joseangel.oria@gaur8.info
davoseko hitzordua

«Munduko testuinguru berria» lelopean egingo da Munduko Ekonomia Foroa

Datorren astean egingo da Suitzako Davosen Munduko Ekonomia Foroa, elite politikoa eta ekonomikoa urtero elkartzen dituen hitzordua. Inoiz baino esku-hartzaile gehiago izango du aurten, 2.500dik gora. «Munduko testuinguru berria» leloarekin egingo dute foroa 140 herrialdetatik iritsiko diren gonbidatuek.

Kapitalismoaren internazionala» deitu izan zaio Davoseko Foroari, baita «aberatsen arazoak konpontzeko aberatsen bilera», «boteretsuenen irudia hobetzeko ekimena» eta «joera ekonomiko eta enpresarialak zehazteko lekua» ere. Brasilen ia urtero sortzen den eztabaidak (Lula lehen eta Dilma Rousseff orain ezkerreko alderdi bateko agintariak izanda, Davosera joatea egokia ote den edo ez) pentsarazten du munduko ekonomia merkatuaren parte izateko ezinbesteko baldintza dela Davosen egotea, eta herrialde hartako PT Langileen Alderdiak badirudi horixe uste duela.

45. foroko esku-hartzaileen zerrendan agintari ugari ageri dira; 300 inguru, antolatzaileen arabera. Horien artean, berrogeiren bat estatuburu eta gobernuburu ere egongo dira. Nazioarteko erakundeek, konpainia handienek, mundu akademikoak, gobernuz kanpoko erakundeek eta hedabide jakin batzuek ere ordezkaritza izango dute Suitzako Alpeetako herrian. Aurten, gainera, Nobel saria jasotako hamalau pertsona ere bertan izango omen dira.

Sekulako jakinduria biltzen dute «munduko testuinguru berria» aztertzeko eta «gure garaiko arazoei konponbidea aurkitzen laguntzeko», Klaus Schwab Foroko sortzaile eta presidenteak adierazi izan duenez. «Egungo buru eta agintariek aurrekaririk ez duten erronkei aurre egin behar diete, inoiz baino konplexuagoak direlako, sekulako abiaduran gertatzen direlako eta elkarri lotuta daudelako» esan zien kazetariei Schwab irakasleak orain astebete. «2015 honetan, arazo horien artean, arrakasta osoz nabigatzeko moduak aurkitzea lehentasunezko kontua da lider guztientzat, ez hazkunde ekonomiko iraunkorra bermatzeko bakarrik, konfiantza berrezartzeko ere garrantzitsua da-eta».

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkariak eskatuta, aurten Milurtekoko Garapen Helburuak ere aztertuko dituzte. NBEk berak ezarritako helburuak betetzeko epea aurten amaituko da eta hemendik aurrera zein helburu ezarri eta zer egin erabaki beharko dute orain agintariek. Horretaz ere ariko omen dira Davosen hilaren 21etik 24ra.

Klaus Schwabek joan den asteazkenean esan zuenez, gizadia bidegurutze batean dago une honetan. «Bide batek desintegrazio, gorroto eta fundamentalismora eramango gaitu, eta besteak, aldiz, elkartasuna eta kooperaziora». Parisen aurreko astean izandako atentatuek eta ondorengo manifestazioek bi bide horiek utzi dituzte agerian, sortzailearen iritziz.

Jim Yong Kim Munduko Bankuko presidentea, Eric Schmidt Google konpainiakoa, Roberto Egydio Setubal Itau Unibanco Brasileko bankuko zuzendaria eta Winnie Byanyima Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeko burua ageri dira esku-hartzaileen artean.

Enpresariei dagokienez, Davosen elkartuko direnen heren bat AEBetakoak dira; beste horrenbeste, Europakoak; eta gainerakoak, «garapen bidean» dauden herrialdeetakoak. Nabarmentzeko modukoa da Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako ordezkaritza. Baita Turkiatik eta Nigeriatik joango dena ere. Gainera, aurten inoiz baino sektore ekonomiko gehiago egongo dira Davosen ordezkatuta: nekazaritza, telekomunikazioak, robotika... Internet eta sare sozialak ahaztu gabe.

Txinako lehen ministroa

Agintariei dagokienez, AEBek, Japoniak eta Errusiak goi mailako ordezkaritzak bidaliko dituzte luxuzko eski estaziora. Txinak ere bai, Li Keqiang lehen ministroa bertan izango baita. Zhang Wenkui Garapena Ikertzeko Zentroko ikerlariak zera adierazi dio New Yorken egoitza duen Bloomberg hedabideari: «2014an atzerriko enpresa eta inbertitzaile batzuek zalantzan ipini zuten gure merkatuaren irekiera. Li premier-a horrelako foro ekonomiko garrantzitsu batean kezka eta zalantza horiek uxatzen saiatuko da eta Txinak erreforma gehiago egiteko eta gehiago irekitzeko duen konpromisoa azalduko du».

2009an Wen Jiabao garaiko Txinako lehen ministroa joan zen forora, munduko ekonomia sustatzeko 585 milioi euroko inbertsioak iragarri ondoren.

Txinan bertan ez diote garrantzi handirik eman Davosera joateko erabakiari. Xinhua berri agentzia ofizialak idatzi du lehen ministroaren bidaiaren berri Hong Lei Atzerri Ministerioko eledunak eman zuela, «Pekinen eskainitako ohiko prentsaurreko batean». Lik Suitzan egingo duena kontatu du agentziak, herrialde horretako agintariekin izango dituen harremanak nabarmenduz, ez Davoseko Foroa bera.

Latinoamerikatik joandako gonbidatuen kopuruak gora egin izan du azken urteotan, kontinenteak munduan gero eta garrantzi handiagoa duen adierazle. Aurten, Rousseff brasildarra joatekoa da, bere herrialdean zenbait «murrizketa prebentibo» egin ondoren. Begiraleek diote gerrillari ohia zerga politika berria abian jartzeko prest dagoela. Azken bolada honetan hartu dituen erabakiak ikusita, politika berri horrek ere aberatsenei egingo diela mesede pentsa daiteke, Rousseffi berari botoa emandako milioika lagunen haserrerako.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Enrique Peña Nieto Mexikokoak jakinarazi dute aurten ez direla joango. Txilek aurreko ekitaldietara baino maila txikiagoko ordezkaritza bidaliko du Suitzara.

François Hollande frantses presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra bertan izango dira. Baita Poroshenko Ukrainako burua ere.

Antolatzaileen arabera, aurten aztertuko dituzten gaien artean azpimarratu behar da tentsio geopolitikoak gora egin izana, potentzia nagusiak talka egiten ari baitira munduko hainbat tokitan. Moneta arazoak, klima aldaketaren ondorio sozial eta ekonomikoak (gai honen inguruan hitz egingo du Ollanta Humala Peruko presidenteak), teknologia berrien zabaltzeak eragin dituen aldaketak eta ebola izurritea ere ageri dira aurtengo agendan (Ibrahim Boubaar Keita Gineako burua joango da).

Aztertu beharreko beste gai batek oso ondo adierazten du Davosen elkartutakoen eta gainerako herritarren arteko alde ikaragarria. Milioika lagun krisi ekonomiko latza jasaten ari diren bitartean, luxuzko eski estaziokoek «krisiaren ondorengo ekonomiak dinamikoago, integratzaileago eta erresilientzia handiagoko nola bihurtu» eztabaidatuko dute. Batzuk krisitik bizirik nola atera ez dakitela, eta besteak, krisiaren ondorengo munduan negozio hobeak nola egin pentsatzen hasita!

Kapitalismoaren internazionala?

Lehen Internazionala langileak biltzeko Londresen 1864an sortu zen nazioarteko erakunde sozialista izan zen. Gizarteko pobreen arazoak konpontzen lagundu nahi zuen ekimena, beraz. Erakunde hori erreferentziatzat hartuta, Pablo Iglesias irakasle madrildarrak «kapitalismoaren internazionala» deitu zion orain urtebete Davoseko Foroari, La Tuerka Interneteko telebista saioan. Paralelismoari eutsiz gero, esan beharko da Davosen kapitalisten buruak elkartzen direla beren arazoak konpondu nahian. Ala pobreen arazoek kezkatuta joaten dira luxuzko eski estaziora, paradisu fiskalen erreinura?

Oso garbi du erantzuna Juan Mari Arregik, “Argia” aldizkarian iaz idatzi zuenez: «Politikariak, bankariak, finantzariak, enpresariak… denak batera egon dira Davosen, sistema kapitalistak ematen dizkien etekinak mantentzeko, ahalik eta kostu txikienarekin gainera. Kezkatu itxurak egin dituzte desberdintasunen eta gazteen langabeziaren aurrean, baina beraiek dira horien arduradun. Azkarrak dira oso, badakitelako desberdintasun eta langabezia hori jasaten dutenek leherketa soziala eragin dezaketela. Horregatik diote neurriak hartu behar direla egoera horiek arintzeko».

Ezkerretik aztertuz gero, Davoseko hitzorduak ez du gizakion arazorik konpontzen laguntzen. Zentzu horretan, «ez du ezertarako balio», Pedro Montes ekonomialari espainolak esplikatu izan duenez: «Gizadiaren benetako arazoak konpontze aldera ez dute ezer aurreratuko». 2.500 laguneko bilera zabal batek ez dirudi lekurik egokiena gauza handiak erabakitzeko. Ezta pertsona horiek egingo dituzten beste 280 bilera txikiagoek ere. Baina, seguru asko, negozio ederrak egingo dituzte. «Seguru asko» idatzi behar, bertan benetan gertatzen denaren berri ez baitzaigu iristen herritar xumeoi. Ezkutukeria da Davoseko hitzorduaren ezaugarrietako bat, aberatsenek hain beharrezkoak dituzten paradisu fiskalen ezaugarri den moduan. Eta sekretismo hori apurtu nahi luketen manifestariak luxuzko eski estaziotik urruti edukitzen dituzte Foroaren antolatzaileek.

Herritarren arazoak konpontzeko balio ez duela onartuta ere, herritar horien egoeran inolako eraginik ez duela ezin da esan Davoseko Foroaz. Aberatsenen kezka batzuk azaltzen ditu, bertan izango diren ehunka teknikari eta adituek ondo apainduta. Eta pentsatzekoa da Suitzan hitz egindako gauza batzuk bederen geure bizitzetara ere iritsiko direla. Edonola ere, esaterako, klima aldaketaren inguruan agertu izan duten kezkak ez du esan nahi bertan egon diren konpainia multinazionalek gero beren jarduera egokitu dutenik, ingurumenean duten eragin kaltegarria murrizte aldera. Eta ezberdintasunaren inguruko kezkari buruz antzeko zerbait adierazi daiteke, Davosen gaia aipatu duten horiek gero zergarik ez ordaintzeko ahaleginak egiten baitituzte, baita arrakasta lortu ere: alde batetik, arazo batekin kezkatuta daudela dirudi, baina bestetik, arazo hori konpontzen lagunduko luketen baliabideak ukatzen dituzte. Emaitza: ezberdintasuna gero eta handiagoa eta arriskutsuagoa da, gero eta biolentoagoa.