Bai ala ez? Ba ez! Denak ala inor ez? Inor ez!
Ez da atzoko kontua baina azken aldiotan areagotu egin da tendentzia: gogorkeria sumatzen da diskurtsoetan, baina ez ordea indarra. Formetan muturreraino eramaten dira ekuazioak, desirak eta errealitatea nahastuta maximalismoa lehenesten da, zirt edo zart, zuri ala beltz, ñabardurei eta arrazoiari leku egiteke. Gaur ikusi dut pankarta zintzilikatuta preso denak kalera ateratzea eskatuz ala bestela ez dela presorik aterako esanez. «Denak ala inor ez», hola, biribil-biribil, ate handitik denak batera eta takada berean kalera. Amestea libre, jakina, baina argi pedagogia horrekin, politika parametro horietan formulatzearekin, horrela, hain eslogan biribilekin, konklusioa argia baita: «Inor ez!». Igualtsu gertatzen da euskararen inguruan Nafarroan aldaketa euskaraz emango dela edo ez dela aldaketarik egongo esaten denean. Ekuazioa horrela planteatuta, emaitza argia da: «Ez da aldaketarik egongo!».
Zentzu bertsuan, asteon jakin dugu Sortuk EAJri gatazkaren ondorioen inguruko proposamen bat luzatu ziola, eta «bai ala ez» terminoetan espero zuela erantzuna. Sorpresarik gabeko sorpresan, erantzuna: «Ez!». Pena da, handia gainera, humanoki hain zaurigarriak eta politikoki hain urgenteak diren erronkei begira, hauteskunde atarian labankadak lepo horrela aritzea. Tristura ematen du, handia benetan.
Garai batean “Aberria ala hil” esamoldea oso erabilia zen, bolbora eta berun urte haietan normala zenez. Apurka-apurka, baina, uste izan genuen “Aberria eta bizi” zela bidea, ez zegoela zertan aberriaren zentzu tragikoa besterik gabe ontzat eman, fatalismo hori etxekotzeko beharrik ez genuela. Aberria bizi egiten dela, bizi-biziki, biziarazi, biziberritu, eta aberriaren hobe beharrez hobe genuela jarrera horrekin oratzea biziborrokaren desafio ezberdinei. Horretan nengoen, baina kia! Gaixoa ni! Berriz iritsi zaigu, izurria lez, arre edo so, hau honela ala bestela mistela, bai ala ez, denak ala inor ez eta gisako zahar usaineko tik politiko etxekaltea.
Politika ez da hori. Indar erakustaldi betean, etxafuegoak botatzeko paradan, presoen egoerak gure bizkar-zorroan uzten duen min eta ezinen pisurik gabe suelto eta arin bagenbiltza... ezta ere; baina, sikiera. Gaudenean gaudela, gure herri maite eta demontrearen erronkak direnak direla, baldintza objektiboak polit askoak izanik eta psikologia kolektiboa arrunt anormala, triste antzekoa-edo, indarrean jarri beharreko politikak bestelakoa behar du. Maila handikoa, zentzu onekoa eta pragmatikoa, zehatza eta gauzagarria, garapenerako aukerak eskaini eta ekidin daitezkeen disgustuak ekidingo dituena. Nahaspila nahikoa eta purrustak purrustategi baditugu berez, indarrik batere erakusten ez duten gogorkeria horiekin, ekuazio inposibleekin politika egiten hasteko.
Data ezberdinetan hainbeste hauteskunde dituzten gurea bezalako herriak ez dira asko egongo. Baina hori da dagoena, zailtasun erantsiak dakartzan gure destinu petrala. Hauteskundeak ate joka eta labanak zorrotz, labankadak ezker-eskuin. Egoera horretan arnas luzeko proposamenek zauri handiak izaten dituzte. Izan gatazkaren ondorioak zuzentzeko saioak izan “Euskal Bidea” edo dena delakoa, berdintsu. Ez dakit, eskapatzen zaizkidan kalkulu eta arrazoiak egongo dira hor nonbait, eta ulertzen ez ditudan denbora kointzidentzi eta erabilerak azaldu ahal izango dira. Gainontzean, auzokoen berdintsu gabiltza. Ustelkeriaren aparrak gain hartuta, ustelkeria parrastada amaigabean, kasu zehatzak egunkarian ezin jarraituta. Zenbat diruzale eta aprobetxategi! Ene, ene! Eta ez daitezela etorri gero ustelkeria Marca España dela esanez. Made in Basque Country totala baita, zortzi abizen euskaldunekoa, alderdiko praktika sistemikoa. Ai, zenbat bibidore eta ustel aprobetxatu diren hemen, zenbat negozio, miseri eta eskaskeri estali diren ETAren aitzakian, bandera hori astinduz atentzioa desbideratu eta zein lotsagabe, zigorgabe aritu diren batzuk herriaren diruak lapurtzen, alderdiaren zakuak gizentzen. Porca miseria, bai, madarikatuak izan daitezela. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»
