Juantxo EGAÑA

Cesareo Castilla Moleda (1866-1924)

Camilo Castilla upeltegietako kupeletan ageri da Cesareo Castilla Moleda 1910. urtean jasotako autorretratuan. Bere aitak sortu zuen Goya izenarekin komertzializatutako moskatelagatik egun ere ezaguna den Corellako Bodega. Beran daude familia honen sustraiak, baina XIX. mende amaieratik 1920 arte Donostian bizi izan zen Cesareo. Argazkilaritza zuen zaletasun negozioen munduko gizon honek eta1905 eta 1919 artean egin zituen bere lan gehienak. International Photography Association elkarteko kide izan zen eta Europa eta AEBetako argazki lehiaketa ugaritan parte hartu zuen, Madrileko Arte Ederretako Zirkuluko Argazkilaritza Artistikoko lehiaketan aipamen bat ere lortuz, 1915ean. “Novedades” aldizkari grafikoan ere aurki daitezke bere lanak. Kutxa Fundazioaren esku daude, 2014az geroztik, argazkilari honen lanak.