Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Ispiluak eta eskaparateak

Ispiluak eta eskaparateak zertan diren ezberdinak, horixe galdetzen genuen umetan. Biak kristalezkoak izanda, zergatik hartzen duen batek izen bat eta besteak bestea; zergatik batak gure isla itzultzen digun eta besteak barruan daukana ikusten uzten duen. Eta galdezka ibili ginen galdetzeari utzi genion arte, inork sinesteko moduko erantzunik ematen ez zigulako. Gorroto genuen erosketak egitea, kolore bat aukeratu beharra, “zein da zure kolore gustukoena” malapartatu hori, gerora doinu berriak hartzen joango zena, “zeindazurekantagustukoena” “zeindazurepelikulagustukoena” “zeindazurelagunikonena”, egunero kolore, kantu, pelikula edo lagun bera nahiko bagenu bezala. Hasieran ihes egingo genien galderei, baina noizbait, galderak bukatuko zirelakoan akaso, erantzuten hasiko ginen, “berdea” adibidez, zerbait aukeratzearren, eta galderetan preso egotetik erantzunetan korapilatzera igaro ginen, behin emandako erantzunari traizio ez egitearren etengabe errepikatzeraino. Guk ere sinesteraino ia.

Eskaparateak ez dira ispiluak, horixe ikasi genuen umetan, kale hauetan genbiltzala. Orduan ez zegoen Fnac edo Zara erraldoirik hemen, San Martingo merkatua eta haren barazki, arrain, haragi eta denetariko usainen nahasketa besterik ez. Amonak zeukan postura etortzen ginen, laguntzeko aitzakian enbarazu pixka bat egitera. Orduan ikasi genuen hitzak ere mozorrotu daitezkeela, eguna joan eta eguna etorri galdera berak errepikatzea dela heldu izatea, “zer moduz familia?”, “hau eguraldia” eta halakoak. Eta gu ikusitakoan normaltasuna apurtu arren, berehala etortzen ziren etengabe errepikatuko ziren komentarioak –“bai mutiko handia”, “zenbat hazi den”, pediatraren hazkunde taulan minimoaren azpitik genbiltzala bagenekien arren beti baietz egin behar hura–, eta berriz ere hasierako normaltasunerako itzulera hura.

Agian horregatik gustatuko zaizkit inauteriak, aurrez pentsatutako galdera eta erantzun errepikatuek ez dutelako balio. Eta egunerokoa ez den gure mozorroan ez daukagulako kolore bakar bat, kantu bakar bat, pelikula bakar bat edo lagun bakar bat aukeratu beharrik; denok sentitzen dugu gure burua lotsagarri etxeko sarrailari bi buelta eman eta giltza mozorro azpiko poltsa ezkutu eta deserosoren batean gorde eta kalera ateratzen garenean, egunero pasatzen garen kale hauetatik pasatzeko. Eta egunero ikusten gaituzten ispilu eta eskaparateak harritu egiten dira, ez baitute egunerokoa ikusten, eta pentsatzen dugu ezetz, ispiluak edo eskaparateak ez direla gauza bera edo akaso bai, nork daki, optikaz betetako mundu batean bizi gara, miopiak edo hipermetropiak jota, gure burua edo ingurua lausotuta, eta batzuetan eskaparatea bat dator ispiluarekin baina normalean ez, ez gaituzte gure burua ikusten dugun bezala ikusten edo bai, nork daki, inauterietan errealitatea bera da nahasten dena, lausotzen dena, eta hitz handiak apurtu egiten zaizkit.

Normaltasuna mozorro astuna da batzuetan, badirudi inor ez dela bere bidetik irtengo, inauterietatik kanpoko goiz euritsu honetan, adibidez; inork ez duela esan beharko ez lukeen zerbait esango, inork ez duela egin beharko ez lukeen zerbait egingo, begiratu beharko ez lukeen norabait begiratuko, baina normaltasuna ez da izara fin bat besterik, aski da euri pixka bat, haize firfira bat eta kaleko egunkariak desegin egiten dira eta aterkiak barrutik kanpora geratzen dira, ispiluak eskaparate eta eskaparateak ispilu bihurtuta, eta jendea lasterka dendetara, tabernetara joango da, berriz ere arropa txukuntzera, kafe bat eskatu eta arnasa berreskuratu eta komunera joan eta ispilura begiratu eta berriz ere mozorroa behar duen lekuan jarri, behar duen bezala, eguneroko inauterietara itzultzeko. •