Amagoia Mujika Telleria
infraganti

Eneko Balerdi

Umetan konturatu zen beretzat dantza askatasunaren plaza zela. Haurra zela, Aizterrazun fandangoa eta arin-arina dantzatzen, zoriontasuna lehertzen zitzaion hanketan eta berdin gertatzen zaio oraindik ere. 21 urte zituela Londresa joan zen, dantza garaikidea ikastera. Hemen edo han, Aiako Uztataburu baserriko lurra beti hanken pean sentitzen du.

Eneko Balerdi (Aia, 1981) dantza garaikidearekin korapilatuta bizi da. Beste korapilo batek bere baserrira lotuta dauka, Aiako Uztataburura. Balerdiren hankek salto eta jira egiten dute dantzan, baina sekula ez dute ahazten Aiako lurretan hazi eta indartu zirela. Han ikasi zutela ibiltzen.

«Lasarteko Michelinen lan egiten nuen, gurpilak egiten. Jakin nuen bertako Udalak dantza klaseak antolatzen zituela eta funky klaseekin hasi nintzen. 21 urte nituen. Ordura arte, hala ere, dantza besterik ez nuen egin. Aiarra izanda, ezin zuen bestela izan. Euskal dantzetan aritu nintzen 9-11 urte bitartean, baina esperientzia ez zen oso ona izan. Ez hainbeste dantzagatik, harreman kontuengatik baizik. Nik plazan egiten nuen dantza», hasi da bere ibilbidea errepasatzen.

Plazan eta erromerian hazitako dantzaria da, beraz. «Jaiero Aizterrazura joaten nintzen, nire arrebekin. Hori izan da nire lehen plaza eta nagusia. Lagunak ondoko frontoian pilotan aritzen ziren eta ni plazatik frontoira ibiltzen nintzen, pilotaren eta dantzaren artean. Oraindik ere fandango eta arin-arina dantzatzen gozatzen dut gehien, orduan bezala». Bere adineko mutikoek pilotalekuan ematen zuten arratsaldea. Enekok, nahiago plazan dantzan aritzea. «Betidanik izan naiz piztia arraroa taldean. Horrela horrenbeste urte daramadanez, ja erabat ohituta nago», esan du txantxetan.

Dantza barruan izan du betidanik. «Dantza gozatzeko, ondo pasatzeko modu bezala ulertuta, askatasun gune, beste pertsonaia baten azalean sartzeko bidea... Etxean beti dantzan aritzen nintzen, ikastolako urte bukaerako antzezlan guztiak nik zuzentzen nituen... Dantza niretzat komunikatzeko modua zela azkar konturatu nintzen, umetan. Goma jolasean ere gelako neska guztiei irabazten nien. Ez nintzen betiko roletan sartzen. Horrek batzuetan isekak ekartzen zizkidan bueltan. Egun batzuetan, axola zidan besteek esaten zutena, baina egun gehienetan, ez». Artean, Balerdik ez zekien dantza lanbide bat izan zitekeenik ere. «Nola pentsatuko nuen hainbeste gustatzen zitzaidana lanbide bat izan zitekeela?».

Lasarte-Oriako dantza eskolan zebilela, Ismael Oiartzabal dantzari profesionala joan zen klasea hartzera. «Kontatu zigun Suitzan zebilela dantzan. Nik: ‘Eskola batean?’. Eta berak, ezetz, lanean zebilela. Eta orduan konturatu nintzen dantza lanbidea izan zitekeela, eta bide hori egin zuen pertsona bat ezagutzea garrantzitsua izan zen niretzat», segitu du Balerdik. Handik gutxira, beste dantza ikastaro batean, Izaskun Lapaza dantzaria ezagutu zuen. «Izaskunek Londresen ikasten zuen. Ikastaro batean elkartu ginen Donostian eta ondo moldatu ginen. Izaskunek esaten zidan Londresko bere klaseko mutilen antza hartzen zidala dantzan. Teknika maila baxua izan arren, dantzarako sekulako gogoa nuela... Berak aipatu zidan Londresko Kontserbatoriora sartzeko Espainia mailako probak Bilbon izaten zirela eta parte hartzera animatu ninduen». 2003. urtea zen eta urte eta erdi baino ez zeraman dantza klaseak hartzen, funkya hasieran eta garaikidea gero.

«Aipatu zidaten dantza klasikoko proba bat zegoela tartean eta buru-belarri jarri nintzen Londresko eskolako proba hori prestatzen. Lasarteko irakasleari aipatu nionean, Londresko eskola horretarako probak prestatzen ari nintzela, ez ninduen asko animatu. Bere ustez, ez nuen mailarik ematen», gogoratu du. Baina Balerdi ordurako ohituta zegoen bidetik sasiak kendu eta aurrera egiten.

«Joan nintzen Bilbora, sarbide proba horiek egitera. Klasikoaren txanda iritsi zenean, irakasleek pentsatuko zuten: ‘Ze eskolatik irten da tipo hau?’. Taldekako proba zen eta pausoak besteei kopiatzen nizkien. Besteek baino geroxeago egiten nuen dena, baina egiten nuen. Garaikidearen partea ondo atera zitzaidan. Eta azken proban, bakarkako eta librean, jarrera aldaketa bat sumatu nuen zuzendariaren aldetik. Bere aurpegian harridura ikusi nuen, ordura arte apunteak hartzen ari zen eserita. Librean hasi nintzenean, koadernoa utzi, zutitu eta begira-begira egon zitzaidan, irribarrez. Gustatu egin zitzaiola iruditu zitzaidan». Eta gustatu zitzaion, Balerdiren irakaslearen pronostikoen kontra, Londresko eskolara sartzea lortu baitzuen. «Gogoan dut Londresko eskolako zuzendariak galdetu zidala: ‘Gurpilak egitea da zure lana?’. Eta, nik, baietz. ‘Eta Londresa joan nahi duzu egunero dantza egiten ikastera?’. Eta, nik, ahal banuen baietz».

Desberdintasuna aldarrikatu

Eta hala agertu zen Uztataburu baserriko sukaldean, Londresa dantza ikastera zihoala esanez. «Amak zer edo zer bazekien, aipatu nion Londresa joateko aukera. Amak oso mundu ikuskera zabala dauka eta horrek asko lagundu dit beti».

Txikia zela, bi urte bete aurretik, etxeko kafegailu zaharra gainera erori zitzaion Enekori. Erredura handiak izan zituen, eta erietxean bi hilabete eman zituen. «Ama egunero joaten zen bisitan, baina nik ez nuen ama ikusten. Bizkarrez ikusten ninduen, baina ez aurrez aurre, bestela negarrez hasiko omen nintzen-eta. Horrela izaten omen zen garai hartan. Erizainekin eta medikuekin ematen nuen eguna. Realaren garai onenak ziren eta ‘gol’ esaten ikasi nuen erietxean. Nik ez dut oroitzen, baina etxekoentzat oso-oso esperientzia gogorra izan zen. Orban handi bat daukat besoan, erreduraren seinale. Konturatu nintzenean beste mutikoek ez zutela halakorik, desberdin sentitzen hasi nintzen. Eta amak esaten zidan orbana nire parte zela, polita zela eta ni horrelakoa nintzela. Amak txikitandik desberdintasuna modu baikorrean ikusten erakutsi dit, eta hori oso lagungarria izan zait. Desberdintasuna aldarrikatu izan du amak, modu baikorrean». Eta, halaxe, semea dantzari izateko asmoz Londresa abiatuko zela jakiteak ez zuen asko asaldatu.

Orban nabarmena du beso aldean, bere parte gisa, amak txikitandik erakutsi dion moduan, eta ez dio dantzari izateko trabarik sortu. «Dantza garaikidean dantzariaren arimak dauka pisua, nortasunak, pertsonak. Eta arima hori nola mugitzen den begiratzen da. Orbana bera arimaren parte balitz bezala ikusten dute segur aski».

Eneko Balerdik maite du dantza garaikidearen askatasun hori, berak dantza betidanik askatasun plaza modura bizi izan duelako. «Dantza klasikoak gizartearen jarrera eredugarriak islatzen ditu, perfekzioa du helburu. XX. mende hasieran, gizartean aldaketa sakonak gertatzen ari zirela, asko hasi ziren ulertzen dantza klasikoak ez zuela benetan gizartea irudikatzen, naturaren kontrakoa ere bazela, kontestutik kanpo zegoela eta arteak gizartearen benetako isla izan behar zuela. Eta hor hasi zen loratzen garaikidea. Dena libre, libre, libre joera zabaltzen hasi zen, harremanen narratiba askeagoa hasi zen irudikatzen», azaldu du Balerdik. Zalantzarik gabe, askatasun horretan dago erosoen, «hori da nire lekua».

Londresa eskola garaikide batera joan zen. «Batzuetan, hautu inkontzienteak oso kontzienteak izaten dira. Izaskunek esan zidalako egin nuen bide hori, baina benetan nire bidea hori zen». Londresen lau urte eman zituen, hiru ikasten eta laugarrena lanean, Londresen bertan, Dublinen eta Danimarkan, dantza kontratuekin. Baina Londresen bestelako lanetan ere aritu zen, zerbitzari lanetan, esaterako.

Londresko egonaldia «zoragarria» izan zen Balerdirentzat. «Orduak, orduak eta orduak ematen nituen dantza eskolan. Ia denak ni baino gazteagoak ziren eta oso ibilbide desberdina zuten. Txikitandik goi mailako dantza eskoletan arituak, teknika menderatzen zutenak, jakintza handia zutenak... eta nik bestelako profila nuen, teknika gutxiago eta dena arima. Ni bezalako gehiago ere bazeuden, ‘zooa’ deitzen genion gure taldeari. Bakoitza bere kasa mugitzen ginen... Nire ustez, ez da dantza klasikoa edo dantza garaikidea ikasi behar. Horiek norberak bere burua ezagutu eta kontatu nahi duena kontatu ahal izateko tresnak dira».

Londrestik, berriz etxera bueltan. «Lan aukerak sortu zitzaizkidan Euskal Herritik kanpo, baina joan nintzenean banekien bueltatuko nintzela. Familiarekiko, herriarekiko, lagunekiko lotura hor nuen, eta bueltatu egin nahi nuen. Euskal Herrian zein aukera izan nitzakeen begiratzen hasi nintzen eta Bilbora abiatu nintzen, irakaskuntzan eta sorkuntzan aukera gehien eskaintzen zidalako», segitu du.

Asteburuetan Aiako tabernetan lan eginez eta Bilbon klaseak emanez, dantzaren lanbidearen aldeko apustua egin zuen Eneko Balerdik. «Hiru urtean, irakaskuntzan lan asko egin nuen. Pilatesekin hasi eta berehala haurrei dantza klaseak ematen hasi nintzen. Irakaskuntza izugarri gustatzen zait. Bitartean, nik ere dantzan jarraitzen nuen. Tarteka, proiekturen bat sortzen zitzaidan, baina nagusiki irakaskuntzan aritzen nintzen. Eta, batzuetan, bakarrik sentitzen nintzen dantza irakasle paperean, eta jakintza gehiago behar nuela sentitzen nuen. Horregatik, master bat egin nuen eta hezkuntzara begira jarri nintzen».

Gaur egun, Arte Hezkuntzako irakaslea da Huhezin eta Organik dantza-antzerki konpainian ere aritzen da. Oraintxe, “Txapeldun” emanaldiarekin ari da, Kepa Junkerarekin batera. Emanaldia herri kiroletan oinarrituta dago eta Balerdik gertutik ezagutzen du mundu hori. «Ni beti nigandik hasten naiz, nire iruditegi propioa oso presente dago beti nire dantzaeran».

Tesia ere ari da egiten. “Autokontzeptu artistikoa eta artearekiko jarrera hezkuntza graduko ikasleetan” izenburua duen tesia. «Etorkizunean irakasle izango direnei ematen diet klasea eta artearekiko duten harremana eta beren gaitasunak nola deskribatzen dituzten jakin nahi dut. Izan ere, diskurtso mailan ikasia daukagu oso ona dela dantzatzea edota oso ona dela marraztea. Baina, gero, zergatik ez du inork dantzatzen eta marrazten?».

Eneko Balerdik, bai. Izan Aizterrazuko plazan edota Londresko goi mailako dantza eskola batean, egin nahi duen horretatik oso gertu egoten asmatu du beti aiarrak. Hori bai pieza ederra. •