Maider Eizmendi
infraganti

Maitena Etxepare

Euskaraz ikasten ari da, bere erara, Euskal Herritik milaka kilometrora bizi direnei arbasoen hizkuntza irakasteko. Opor garaia da Argentinan eta laneko atsedenaldia baliatu du Lazkaora bertaratu eta Internetez ikasten duen hizkuntza burutik ahora ekartzeko. «Euskara zergatik?», galdetu diote maiz eta erantzun bakarra du: «Asko gustatzen zaidalako».

Orain 29 urte jaio zen Argentinan, baina txikia zenetik Euskal Herriak eta euskarak bere bihotz-buruko tarte bat bete dute. Biei helduta dabil egunotan Euskal Herrian, hilabeteko egonaldia egiten ari baita Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Atarian topatu dugu, bertatik pasatzen den guztiari «kaixo» sakon eta irribarretsu batekin erantzunez.

Ez da hona etortzen den lehenengo aldia, jada hirutan bisitatu baititu bere arbasoen lurrak Maitena Etxepare Iriartek, euskal jatorriko Chascomuseko herritarrak: «Lehenengo aldian, dantzan egitera etorri nintzen hona; bigarrenean, lagunak bisitatzera eta inguruak ezagutzera; eta hirugarren honetan, batez ere, euskaraz egitera», kontatu du.

Berezia da beretzat euskal lurretan sentitzea. Baigorritik eta Elbetetik joan ziren Argentinara bere arbasoak: «Izana naiz bi herrietan, noski; jada ez da familiarekin lotutako inor geratzen utzi zituzten baserrietan, baina benetan inpresioa egin zidan bi herri haiek bisitatzeak». Ez zuten euskarari eustea lortu ozeanoaz bestalde emigratu zuten arbaso haiek, baina jakin zuten belaunaldiz belaunaldi kantuak, hitz solteak eta Euskal Herriarekiko interesa transmititzea, Etxeparek gogora ekarri duenez: «Jatorri askotako herritarrak daude Argentinan: italiar jatorrikoak, euskal jatorrikoak, jatorri espainolekoak... Nik uste dut, hala ere, euren jatorriaren inguruko elementuak transmititzeko euskaldunek adina esfortzurik ez dutela egin besteek», esan du. Etxeparek etxean edan du Euskal Herriaren inguruko interesetik, bere aitak bizi-bizi eusten diolako: «Goizero, GARA irakurtzen du eta Euskal Herrira ere behin baino gehiagotan etorri da; ni etxera itzultzeko irrikaz dago, ea zer kontatzen diodan».

Itzulera eguna iritsi bitartean, euskara ahalik eta gehien xurgatzen saiatuko da, goiz eta arratsalde jasotzen dituen eskoletan eta bere modura egonaldia egiten ari den taldearekiko elkarrizketetan. «Gure artean giro ona dugu, klaseetan elkarrekin egoten gara eta handik kanpo ere elkarrekin hainbat ekintza egiten ditugu», aipatu du. Hainbatetan erantzun behar izan du zer dela eta duen euskaraz ikasteko grina hori: «Nire klasean badira euskara lanerako behar duten pertsonak eta bide horretan trebatzen ari direnak. Nik ez dut halako beharrik, euskara arrazoi bakar bategatik ari naiz ikasten, gustatzen zaidalako eta betidanik hura ikasteko gogoa izan dudalako, eta horixe erantzuten dut galdetzen didatenean».

Apurka, aspaldi; modu erregularrean, orain urte eta erdi ekin zion euskara ikasteari. HABEk martxan jarritako Euskara Munduan programaren baitan jasotzen ditu eskolak eta astean behin agintzen dizkioten lanak bidaltzen ditu Internet bidez. Buruan duen euskara ahora eramatean sumatzen ditu zailtasun handienak: «Gramatika eta hiztegia ikasten ditut, baina haiek erabiltzen ez baditugu, ez dugu hizkuntza sakon ikasten; askatzea falta zait». Hori dela eta, Etxeparek ahalegin handiak egiten ditu euskara erabili ahal izateko: «Nire herrian ez dago euskaraz aritzen den inor eta astean behin La Platara joaten naiz, bertan dagoen irakasle euskaldun batekin hitz egitera». Erraz esaten da, baina joan-etorrian 180 kilometro ditu. Ez dio, baina, zailtasun horri erreparatzen: «Nire buruari aurreratzen ari naizela erakutsi behar diot eta aurrean zailtasunen bat izanda ere gaztelaniaz hitz egiten utziko ez didan norbait izan behar dut», azaldu du, erdarara jotzeko duen joeraz barrez.

Euskara Munduan programaren helburuetako bat euskal etxeetan euskara irakatsiko duten irakasleak trebatzea da eta horixe bera da abokatu eta irakasle lanak tartekatzen dituen argentinar honen helburua. «Interes handia sumatzen da bertan eta itzuleran hasiko naiz euskara eta euskal kultura ikastaroak ematen». Nabarmendu duenez, ikastaro horietan ez da gramatikan gehiegi sakontzen: «Han euskara ikastea ez da hemen ikastearen modukoa. Hitzak, kantuak eta euskararen inguruko historia dira batez ere eskola horietan lantzen ditugunak». Hori atzeratzen joan da, baina jada eskolak ematen hasi beharrean dago: «Euskal Etxean esan eta esan ari zaizkit eta, hona etorri aurretik, bueltan derrigor hasi beharko nuela esan zidaten». Adinean aurrera egindako pertsonak dira batez ere interesa azaltzen dutenak, nabarmendu duenez: «Azken batean, gazteek beste hainbat gauza dituzte ikasteko eta interesa izanagatik agian gerorako uzten dute», aitortu du.

Gurean euskarak duen egoeraren inguruan ere mintzo da argentinarra. «Lehen aldiz etorri nintzenerako banekien euskara ez zela leku guztietan eta modu berean erabiltzen. Ez nuen sorpresa handirik hartu. Agian, nik hasiera batean uste nuena baino gehiago hitz egiten dela jabetu naiz, herri txikietan batez ere eta ni mugitzen naizen inguruan ere bai», kontatu du. Zenbait eremutan gaztelania baliatzeko dagoen joerak harridura sortzen dio. «Jakingo balute guri zer esfortzu eskatzen digun elkarrizketan euskaraz modu egokian hitz bakar bat sartzeak!».

Euskal etxeen eta, oro har, diasporaren inguruan ere aritu da. Internetek munduan barrena zabaldutako herritarrei sekulako leihoa zabaldu diela uste du. Bere kasuan, sareak euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dizkio eta Euskal Herrian dituen lagunekin komunikatzeko bide paregabea, baina beste askori beren arbasoen jaiolekuaz gehiago jakiteko aukera ematen die: argazkiak ikusteko, historian murgiltzeko, albisteen berri izateko... Izan ere, datu deigarri bat eman digu: «Ni bizi naizen herriko biztanleen %70ek, uste dut, euskal jatorriko abizena du eta euskal izenak negozioak eta kaleak izendatzeko erabiltzen dira». Hareago joanda, kontatu du alboko beste herri batean garai batean inor ez zela gaztelaniaz mintzatzen, emigrazio handieneko garaietan euskaldunak baino ez zirelako bizi bertan. Hortik dator, bere esanetan, euskal etxeek duten indarra: «Euskal jatorria aldarrikatzeko guneak dira eta horregatik euskal tradizioarekin lotutako ekintza mordoa egiten dira bertan; jaiak ere ez ditugu ahazten noski eta milaka kilometrora bagaude ere, ospatzen saiatzen gara». •