2015/05/02

Laura Mintegi
Sakabanaketaren jatorria eta geroa

Batzuen eta besteen armek ez dute lortu militarki irabaztea. Guda-zelaian lortu ez den garaipena, beste eremu batean irabazi beharko da orain, kontaketaren eremuan, hain zuzen ere

Sarritan sakabanaketaz hitz egiten da iraganeko hondarra balitz bezala. Esan egiten da etapa berriari ez dagokiola, gaur egungo garaietan anakronikoa dela, eta honez gero gehiegi ari dela luzatzen sakabanaketaren amaiera, egun ez baitauka inolako zentzurik.

Zoritxarrez, ez da horrela, sakabanaketa ez da iraganari soilik dagokion politika ankerra. Sakabanaketa, egun, geroko estrategiaren zutabe funtsezkoa da. Horregatik ez dago asmorik desagerrarazteko, geroko politikarako etekinak eman ditzakeelako.

Egia da oso une berezian jarri zela martxan, 1989 urtean, alegia. Euskarri teorikoa urte batzuk lehenagokoa da, 1980ko Lege Antiterroristan eta, batez ere, 1983ko ZEN Planarean, Zona Especial Norte, ezarritakoa. Lege Antiterroristaren hainbat artikulu ez-konstituzionalak zirenez, 1983ko otsailean, Jose Barrionuevo PSOEko Barne Ministroak ZEN plana diseinatu zuen Lege Antiterroristan legez kanpo utzi ziren ideiak berriz hartu eta bestelako neurriak ere gehitzeko, neurri politikoak, sozialak, legalak eta polizialak, terrorismoari aurre egiteko asmoz.

Neurrion artean, garrantzi handia eman zitzaion komunikazioari eta gizartean eman beharreko mezuari. Besteak beste, esaten zuen herritarrak konbentzitu behar zirela (eta bereziki presoen senideak) atxilotuek tratu duina jasotzen zutela.

Barrionuevok berak praktikara eraman zuen paperean idatzitakoa, 1983ko otsailaren 4an prentsan esan zuenean «Espainian, honez gero, ez dago tortura kasurik». Urte bereko urriaren 15ean Lasa eta Zabala bahitu zituzten, bere aginduz.

Bi urte beranduago, 1985ean, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen "Acuerdo Antiterrorista" izenekoa, Ardanza lehendakari izendatu eta 12 egunera. Eta, akordio hori oinarri hartuta, Espainiako alderdi gehienek Madrilgo Ituna sinatu zuten 1987an, zeinak berresten baitzuen Gasteizen adostutakoa eta bide eman baitzion Jaurlaritzari Ajuria Eneako Ituna egin zezan 1988an. Sakabanaketa hurrengo urtean hasi zen, 1989an.

Beraz, sakabanaketa ez da unean uneko erabaki arina. Plan global baten atala da, ondo diseinatua eta etekin politikoa lortzera bideratua, neurri polizial eta komunikatiboren bitartez. Lana hartu zuten, alajaina. Bi kartzeletan zeuden presoak 76 kartzeletera eramaten zituzten eta, hori gutxi balitz, kartzelen barruan modulu ezberdinetan banatu zituzten, kartzela-kopurua biderkatzeko.

26 urte pasa ostean, eta erakunde armatuak armak isilarazi dituenetik hiru urte eta erdi joan direla, askok diote honez gero ez duela zentzurik emaitzarik eman ez duen neurri krudel horri eusteak.

Arazoa, baina, zera da, Espainiak ZEN plan haren bidez irabazi nahi zuen guda ez duela irabazi. Batzuen eta besteen armek ez dutela lortu militarki irabaztea. Guda-zelaian lortu ez den garaipena, beste eremu batean irabazi beharko da, kontaketaren eremuan, hain zuzen. Presoen arloan edozein abantaila ematea, beraz, eragozpen bihur daiteke estatuarentzat, irabazle irudia bereganatu nahi duen honetan.

Estatuaren bigarren arazoa da gero eta preso gutxiago dituela kartzeletan. Beraz, daudenei zigorra luzarazi behar die batetik eta, bestetik, komandoen faltan, disidenteak atxilotu behar ditu, abokatuak, osasun arlokoak eta solidarioak. Kartzeletako okupazio maila kopuru altuetan mantendu behar du ahalik eta denbora luzeenean. Bestela, 10-12 urteko epean bakarrik 100-120 preso izango ditu, eta gehiago kostatuko zaio garaile agertzea memoriaren liburuan. Nola justifikatuko ditu giza eskubideetan egindako triskantzak, zuzenbide-estatu batean onartezinak diren legeak eta ekimenak, gaizkilerik ere ez badu kartzeletan?

Sakabanaketa ez da iraganeko hondarra. Sakabanaketa geroko estrategiaren ardatza da, irabazle itxura bereganatu nahi duen estatu ahul eta nokeatu baten hautua, bere egiari eusteko hartu duen muturreko hautua, alegia. •