Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

PILI GARCIA

Bi emakumeetako bat da 220 suhiltzaileren artean. «Desberdinak gara eta desberdintasuna aberastasuna da», dio. Horregatik, ziur dago beren ekarpena eginen dutela. Urtea egitera doa Tolosako parkean eta bere ondoan bi minutu egotea aski da lanarekiko duen pasioa kutsatzeko. «Zoazen lekura zoazela, laguntzera zoaz. Hori handia da».

Emakumearen Nazioarteko Eguna delako da ezaguna biharko eguna, alabaina, suhiltzaile parkeetako egutegietan gorriz borobilduta ageri da data hau, Suhiltzaile Zaindariaren Eguna ere badelako. Aitzakia horrekin jo dugu Pili Garcia Goibururengana. Senarraren inbidiatan egin zen suhiltzaile. Laneko kontuak aditu eta aditu, «ni ere gustura ibiliko nintzateke ba!» erraten zuen. Hala, denborara, aurkeztea erabaki zuen. Eskaera bota ondoren haurdun gelditu zen eta bigarren alaba izan zuen justu probak hasi zirenean. Hurrengo oposaketetan iritsi zitzaion txanda.

Lan eskaintza publiko hartan 60 lagun sartzen ziren eta bergararra 140. postu inguruan zegoen. Lan eskaintza publikoa gainditzearekin bakarrik ezin da suhiltzaile izan; trebakuntza ikastaro bat jaso behar da eta hori Gipuzkoako Foru Aldundiak berak ematen du. Beharra duenean, zerrenda horretatik tira egin eta deitzen hasten da. Garciak 2012an jaso zuen aukera eta hori baliatuta lanean hastea lortu zuen. Urtea egitera doa elkarrizketa egiten ari garen Tolosako suhiltzaile parkean.

Baina lehenengo guardia ez zuen bertan egin, Azpeitian baizik. Eta irteera egokitu zitzaion. Orduan frogatu zuen errealitateak teoria guztiak gainditzen dituela. Orain lasai-lasai gaude gela batean jarrita solasean, baina irteera dagoenean bat-batean sirena hotsa entzuten da. Eta egoitzako semaforoak kolore bat hartzen du eta pantaila batean ikusten dituzte gertaeraren xehetasunak.

«Lehenengo irteeran nahikoa lan duzu txaketoia eta kaskoa janzten, ze kamioi tokatzen zaizun jabetzen… Gaindituta zaude pixka bat. Baina oso polita da. Sentitzen duzu jada bazabiltzala hainbeste desio zenuena egiten. Tentsio handia dago momentu horretan. Ondo iritsi nahi duzu, ahalik eta azkarren. Normalean informazio oso orokorra ematen dizute, eta bertaratzen zarenean benetan ikusten duzu zer den egin behar duzuna. Egoera aldatzen doa, bidean ere informazioa jasotzen zoaz… Oso intentsoa da», deskribatu du.

Lehenengo egun hartan, Zestoatik jaso zuten deia. Bi andre bakarrik bizi ziren etxe batean eta ondoko bizilagunak deitu zuen bizpahiru egunetan ez zuela ez bata ez bestea ikusi eta hilik ote zeuden kezkatuta. «Txakurrak ez zigun pasatzen uzten, guk baino ikara handiagoa zeukan. Kendu zen erditik, sartu ginen, eta, bi andreak ohean zeuden, lo».

Ofizio honetatik zerk erakartzen duen galdetuta, hala erantzun du: «Niretzat oso inportantea da zoazen tokira zoazela beti laguntzera zoazela. Hori handia da. Eta horretarako baliabideak edukitzea: erremintak, ekipazioa, formazioa... Beti ez zara garaiz iristen, baina iristen zarenetan mundiala da».

Suhiltzaile izateko probak gizonei begira eginda daude, baina Pili Garciak ez du garbi ikusten nolakoak izan beharko liratekeen. Gainera, pentsatzen du hori erabakitzen dutenak ezin direla izan parte direnak. Kirol teknikariak, medikuak… uste du hainbat jende dagoela horretaz dakiena eta aproposagoa dena benetan errateko parekidetasuna lortzeko zer proba egin beharko liratekeen. «Baina ez da lan hori egiten, oraindik ez da beharrezko ikusten».

Oroitu duenez, duela ehun urte mediku bat emakumea izatea ezinezkoa zen, astakeria bat. «Suhiltzaile izatera ere iritsiko gara eta espero dut nire seme-alabek ikusiko dutela!».

Ahal dut? Egin artean ez dakizu

Ez du emakume erreferenterik izan. Gustuko lana zen bere erreferentea. Eta etengabe izan zituen kezkak. «Aurkezteko kamioia gidatzeko baimena izan behar duzu eta ateratzen nengoela zenbat bider pentsatu nuen: alferrik nabil denbora eta dirua gastatzen… Amak esaten zidan: tontoarena egiten zabiltza, non ikusi duzu zuk suhiltzaile bat neska? Ez daude! Eta zer edo zergatik ez dira egongo ba!».

Baina bera animatu ahala amaren ikuspegia ere baikorragoa izaten hasi zen, eta, halako batean, erran zion: «Begira, agian ez zaude oker, gerra garaian ere, gizon denak frontera joan zirenean, emakume asko kamioiak gidatzen ausartu zirelako hainbat herritan ez zen oinarrizko produkturik falta izan». Suhiltzailearen arabera, bidea hala egiten da, norberak sinetsita. «Ahal dut? Bada, egin artean ez dakizu».

Bergarakoak dio aunitzek emakume tipologia jakin batean pentsatzen duela. «Baina gizon guztiek ere ez dute balio suhiltzaile izateko. Emakume guztiek ere ez. Gainera, ez dute nahiko. Egun batean, serio-serio, hala esan zidan alabak: ama, handitan ez dut suhiltzaile izan nahi». Esan nion, «lasai, ez duzu zertan, nahi duzuna izango zara». Pentsatuko zuen etxean denek hala izan behar zutela...

Emakumeek zer gauza positibo ekar ditzakete suhiltzaile parkeetara? «Askotan jartzen naiz pentsatzen eta oraindik ez dakit esaten. Eta nik uste ez dela gauza bat esan ahal dena. Ikusiko da. Baina ez dut zalantzarik ekarpena egin egingo dugula. Eta zerbitzuan aldaketa batzuk etorriko dira emakumeen presentzia gehitzean».

Adibidez, lan honetarako indarra behar da, baina zulo txiki batetik sartzea ere bai. Orduan, era askotako pertsonak behar dira eta horren barruan ikusten ditu gizon eta emakumeak. «Ez garenez egon, zer ekarpen egingo dugun esatea zaila da, eta ez dut handikeriatan erori nahi, ez dut esan nahi seigarren zentzua eta halakorik! Ez, desberdinak gara eta desberdintasunak oso aberatsak dira. Aberastasun hori ekarriko dugu. Beste ikuspuntu bat, beste egiteko era bat seguruenik. Sortzen diren arazoak gainditzeko gure era. Horrek ekarriko ditu hainbat aurrerapen...». Kontuak kontu, hori etorkizunak argitu beharko du. «Egun oso zaila da aurreikuspenak egitea, bi emakume gaude-eta zerbitzu osoan. Gu saiatuko gara». Gipuzkoako Foru Aldundian 220 suhiltzailetatik bi bakarrik dira emakumeak. Proportzio horiek bertze lurraldeetan ere errepikatzen dira.

Deitu, lehenbailehen

Egunerokoan «oso ondo» moldatzen da. Gauzak «oso protokolarizatuta eta estandarizatuta» daude eta denek denetik egiten dute. Sartzen denean zenbaki bat da suhiltzaile bakoitza, eta zenbaki hori egunero aldatzen joaten da. Hala denek dakite denetik egiten. Ez da egon desberdintasunik neska izateagatik. Gauza bat aldatu da: nesken aldagela jarri dute.

Zaila da suhiltzaile izateko oposaketak gainditzea, erdi modan jarri da eta jende ugari aurkezten da. Gipuzkoan urte oso bat pasatzen dute azterketak egiten: aurrena fisikoak (soka, korrika eta igeriketa), gero azterketa teorikoa, eta, ostean, lau ofizio ezberdinen gaineko azterketak. 2008an aurrenekoz sartu zituzten lehen sorospenak, eta, Garciaren iritziz, inportantea izan zen bai lanerako bai emakumeak sartzeko, historikoki arlo horretan aritu direlako eta formazio minimo bat dutelako. Sindikalistei esker lortu zen. Ofizioen ondotik, kamioia gidatzea, test psikoteknikoa eta euskara datoz. Azterketa guztiak ongi egin behar dira.

Erran bezala, lana gustatzen zitzaiolako sartu zen Bergarakoa, baina bidea ere ireki nahi zuen pixka bat. «Zergatik ez? Guk ahal dugu! Emakumeei animatzeko esango nieke».

Postdata gisa, bi ohar. Lehena, 112 zenbakira beldurrik gabe deitu. Adibidez, jendea sua itzaltzen saiatzen da, eta, suhiltzaileak iritsi orduko, ez da zereginik izaten. Garciak deitzeko eskatzen du, berehala, zergetatik ordaintzen den zerbitzua baita. «Sarri ez gara garaiz iristen deia berandu egin delako. Berandu 10 minutu dira!». Gaineratu du abiatu eta irteera bertan behera utzi behar bada ere ez dela ezer gertatzen. Bigarren oharra langile kopuruarekin dago lotuta. Garciaren ustez, materialez ongi hornituta dago Gipuzkoa, antolamendua ona da, baina parkeko lau lagun soilik daude eta gehiago izan beharko lirateke. •