Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Frei Otto ikusten dut

Maiz ikusten ditugu zerura begira jartzen garenean. Txoriak dira, zientoka, zeruan forma geometriko bereziak, elastikoak, ia likidoak marrazten dituztenak. Hegazti saldoak ez du zuzendaririk edo txori bakoitzaren posizio eta abiadura zehaztuko duen agindu hierarkikorik, eta, hala ere, ezkutuko logika sendo bat antzematen da forma horietan guztietan.

“Saldo portaera” esango nioke euskaraz ingeles hiztunek swarm behaviour esaten dioten kontzeptuari –onartzen dira kontraproposamenak–.

Kontrol egiturarik gabeko portaera orokor konplexua da saldo portaera, bakarkako portaeren emaitza. Unitate bakoitzak –txori, erle, arrain, gizaki– haren ondokoekin elkarreragiten du parametro jakin batzuen arabera: izan daiteke airearen abiadura, ondoko unitateekiko distantzia minimo eta maximoa, ondokoekiko batez besteko norabide eta abiadura... Bakarkako interakzio hauen batura da, momentu oro, egitura global konplexua azaleratzen duena.

Matematikariak hamarkadak daramatzate saldo portaera hauek gobernatzen dituzten arauak ikertu eta modelizatzen. “World War Z” filma ikusi baduzu, esaterako, suma zenezake zein arauren arabera modelizatu ziren Brad Pitt gogaitzen duten zonbi saldoak.

Espazioaz jabetzeko modu bat den heinean, saldo portaera kontzeptu arras interesgarria da arkitektura eta hirigintzaren arloan ere. Frei Otto arkitektoak urte luzez landu du metodologia hau; eraikinak, hiriak eta lurraldea begiratzeko beste modu bat. Zein parametroren baturak azaltzen du herrien sorrera eta kokapena? Alde batetik, baliabide naturalekiko distantzia maximo batek, baina baita beste herriekiko distantzia minimo batek ere. Herri kaskoan, etxeak ez dira ausaz eraiki, baserriak ez dira ausaz kokatu lurraldean, hiri handietako slum edo txabola asentamenduen forma organikoa ez da aleatorioki sortutako zerbait. Badira arau inplizituak: unitateen azalera minimoa, altuera maximoa, bide sarearen luzera total minimoa baina unitate bakoitzak sarbide bat izan dezan bermatuko duena. Hala, arau ikusezin horiek ebazteko gai bagara, gai izango gara hiri edo lurralde egitura horiek etorkizunean izango duten portaera aurreikusteko.

Eskala txikiko adibide bat irakurri nion Frei Ottori: taberna huts bat betetzeko prozesua. Ikusi zuen izkinak direla okupatzen lehenak, besteekiko distantzia maximoa duten tokiak, alegia. Eta erdiko puntua betetzen dela ondoren, arrazoi berarengatik. Jendea sartu ahala, kuadrillen arteko distantzia ahalik eta handiena izan dadin saiatzen dela kuadrilla bakoitza, aurrera-atzera ezker-eskuin mugituz, taberna modu optimoan okupatzen den arte.

Ordutik, kosta egiten zait Frei Otto edonon ez ikustea. Tranbian noala ikusten dut, ebazten saiatzen naizenean zein arau ezkutukok baldintzatu duen nire eserleku hautua. Zinemara sartzean ikusten dut, pantailatik ez gertuegi baina ez urrunegi eseri nahi dudanean, erdiko puntuarekiko perpendikular baina korridorerantz makurtua, eta ondoan inor ez dugula ahal bada. Edo San Sebastian bezperan, telebistaz Konstituzio plazaren betetze prozesua disekzionatzen dudan bitartean, parametroz parametro.

Jende saldoa gara azken finean, eta txori saldoa ginateke baldin eta hegan egin ahalko bagenu. •