Naiara Garzia

Euriaren kristal hots amaiezina

Pablo Neruda (1904-1973) idazlea bere haurtzaroari buruz mintzatu zenean bere herriko teilatuetan euriak erortzean egiten zuen soinua aipatu zuen. “Confieso que he vivido” liburuan bere bizitzari buruz aipatzen duen lehenengo gauza da euria: «Lehenik eta behin esanen dut, nire haurtzaroaren egun eta urteei buruz, pertsonaia ahaztezin bakarra euria izan zela».

Munduan zehar asko bidaiatu zuen arren, bere lana zela eta (kontsula izan zen), bere haurtzaroa eta aberriaz mintzatzean teilatuetan orratzak bailiran erortzen ziren euri tanta horiek aipatu zituen eta euria aberriarekin lotu zuen.

Gabriel Garcia Marquez (1927-1914) idazle kolonbiarrak ere euri hori erabili zuen bere liburu ezagunenetarikoan, “Cien años de soledad” delakoan, izan ere, berak sortutako alegiazko espazio horrek, Macondok, 40 urte inguru ematen baititu euripean, betiereko erauntsi baten menpe. Eta muturreko egoerak gustuko dituenez, beste ipuin batean desertuko lehor gogorrera ohituta dauden protagonistek (Erendirak eta amonak) bat-bateko zaparrada batean ikusten dute beraien burua, goitik behera edo behetik gora ari duen jakin gabe, itsasotik kanpo arrainek berez ez dagokien espazioa zeharkatzen duten bitartean.

Errealitatera eta Euskal Herrira itzuliz, gure oroitzapenenetatik euria deserriratzea ezinezkoa litzaiguke, nahiz eta etengabe ari duenean bisitari arrotz bat bezala ikusi, eta eguzkia ere hagitz estimatua eta beharrezkoa izan animoarentzat eta gorputzaren goxotasunarentzat. •