Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

ZURIÑE RAMOS

Moda disenatzailea da Zuriñe Ramos (Gasteiz, 1987) eta bizitoki duen Bartzelonatik begiratzen du mundua. «Wild We» izeneko markarekin gogoeta dakar jantzigintzaren kutsagarritasunari eta gure kontsumo basatiari buruz. Bere arropak aldez aurretik ekoitzitako arropak eraldatzen diseinatzen ditu, pieza bakarrak lortuz.

Gainerako umeak eskolaz kanpo futboleko edo saskibaloiko entrenamenduetara joaten ziren bitartean, Zuriñe Ramos pintura klaseetara joaten zen. Sei urte besterik ez zituen, baina margolaria izatea zen bere nahirik handiena. Azkenik, artearekiko ikusmirak eta sormenarekiko maitasunak moda diseinuaren mundura eraman zuen. Hala, hemezortzi urterekin, Batxilergoko ikasketak amaituta, Bartzelonara joan zen, han Euskal Herrian baino aukera zabalagoa zegoelako.

2010 urtean diseinuaren Unimoda saria jaso zuen; horrek eman zion aukera Gasteizko ‘Caminante’ eskultura ospetsua jantzeko. Gaur egun Kataluniako hiriburua du bizileku, baina aurreko urteetan Japonian egondakoa da, esperientziaren motxilan gauza baliagarri asko gordez. «Japoniako kulturak, artisautzak eta disenuak erakarrita, maletak egin eta Tokiora joan nintzen Bartzelona atzean utzita. Berezko nortasuna dute. Parisek, adibidez, ez dit batere erakartzen modari dagokionez», iritzi du.

Gurearengandik hain ezberdina den munduan eta kulturan integratu ahal izateko, lehenik eta behin, japoniera ikasi zuen Kudan, Japanese Language and Culture Schoolen. Hizkuntza menderatuta, lan merkatuan murgildu zen, eta bilaketa hartan lortu zituen praktika batzuk Fukuoka hirian, hegoaldean, Quantize goi mailako joskintza tailerrean, ezkontza soinekoak diseinatzen. Bi urte eta erdiko egonaldiaren ondoren utzi zuen hura atzean, berriro Bartzelonara buelta egiteko. «Izugarri gustatzen zait Japonia, baina lan egiteko bizi dira, eta, gainera, neurri batean, han bakarrik nengoen. Nahikoa ikasi nuela eta esperientziaren aberasgarritasunaz jakitun, itzultzeko ordua heldu zela erabaki nuen». Gaztea da Ramos, baina ibilbide aberasgarria izan du orain arte.

Bere diseinuak merkaturatzea zuen amets, eta Wild We izeneko markarekin bete du. Modaz harago doa, ordea, bere proiektua, joskintzako lanez gain, kontzientziazioa eskaintzen duelako gaur egungo kontsumo basatiari, sektorearen kutsagarritasunari eta moda ekoizteko moduari buruz. «Jasangrritasuna landu nahi dut; izan ere, ehungintza, orokorrean, oso kutsakorra da. Wild We-rekin bide hau hartu dut ohartu naizelako ez daudela inguruneaz arduratzen diren marka asko. Dagoena baino gehiago ez ekoizten saiatzen naiz, ez kutsaduragatik bakarrik, baita dagoen gainprodukzioagatik ere», kontatzen du.

Dagoena berrerabiltzea

Dagoena berrerabiltzea da bere apustua eta, horretarako, stockean dauden arropak erabiltzen ditu, besteak beste. Dendek urtero tonak eta tonak pilatzen dituzte saldu gabe eta horri irtenbidea emateko modua dela argudiatzen du. Beste material mota batzuk ere berrerabiltzen ditu, duela 20, 30 edo 50 urteko botoiak, kasu. «Piezak berrerabiltzea da gakoa, erabat eraldatu arte. Bilduma mugatuak egiten ditut eta, hartara, erosten duenak pieza berezi bat darama; kalean ez du kopiarik topatuko». Horixe, gaurko egunotan, balio erantsia dela iritzi du; izan ere, jendea «klonak» bezala janzten dela uste du.

Ekoizpen guneari dagokionez, arreta berezia jarri du: dena Bartzelonan egiten du. «Txinan sortzea merkeagoa da, askoz ere merkeagoa, baina gero hori guztia ekarri egin behar da… ingurumena izugarri kutsatuz… », dio.

Jasangarritasunaren ikuspuntua behin baino gehiagotan aipatzen du elkarrizketan zehar, baina, bere hitzetan, ez da kontuan hartu beharreko gauza bakarra. «Nola da posible 10 euroren truke kamiseta bat erosi ahal izatea? Nork josi du? Zein material erabili ditu?», galdetzen du. Langile horrek izan dituen lan baldintzak alde batera utzita, arropa horiek oso gutxi irauten dutela salatzen du. «Bost hilabete, urtebete… oraindik gustuko ditugun jantziak bota egin behar izaten ditugu maiz, hondatuta daudelako». Uste du lehen ez zela halakorik gertatzen. «Nire amonak oraindik ez dakit zein garaiko arropak ditu, baita nire amak ere. Nik, ordea, ez daukat ezer duela bost edo hamar urtekoa janzteko moduan dagoenik. Dagoeneko gustuko ez badut, emango diot norbaiti, baina segituan apurtu delako botatzea…», dio atsekabetuta.

Beharrezkoa deritzon hausnarketa hau ez da gastatzen dugun diruaren ondoriozkoa bakarrik; halako jokabideekin «etengabe zaborra produzitzen ari gara». Erabili eta bota. Erabili eta bota. Erabili eta bota. «Jende pila bat gara munduan –dio-. Zenbat kutsatuko genuke denek berdin jokatuz gero?».

Askatasunez bizi eta janztea

Bere markari helduz, Wild We «nork bere bizitza sentitzen duenaren arabera» bizitzeko deia dela dio. Beretzat oso garrantzitsua da «beldurrak alde batera uztea», baina, batez ere, «besteek pentsatzen dutena alde batera uztea». Hots, ez soilik janzkerari dagokionez. Lelo hau bizitzaren gainerako arloetara zabaldu nahi du. Askatasunez bizitzeko gonbita da, beraz, neurri batean Ramosena.

«Asko pentsatzen dugu besteengan. Zer eramaten duen batek edo besteak, eta, horren arabera, nik eramango dudan edo ez… norberak pentsatu behar duena da ea benetan gustatzen zaion», esan du. Horrek egiten baitu libre pertsona.

Janzteko orduan Euskal Herriaren, Kataluniaren eta Japoniaren artean dauden tabu edo ezberdintasunez galdetuta, herrialdearen arabera baino, hiriaren araberakoak direla uste du ezberdintasunok. «Gasteiz txikia da, eta eguraldia oso eguzkitsua ez denez, arropak nahiko ilunak eta apalak dira», dio. Hala ere, bai hemen, bai Bartzelonan, kosmopolitagoa izan arren, albokoak pentsatuko duen horri garrantzia handia ematen zaiola uste du Zuriñe Ramosek.

Bertan, bai, sumatzen da «oso oso hiri handia dela» eta korronte ezberdinak daudela. Estilo batzuk «tribu» gisa definitzen ditu gasteiztarrak, bere iritzian, gazte askok era horretan erantzun diolako sentitzen duen presioaren aurrean. «Japoniakoa oso kultura ezberdina da, eta tabu piloa dute –adierazten du–. Txikitatik ikasketekin eta beste gaitasun batzuekin asko presionatzen dituzte; lehiakortasuna basatia da». «Kokoteraino» dauden gazte askok eta askok janzkeran eta estilismoan topatu dute «nahikoa da» esateko edo sistemaren aurka egiteko modua, «behar duten askatasunaren bila». Gainerakoan, japoniarrak, janzteko orduan, oro har, ausartak ez direla uste du, «apalak» baizik.

Diseinatzerakoan, inspirazioa artean, margolanetan eta filmeetan topatzen duela dio, baina, bereziki, literaturan.

Inspirazio horretatik ateratzen dira, ondoren, gonak, blusak, soinekoak… eta emakumezko gainerako jantziak. Oraingoz ez du gizonezkoentzakorik lantzen. Hasieran asmoa bientzat egitea zen arren, konplikatua dela dio, eta koloreen aldetik, zailagoa. Oro har, gizonek ez dituztelako oso jantzi biziak eramaten eta, Ramos, horien oso zalea delako.

Datozen erronkez ere galdegin diogu. Pixkanaka-pixkanaka ekindako bideari jarraipena ematea, kolaborazioak zabaltzea eta noski, Euskal Herrian saltzea. Momentuz, Bartzelonako dendetan eskuratu daitezke bere diseinuak, baita bertan egiten diren azoka jakin batzuetan ere. Kuxkuxeroenek, hala ere, Wild We izeneko Facebookwko orria bisitatu dezakete, baita gustukoa hautatu eta erosi ere.

Bien bitartean, Zuriñe Ramos hurrengo bildumarekin pentsatzen egongo da, etengabe, dioenez, sortzailearen adimenak atsedenerako tartetik hartzen ez duelako. «Ez da ez lana, ezta hobbya ere, bizimodua baizik», dio bere ogibideaz. Eta barrenetik egiten du. •