Garazi Goia

«House of Cards»

House of Cards” drama politikoaren arrakasta aspalditik da ezaguna Erresuma Batuan. Telesailaren jatorrizko bertsioa, Margaret Thatcherren dimisioaren ostean alderdi kontserbadoreak Parlamentuan jarraitzeko egindako trikimailu eta istorioetan oinarritzen zen. 1990. urtean eman zuen BBC etxeak. Lau atal baino ez zituen, eta hilabete bakar baten buruan inoiz egin den telesail entzutetsu eta arrakastatsuena bihurtu zen.

Amerikar bertsioa grabatu ostean, duela bi urte Netflixek erosi zituen telesailaren eskubideak. Netflixek, Internet bidez, streaming teknologia erabiliz erakusten ditu film eta telesailak nahieran eta eduki preziatu askorekin osatu du bere proposamena, askotan eskubide esklusiboetan oinarrituta. Mundu osoan zehar zabalduz doa plataforma, telebista tradizionalari benetako lehia eginez, eta, zalantzarik gabe, telebista ikusteko modua aldatuz.

“House of Cards”-en amerikar bertsioa, intentsitate eta zirrara handia biltzen dituen thriller politikoa da eta Washingtoneko Etxe Zurian jazotzen da; kontu handiz diseinatutako pertsonaia sofistikatuak, etika eta moral gabeko jarrerak eta boterea lortzeko helburu bakarrarekin egindako akzio gupidagabeak ditu osagai nagusitzat; istorio inteligentea da, politika, harremanak eta psikologia trebeko elementuen nahasketa. Pasa den astean, ostiralean, goizeko zortzietan jarri zuten hirugarren denboraldia Netflixko harpidedunen eskura. Hilabete batzuk igaroak ziren bigarren denboraldia estreinatu zutenetik, itxaronaldia luzea izan da zale gehienentzat. Bezperan, Kevin Spacey eta Robyn Wright aktoreak (telesailean Francis eta Claire Underwood bikote protagonistaren paperak jokatzen dituztenak,) Londresko Leicester Square ikonikoan azaldu ziren, hedabideen atentzioa erakarriz, prentsan goiburuak harrapatuz, oihartzuna sortuz telebistaren munduan.

Milioika pertsona konektatu ziren ostiral goizean bertan Netflixera. Marketin eraginkorrak hori egiten du. Eguerdirako hainbat telebista kritikoren iritziak egunkari eta sare sozialetan zeuden, sekretuak azaleratuz, emozio kenduz estreinaldiari.

Duela urte batzuk, horrelako estreinaldi bat bazegoen, familia egongelan biltzen zen eta denek batera ikusten zuten telebista. Gau bereziak ziren. Episodio bakar bat ikusten genuen. Eta, hurrengo astea heldu arte itxaron behar izaten genuen bigarrena ikusteko. Telebistak familia biltzen zuen, elkarrizketa giroa sortzen zuen bai etxean bertan bai eskolako patioan ere hurrengo egunean; egunkariek hurrengo egunera arte itxaron beharra izaten zuten kritikak eta iritziak argitaratzeko.

“House of Cards”-en fenomenoan erreparatzea interesgarria da, batez ere izaten ari den efektu soziologikoan. Familian estreinaldi bat ikusteko kontzeptua ez da existitzen Netflixekin. Hirugarren denboraldiaren estreinaldi egunean, bakoitzak nahi adina atal ikus zitzakeen. Telebistan, tabletetan edo ordenagailuan. Ironikoa dena, gainera, honakoa da: etxe berean, gurasoak egongelan egon daitezke telesaila ikusten, alaba bere logelan tableta erabiliz, eta, semea, egongelan baina eduki berbera ordenagailuan ikusten Twiterren bere aipuak bidaltzen ari den bitartean. Baina beraien artean inongo interakziorik gabe.

Erresuma Batuan egunero lau ordu pasatzen du jendeak telebistaren aurrean. Lehenengo aldiz urte askotan, datu hori jaitsi egin da hilabete honetan. Tableta eta ordenagailuak pixkanaka jarrerak aldatuz doaz. Eta, Netflix, dinamika berriak sartzen hasi da. Hilabetean 5 libera baino ez da kostatzen. Inork ez du kuestionatzen hori ordaintzea.

Pertsonalizazioa, aukera gehiago izatea eta bakoitzak nahi duenean ikusteko aukera izatea berez gauza positiboak dira, malgutasuna ematen diote bati. Askotan nahi duguna, ordea, lanean egun luze bat izan ostean, etxera etorri eta erabakiak hartu behar ez izatea da, telebistan dagoena ikusi, ematen digutena, jarrera pasiboa hartuz. •