Kattalin Miner

Sendaezina

Barkatzeko «eskuak hotz baditu», baina ukitu egin behar nauela. Eta nik, «egoteko lasai, ukitzeko behar adina». Ondoren, «honek agian apur bat molestatuko» didala baina unetxo bat dela, eta, nik, «egoteko lasai, sartzeko beldurrik gabe». Halaxe joan da, eta halaxe bukatu du, hatzak nire baginatik atereaz «jantz zaitezke» batekin.

Paradoxikoa da, Mendebaldeko medizina hau eta hura erregulatzen duen instituzio mediko gisa hainbeste kritikatuta ere, medikuaren atea gurutzatzearekin bat (dela ginekologoa dela familia medikua) nola galtzen ditudan nire irizpide politiko pertsonalak, osasun kontzeptuak eta nire gorputzaz dudan ezagutzaz arrazoitzeko gaitasun guztiak.

Automatikoki sinisten dut aurrean dudanak nik neuk baina hobekiago jakingo duela niri zer pasatzen zaidan, eta entregaz ematen diot nire gorputza lasaigarria izango den iruzkin baten esperoan. Urteekin, baina, ikasi dut, nahiz apatia nazkagarriena adierazten dizun osasun langilea aurrean izan, galdetzeko eskubidea ez ezik, dudatzekoa ere badugula.

Gaurko ginekologoa jatorra da, ezagutzen dugu elkar egia esan, eta latexezko eskularruak kentzearekin bat hasi du hitz jario aspertua; ez omen du “ezohiko ezer” ikusi, baina beste froga bat eskatu nahi duela, “badaezpada ere”.

Izerdia nabaritu dut kaskezurrean, izan ere, parametro “normaletan” sartzen den hipokondria puntua duen horietakoa naiz ni ere, eta segidan galdetu diot oraindik arropak janzten nabilela ea zein proba den hori. «Proba txiki bat» erantzun dit, eta hor larritu naiz.

Oraindik titi bistan, absurduki hanka zabalik, nire barrunbe eta bularrak ukitu berri dizkidan pertsona eta ni banatzen gaituen gortina ireki dut, eta begi zabalik esan diot: «ZEIN PROBA?!».

Barre egin du sorgina burokrata apatika horrek, hain zuzen ere, hegaldietako azafatak hegazkina lurreratzera doan unean ere irribarre egiteko entrenatzen dituzten gisa; medikuek “aldez aurretik ez larritzeko” teknika lasaigarri bezain ez-eraginkorrak dituztela ziur nago eta barre behartu horrek behar du izan dudarik gabe Medizina Fakultatean “Nola ez larritu pazientea beharrik ez bada” ikasgaian erakutsitako lehen teknika.

«Ez larritzeko» («berandu da horretarako nazkagarri hori!»), «ziurtatu nahi» duela eta halakoak hasi da botatzen. Ez dudala ezohiko koskorrik titietan, baina nabari didala besapeko ganglio bat handituta; «ea defentsak nola ditudan» galdetu dit, eta nik zorabiatze aldera, «ba baxu, hilabete pare bat daramatzat ezin katarro eta gripeari buelta eman», eta umiliagarria izan den «propoleoa hartzen dut» bat ere bota dut.

Janzten amaitu dudala, haren irribarre maltzurrari begira, zentzu haize batek jo dit berriro. Akordatu naiz klinika pribatuan nagoela. Nire seguru medikuak sekulako kobertura duela, eta jende honek Medizinako Fakultate Pribatuan “Nola atera ahalik eta diru gehien ‘ziurtatu’ kontzeptupean, ezer baino gehiago larritzen duen lasaitasun aurpegi hori jarrita” ikasgaia ere 10 batekin atera duela akordatu naiz. Nire eskubidea erabiliz, lasai eta sosegu puntuz «hau pribatua delako egingo didazue proba, ezta?», eta ezetz, «besterik gabe» dela eta halakoak esaten hasi da. Eta jada ez dut medikua ikusi nire aurrean baizik eta aspiragailuak atez ate saltzen dituen saltzaile txarra.

Hipokondriari eutsi, nire trastuak hartu eta uko egin diot, bidenabar, nahikoa agresiboa zen proba hori egiteari. Harro sentitu naiz (eta pixka bat kaka eginda) atea pasatzeaz bat.

Medikua den lagun bati deitu diot, nire medikuari ez, baina honi sinetsi asmoz. «Lasai egoteko» esan dit (hori ere ikasgai bat da, “Nola esan ‘lasai egon’ sinesgarritasunez”). Beraz, aurrera egin dut nire hipokondria maila “normalari” behin eta berriz isiltzeko esanez, eta orduan argi ikusi dut: beste dena ez dakit, baina kaguen, «hau bai dela sendaezina». •