Amaia Agirre

Mozorroak

Mozorroa lozorroan dugun “ni”-a ezkutatzeko dela pentsa genezake, baina ez ote da ezkutatu nahi izaten dugun hura agerian uzten duen maskara? Inauterietan dena omen zilegi, dena zilar begi, dena zehar egi. Baina ez gara inauterietan soilik mozorrotzen. Ez gara inauterietan soilik ezkutatzen. Urte osoan geratzen da agerian garena eta izan nahi duguna. Izan nahi genukeenaren parodia etenik gabekoa da egutegiaren joan-etorrian.

Eta beti erlijioa dago atzean. Ohitura sakratu bihurtu dira inauteriak, baina konfesatzeko ordua iritsi da. Izan jaunartzeak, izan ezkontzak, izan herriko festak, izan Halloween... urte osoan gabiltza inauterietan. Gu mozorroen azpian, eta gainean katolizismoaren zomorroa.

Jainkoak gurtzearen erritualari amen egin genion aspaldi, eta ordu batzuetako jainko-jainkosak bihurtzea bihurtu dugu bizipoz ikur. Lehen hildakoen gorantzan ere egiten ziren gisa honetako ospakizunak, baina orain bizirik gaudela sentitzeko behar ditugu horrelako jaiak.

Berrogeialdiaren edo garizumaren aurreko ospakizun dira inauteriak. Baraualdiaren aurretik Baco ardoaren jainkoa gurtzeko antsia eta beharra. Biharrak egarri harrapatuko gaituen beldur gara agidanean.

Eta zer esan jaunartze eta ezkontzei buruz? Irudimenak hainbesteko arrakastarik ez duen inauteri txikiak ez al dira? Irudimen baino irudiari men. Gurutzea lepoan eta lazoa soinekoan ibili zirkuan. Lehenengo ostia bedeinkatua jaso eta segi aurrera. Zer-nola bataiatu ez dakidan bataio eta ezkontza arteko zubilana. Zurijana. Zauribana guraso eta aitona-amonen poltsikoetan. Eta segi aurrera. Eta ez bedi oparirik falta.

Ai, eta ezkontzak! Eske ontzak hauek ere. Aurreskua, abesbatza eta muxuak. Baina aurretik andregaiaren soinekoa bezain zuria den sobrea. Sobra handirik ez duenak ere gonbidatu izateko ohorea dirutan eskertzeko obligazioa. Bestetik, ezkonberriak baino erakargarriago joateko ohitura izaten dute batzuek, eta inauterietan baino mozorrotuago doazen irudipena beste batzuek.

Besterik ez. Izan eta egin nahi duzuenaren lagungarri baino ez dadila izan mozorroa. Aurpegia estaltzeak ez diezazuela ipurdia bistan utz. Alkohola eta disfraza ez daitezela bestela lortuko ez genukeen gehiegizko ausardiaren errudun izan. Jai koloretsuak opa dizkizuet. •