Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Oinutsik

Galtzerdiak zapatiletan sartu, zapatilei eskuekin heldu eta oinutsik sartu naiz hondarretan; eskuak dabiltzan eta oinek ukitzen duten apirileko goiz honetan, euririk gabeko udaberriko egun berezi honetan, badirudi munduak buelta eman duela eta hareak kilimak egin dizkit oinpean ume garaian bezala, hankazpiak erretzen genituen eguzkitako kremaren usaineko abuztuko arratsalde haietan bezala, baina, gaur ez; apirileko hondarrak kilimak baino ez ditu egiten lorratzak uzten ditugun bitartean, hanka bat batzuetan, baina orpoaren gainean pisua eginez gero, intxaur oskol bat akaso; eta itsasoak ez du memoriarik, eta guk ere ez beharbada; biharko olatuen hortza zuriek jango dituzte nire aztarnak, kras, kras, kras, eta ni ere ez naiz oroituko, praktikotasunik ez daukaten ekintzak burutik kentzeko daukadan berezko joerarengatik seguru ahaztu egingo ditudala intxaur oskolak eta olatuek bustitako ileak astindu dituenean jabea Kantauriko apirileko ur hotzez blai utzi duen zakur hori, eta arnasari eutsita lasterka uretan bularreraino sartu den mutil gazte hori, arroketan jolasean ari diren horiek ahaztuko ditudan bezala; itsasoak ez baitu memoriarik, naziorik ere ez, eta urek ez dute aduanarik ezagutzen, eta mapetako irudimenezko marren azpitik, gainetik eta tartetik pasatzen dira etengabe; tira, akaso bai, akaso ezagutzen dituzte aduanak eta horregatik jaten zituzten umetan toallatik toallara hatz lodiarekin hondarretan marrazten genituen mugak, “honaino ni, honaino zu; zu ez zara ni eta ni ez naiz zu” eta muga egoteak berak tentatzen gintuen hatza bestearen toallan jartzera, hanka pixka bat luzatu eta lagunari hondar pixka bat botatzera, eta, haurtzaroa bezala, Kantauri ere ez da bukatzen, eta gaur Donostian dauden tantak Irlandan egon ziren joan den astean, Jamaikan akaso iaz, Kantauri ez baitabil Mediterraneoa bezala, bi kontinenteren arteko pasabide estutik atera ezinik; guk ez dugu Mediterraneorik, eta Mediterraneoak, naziorik ez badu ere, dokumentazioa eskatzen die aduana pasa nahi dutenei, eguzkitako kremaren usainik ez badute batez ere, eta Algecirastik ferryak bare-bare joaten dira Tangerrera; kruzeroak hara-hona ibiltzen dira Tunisian, Egipton, Maltan, hondar aleak dabiltzan bezala, goizean Ceutan eta arratsaldean Gibraltarren, baina intxaur oskolak amorruz irensten ditu Mediterraneoak eta sotoan giltzaz itzalperatutakoek berunezko sabaia jo arren, oskoletatik atera nahi duten arren, Mediterraneoa gose da eta atsedenik hartu gabe jaten ditu intxaur oskolak bere hortza zuriekin, kras, kras, kras, eta laguntza eskatu arren, kras, kras, kras, oihu egin arren, kras, kras, kras, itsasoa ederra da, ederregia kruzero batetik, ferry batetik, Santa Klararen paretik ezer entzuteko, galderarik egiteko, zergatik norabide batean barea dena hil edo bizikoa den beste norabidean, zergatik, zergatik arriskatu, zergatik bizitza jokoan jarri, zergatik Europa, zergatik Libia, zergatik merkantzia ontziak soilik hurbiltzen diren laguntzera, zergatik ez dugun goizetan hankak bustitzea baino kezka handiagorik, zergatik, zergatik; baina itsasoak ez du memoriarik eta guk ere ez akaso, intxaur oskolak desagertu egingo dira eta guk ez dugu izenik galdetuko, 400-700-900 kontatuko ditugu harategietan okela pisatzen dugun gisan, segurtasunaren prezioan, ongizatearen albo-kalte; hanketan kilima egiten dit hareak eta galerna dator Santa Klaratik, badakit etorriko dela eta etxera joango naiz badaezpada; itsasoari bizkarra eman eta banoa; mundua ordenatu eta banoa; harea oinetatik kendu eta banoa intxaur oskolen arrastoak hondarretan utzita; berriz ere galtzerdiak eta zapatilak jantzita banoa; guk ez daukagu Mediterraneorik, baina izango bagenu, egunsenti gorrietan oinutsik paseatuko ginateke bere ertzetan? •