nintzen, nire ideia ez zelako berritzailea, baina euren teknika laser edo CNC bidezkoa zenez, aurrera jarraitzea erabaki nuen».

Uribesalgoren lan prozesua luzea eta zehatza da. Basoko egurra erabiltzen badu, hilabete asko emango ditu betaurrekoak lortzen dituen arte. Egurra uretan jarri behar da, lehenik, erretxina kentzeko, gutxienez sei hilabete. Gero, lehortzen utzi eta xafletan moztu eta egosi. Hortik aurrera hasiko da materiala lantzen. Ordura arteko denbora luzea denez, basoko egurra erabiltzen duen arren, erositako xaflak ere erabiltzen ditu. Honela, prozesua azkartzen du eta mota asko lor ditzake. Xafla duenetik hiru astetan aritzen da lanean (hiruzpalau betaurreko egin ditzake denbora horretan). Betaurrekoen forma diseinatzen du, egur bloke batean zizelkatu eta prentsa moduan erabiltzen du, tartean xafla jarrita. Denbora pixka bat pasatzen denean, piezak pegatzen hasten da –bakoitzak 25 pieza ditu, egurrezko eskuadrak barne–.

Betaurrekoak, nahieran

Betaurrekoei Nardaia marka jartzea ahalbidetuko dion zigiluaren zain dagoen bitartean, Uribesalgo merkatuan sartzeko lehenengo pausoak ematen ari da. Ezagutzera emateko, Facebooken profil bat zabaldu zuen pasa den urrian: “El bosque de las lunettes” du izena, Errioxako basoari erreferentzia eginez.

Profil horretan, pixkanaka sortzen ari den betaurrekoak erakusten doa –San Sebastian egunerako zuri-urdin batzuk prestatzen ari da– eta publikoarekin lehenengo harremana egiten du, nahiz eta oraindik ez duen dendarik, ez fisikoa ez Internet bidezkoa. «Webgune propioa izatea garestia da. Etorkizunerako nahia da egur mota, kolore eta diseinu guztien konbinazioa ahalbidetzen duen webgune bat sortzea. Honela, erosleak zuzenean erabaki ahalko du zein betaurreko nahi duen», aipatu du. Izan ere, berak betaurreko pertsonalizatuak sortzeko aukera ematen du.

Pagoa, sapeli eta intxaurrondo egurrak erabiltzen ditu batez ere, baina azkenaldiko joerei ere jarraitzen die. Adibidez, koloretako betaurrekoak egiten ditu, tindatutako xaflak erosiz, edo zebradunak –marradunak–. Azken hauek ez ditu oso gustuko, herrialde tropikaletan ekoizten direlako eta nahiago duelako bertakoa erabili, baina egurra modu jasangarrian eskuratzen duen ekoizle bat topatu du eta harekin egiten du lan. Eguzkitako betaurrekoak ere egiten ditu. «Nik, txikitatik, betaurrekoak eraman ditut eta niretzako egin nahi nituen egurrezko betaurrekoak, ez eguzkitakoak. Merkatu hori da gehien gustatzen zaidana, graduatutako monturarena, baina jan egin behar dugu eta eguzkitakoak ere egiten ditut».

Martxoan langile autonomoa izateko izena emango du eta hiru hilabete igaro behar dira artisautza ferietan parte hartu ahal izateko. Bitartean, artisaua dela frogatzen duen «azterketa» bat gainditu beharko du, baina ez dauka kezkarik. Ferietan ibiltzen hasten denean, negozioa ondo badoa, orain garajean duen tailer txikia handitzeko eta hobetzeko intentzioa dauka. Elenak lagunduko dio, orain egiten duen bezala, enpresa txiki hori kudeatzen. Beste helburuetako bat da tokian tokiko optikekin lan egitea. Bere produktuak saltzeko prest dauden saltokiekin harremanetan jarri nahi du Uribesalgok. Orain arte ez du zorte handirik izan. Optikari batek, kristalak jartzen saiatzean, montura bat apurtu zion eta beste batek barre egin zion. Berari mina eman zion horrek, lana gogoz egiten duelako. «Torlojua kenduz gero, kristala jartzeko malgutasuna dauka. Madrileko optikari batekin jarri nintzen harremanetan eta berak ez zidan inolako arazorik jarri. Orain, berarekin egiten dut lan eta asko laguntzen dit. Hemen badago optikari bat interesatuta, baina oraindik ez da animatzen», komentatu du ilusioz beteta.

Negozioa ondo badoa, familia honen helburua ez da enpresa handitzea, baizik eta bizitzeko adina diru lortzea gustatzen zaien hori eginez. Orain arte 14 pieza atera dira tailerretik. Batzuk oparitu egin ditu, beste batzuk prezio baxuagoan saldu... lagunak dira bere bezerorik onenak. Orain, bezero berriak erakartzea espero du artisauak. Monturek 400 euro inguru balio dute, baina berak dioen bezala, «gauza bat da zenbat balio duten eta beste bat zein balio duten». Kontuan izan behar da eskuz egindako zerbait dela, mimoz egindakoa eta mimoz tratatu beharrekoa.

«Nik nahi dudana da erosten duenak zaindu dezala, ez da hondartzara eramateko produktu bat, edota kotxeko eskularruen kutxan gordetzekoa. Egurra material bizia da eta beroak eta hezetasunak eragiten diote. Nik proba egin dut, betaurreko batzuk uretan utzi ditut astebete eta ez zaie ezer gertatu, kolorea aldatu zaie, agian, baina zaindu egin behar direla esan nahi dut». Bere betaurrekoek urte eta erdi dituzte eta berri-berriak daude, nahiz eta ez dituen gehiegi zaintzen. «Jendeak egitea nahi ez dudana egiten dut; hauekin lana egiten dut, ez ditut babesteko betaurrekoak janzten. Azken finean, nik egiten ditut eta nire kristalak bereziak direnez, ezin ditut bi betaurreko desberdin izan».

Uribesalgoren lanak ez dira futbolean jokatzeko edo ume batentzako. Okasio berezietan dotore jantzi nahi duenarentzat dira, edota egunerokoan itxuroso agertu baina zaintzen dituenarentzat. Bere lagun batek, estreinatu zituen egunean, gainean eserita apurtu egin zituela kontatzen du barrez artisauak. Edozein betaurrekoren gainean eseriz gero, apurtu egingo dira... baina bestelako probak egin ditu eta badaki bere sorkariek ohiko kolpe txikiak ondo jasaten dituztela. «Gainera, esan beharrik ez dago nirekin betiko bermea dutela, betaurrekoei edozein gauza gertatzen zaiela ere ahal dudan guztia egingo dudala konpontzeko. Hori da egilea ni izatearen abantaila», aipatu du, 25 pieza txikietako batzuk eskuan dituela.

Umoretsu, proiektu gehiago dituela aitortu du: gaizki atera diren betaurrekoekin, optika bateko erakusleihoan ederto geldituko liratekeen eskulturak egiten ditu eta noizean behin betaurrekoekin apropos gelditzen diren osagarriak egiten ditu: gerrikoak, lepokoak... Den-denak, egurrezkoak. Pedro haurrak urtebete du oraindik, baina pozik ibiltzen da aitaren inguruan jolasean. Ziur pozik ikasiko duela lanbidea. •