Koldo Sagasti

Eskorbuto hauteskundeetara

Dagoeneko sumatzen da hauteskunde giroa. Bai, badakit amaigabeko kanpaina batean murgilduta bizi garela, baina, oro har, oraintxe jarri da abian hautestontziak konkistatzeko lasterketa. Betikoek, azken hamarkadotan itsasontzia gobernatu eta hondora eraman dutenek, eskarmentua baliatzen dute lehia horretan berme argudiotzat. Eurak dira adituak, merkatuen lema gidatzen dakitenak, Deustuko Unibertsitateko ekonomia masterra dutenak, Nazioarteko Moneta Funtsaren eta Europako Banku Zentralaren oniritzia dutenak... Haien ordez, kaosa baino ez dago, zaborra nonahi, azak baino ez ditugu jango. Begira diezaiogun bestela Greziari eta herriak arduragabekeriaz hautatutako ezkerraren eskutik datorkien hondamendiari. Politikari profesionalen esperientzian fede itsua eskatzen diote hautesleriari, baina esperientzia horrek hutsaren hurrengoa balio izan die itsasontzia porrotera joan zedin ekiditeko.

Gaur egun pairatzen dugun krisialdia ez zuten aurreikusi eskarmentu handiko ekonomialari profesional horiek, edota Lehman Brotherseko gizon gorbatadunek; aitzitik, punkak izan ziren hiru hamarkada lehenago egungo panorama iragarri zutenak. Punkak, bai, gandor tenteak, litrona beroak eta guzti, eurak izan ziren etorkizuna irudikatzen asmatu zuten bakarrak, beste inor ez zen haiek bezain gai izan iragartzeko kapitalismoa eta estatua bideraezinak zirela, bide horretatik hondamendira gindoazela. 80ko hamarkadako punken amesgaiztoa da oraina. Har ditzagun Ikerkuntza Soziologikorako Institutuaren azken inkestaren emaitzak: langabezia, pobrezia, politikari ustelak, bankari lapurrak, ezkortasuna, sumina, amorrua... Gehitu horiei guztiei gitarra karrankari batzuk eta bateria arritmiko bat eta horra hor Eskorbuto, La Polla edo Kortaturen kanta bat. Zertarako berretsi konfiantza behin eta berriz huts egin digutenei? Alternatiba bakarra kaosa bada, kaosa ezin da hau baino okerragoa izan. Ez dago beste irtenbiderik... Eskorbuto hauteskundeetara! •