2015/05/02

ANBROXI PONCE

Andoaingo Laborde enpresak garrantzi handia izan zuen 1926tik 1977ra, martxan egon zen artean. Gerrak ere harrapatu zuen, eta gerrara joandako gizonen tokia emakume askok hartu zuten lantokian. Anbroxi Ponce Labordera iritsi zenerako, emakume asko zeuden metalezko erremintak egiten zituen lan kate horretan.

Amagoia Mujika Telleria
Pd28_f01

«17 urte nituela hasi nintzen lanean Laborden, eta 31 urtera arte aritu nintzen. Ni iristerako emakume asko zegoen bertan lanean. Gero, ezkondu eta etxera erretiratu nintzen»

«Bagenekien gizonek baino gutxiago kobratzen genuela lan berdina egin arren. Gogoan dut nola ematen ziguten soldata sobretxo marroi batean. Garai hartan horrela ziren gauzak»

M aiatzaren lehenaren eta hiruaren artean, langileen eskubideen aldarrien eta amaren eguneko oparien begizta gorrien artean, langilea eta ama den Anbroxi Ponce andoaindarrarekin egin dugu hitzordua. Andoainen jaio zen 1945. urtean eta 17 urte zituela hasi zen lanean “Laborde Hermanos” izeneko lantegian. Metal gogorreko erremintak egiten zituzten bertan; barautsak, zerrak, zorrotzaileak...

1926 eta 1977 urteen bitartean egon zen martxan bere garaian sektoreko puntakoenen artean egondako lantegia eta arrastoa utzi du herrian; bai arkitektonikoki, «altxorra» irizten baitiote Laborderen eraikinari eta Andoaingo eta inguruko herritar askoren memorian ondo gordeta daudelako bertan lanean egindako urteak.

«17 urte nituela hasi nintzen lanean Laborden, eta 31 urtera arte aritu nintzen bertan. Ni iristerako emakume asko zegoen bertan lanean. Gero, ezkondu eta etxera erretiratu nintzen. Orduan hala egiten genuen emakume gehienek; ezkondu, lana utzi eta etxeko lanetan hasi», hasi da kontatzen. Anbroxi ez zen denbora luzean egon etxean, handik gutxira supermerkatu baten ardura hartu baitzuen Andoainen bertan. Eta hantxe aritu da lanean bizitza osoan, 60 urte zituela erretiratu zen arte. «Ni ez naiz geldirik egotekoa. Batzutan pentsatzen dut orduan etxean geratu izan banintz, dendaren proiektua hartu izan ez banu, nire bizitza oso desberdina izango litzatekeela. Pozik nago egindako aukerarekin».

1966ko uztailean egindako bideo bat ekarri digu Anbroxik, VHS formatuan. «Nik ezin izan dut ikusi etxean, dagoeneko ez daukagulako hori ikusteko aparailurik. Baina hor agertzen naiz ni, hogei eta gutxi urterekin, orgatila batekin. Zenbat barre egin genuen bideo hura grabatzen!». Guk ikusi dugu bideoa, baita Anbroxi gaztea biltegian orgatila eramanaz ere. Jaso dugunez, Laborde lantegia garrantzitsua izan zen hala Andoainen nola Estatu espainolean. Txatarratik abiatuta, zehaztasun handiko metalezko erremintak egiten zituzten katean lan eginez eta kate horretan, emakume asko egon zen urte askoan.

Lan berdina, soldata desberdina

1926. urtean martxan hasi zenean, 15 langile zeuzkan Labordek. Urtez urte, lan karga handitu neurrian, langile kopuruak gora egin zuen. Hartara, 1936ko uztailaren 17an Labordek 49 langile zituen, 32 gizonezko eta 17 emakume. Gerra zela-eta, uztaila eta iraila bitartean jarduera eten zuen Labordek, eta berriz ekin zion lanari 1936ko irailaren 12an, 12 langilerekin. 1939ko martxoan Labordek 236 langile zituen; 111 gizonezko eta 125 emakumezko. Izan ere, gizonezko askok gerrara joan behar izan zuen eta, nahiz eta sasoi korapilatsuak eta zailak izan, Laborderen ekoizpenak gora egiten segitu zuen. Hartara, emakume asko joan ziren lantegira lanera, gerrara joandako gizonek hutsik utzitako lanpostuak betetzera. Lana berdin egin arren, emakumezkoen eta gizonezkoen soldatak ez ziren berdinak izan inoiz. Emakumeek beti kobratu izan zuten gutxiago lan berdina egiteagatik.

Anbroxi 1962. urtean sartu zen lanera, lantegiaren garai onenean. Hain juxtu, 1963. urtean izan zuen Labordek langile kopuru handiena: 525; 387 gizonezko eta 138 emakumezko.

«Pozik joaten ginen lanera, giro ona genuen, gazteak ginen langileetako asko... hasieran barautsak egiteko azken fasean lan egiten nuen. Tratamendu berezi bat ematen genien, eta labera. Gero biltegian ere aritu nintzen, eta azken urteetan, harreran», kontatu du. Izan ere, eta gerra tarteko, urte askoan emakumeek ‘gizonezkoenak’ omen ziren lanak egin zituzten Laborden. «Lan antzekoak egiten genituela uste dut. Biltegian, esaterako, sei emakume aritzen ginen, eta arduraduna gizonezkoa zen. Ederki moldatzen ginen gure artean, bagenuen talde izaera», gogoratu du. Behin gerra bukatuta eta gizonezko langileen kopurua berriz igotzen hasi zenean, gauzak aldatu egin ziren. 1968. urtean Lan Ministeritzaren Gipuzkoako delegaritzak lantegiko «ohiko lan femeninoak» zehaztu zituen, argi gera zedin non lan egin zezaketen eta non ez.

Anbroxik, baina, naturaltasunez bizi zituen desberdintasunak. «Bagenekien gizonek baino gutxiago kobratzen genuela. Gogoan dut nola ematen ziguten soldata gutun-azal marroi batean. Ez naiz akordatzen zenbatekoa izaten zen, baina bagenekien gizonezkoena baino gutxiago zela. Tira, garaiak desberdinak ziren. Langileen eskubideen aldeko manifestazioetan ere lantegiko emakumeak han izaten ginen, baina ez espresuki emakume langileen eskubideak defendatzeko, langileenak orokorrean baizik».

Senarra eta biak erretiratu zirenean ere desberdintasunak ikusi zituen: «Pentsa, bizitza osoa eman dugu lan berdina eginez, baina berak erretiro hobea dauka».

Labordeko garaitik gordetzen ditu ondo pasatako uneak eta betirako egindako lagunak. «Akordatzen naiz nola joaten ginen lanera errenkadan. Andoaingoak eta ingurukoak. Inguruko herrietakoak trenez etortzen ziren Andoainera, eta gero oinez joaten ginen lantokira gehienak, gutxi batzuk motorraz... Goizetan ikustekoa zen jende ilara oinez lantegi aldera joaten. Andoainentzat eta inguruko herrientzat garrantzitsua izan zen Laborde». Langile kopuruari dagokionez, 1963 urtea izan zen Laborderen puntu gorena. Hortik aurrera, gauzak okertzen hasi ziren, eta langile kopurua murrizten. 1977 urtean, ateak itxi zituenean, 226 langile zituen; gehienak 45 urte ingurukoak, eta Laborden 15 urte zeramatzatenak.

Esan bezala, Labordeko esperientziaren ondoren, Anbroxik supermerkatu baten ardura hartu zuen. «Lau lagun neuzkan nire kargu, eta asteburuetan gehiago. Denetarik egitea tokatzen zitzaidan, baina gustura egiten nuen. Egia esan, egun osoa ematen nuen lanean, alaba ere handik bueltan ibiltzen zen askotan, eta gustura aritzen nintzen. Nire belaunaldiko emakume asko etxean geratu ziren, alabaren lagun askoren amak etxean zeuden. Berea ez, baina pozik ikusten nuen. Eta iruditzen zait batzuetan harro ere sentitzen zela bere amarekin».

Hogeita hamar urte horietan, supermerkatuko pasilloetatik barna jendarte baten aldaketa ikusi du. «Garai batean emakumeak etortzen ziren nagusiki erosketak egitera, eta gizonek dendaren kanpoaldean itxaroten zieten, gero karga eramaten laguntzeko. Zorionez, gauzak aldatzen hasi ziren, horren lekuko izan naiz, eta gero eta gizonezko gehiago etortzen hasi zen erosketak egitera. Egia da gauzak asko aldatu direla, nahiz eta oraindik asko dagoen aldatzeko. Hori ere ez da ahaztu behar». •